Mikel Rodriguez historialaria: “Euskal Herrian beldurrezko literatura egiteko leku eta testuinguru aproposak dauzkagu"

hirinet 2014ko api. 1a, 11:39

Mikel Rodriguez historialari oiartzuarra “askatasuna bilatzeko” hasi zen fikziozko eleberriak idazten.

Sacamantecas y otros relatos vascos de terror antologiak lortu zuen arrakastaren ostean, Caperucita y otros relatos de terror argitaratu zuen, non errealitateak, fikzioak eta  beldurrak topo egiten duten. Bertan kontatzen dituen istorio beldurgarrien atzean dagoena ezagutu nahian, Mikelekin solas egin dugu.

 

 

Zer dela eta hasten da historialari batek beldurrezko eleberriak idazten?

 

Askatasuna bilatuz. Makien, euskal espioien edo Bigarren Mundu Gerran borrokatu zuten gudarien inguruan idazten nuenean, gertaera historikoek eta objektibotasunak asko mugatzen ninduten. Eta azkenean, beti “onak” (edo “txarrak”) garaile ateratzea aspertu ninduen. Horren aurrean, fikzioa idazten dudanean aske naiz nor salbatzen den eta nor ez erabakitzeko.

 

 

Zergatik nahastu dituzu fikzioa eta errealitatea?

 

Euskal Herrian benetan interesgarriak diren testuinguru historikoak dauzkagu: XVII. mendeko sorgin-ehiza, III. mendeko villa erromatarren suntsiketa, Durangoko heretikoak… Baita leku harrigarriak ere: Gueñeseko ‘Sorginen jauregia’, Baltzolako kobazuloa edo Hendaiako gurutzea… Hauek guztiak beldurrezko literatura egiteko leku eta testuinguru aproposak dira.

 

 

Sacamantecas y otros relatos vascosde terror zure fikziozko lehen eleberria izan da. Nolakoa zen Gasteizko pertsonaia?

 

 

Juan Diaz de Garaya, sacamantecas deitua, prostitutak hiltzen zituen serie-hiltzailea izan zen. Jack tripa ateratzaileak erabiltzen zuen modus operandi antzekoa erabiltzen zuen. Zoritxarreko ospea duen Aitzkomendiko trikuharritik gertu jaio zen. Bere epaiketa oso interesgarria izan zen, bertan antzinako superstizioak darwinismoaren teoria zientifikoekin nahastu ziren, baita Lombroso kriminalistaren teoria sasizientifikoak ere. Berez, Garayo naturaren inboluzioa izan zitekeela iradoki zuten, XIX. mendean jaiotako kobazuloetako gizona, hain zuzen.

 

 

Oraingoan Caperucita y otros relatos de terror aurkeztu duzu. Zer aurkituko du irakurleak antologia berri honetan?

 

Liburua Euskal Herrian erromatarren garaitik gaur egun arte giroturik dauden beldurrezko zortzi kontaketaz osatuta dago eta gizotsoak, lamiak, sorginak, anima erratubac-ak eta banpiroak bezalako protagonistak ditu. Horrez gain, pertsonaia errealak ere agertzen dira, hala nola, Juan de Albret erregea, Pio Baroja, Martina Ibaibarriaga edo Jean Laffite pirata. Finean, ahozko beldurrezko tradizioa eta generoaren mito unibertsala sustatzeko saiakera bat da; Poe, Stocker edo Lovecraft.

 

 

Zein da, egotekotan, Sacamantecas eta Txanogorritxuren arteko konexioa?

 

Egon badago konexioa, baita jarraikortasuna ere. Sacamantecas argitaratu zenean irakurle askok gure kontakizunetarako gai berriak iradoki zizkiguten eta, besteak beste, Urtubiako andrea, Sacamantecas edo Arrazubiako Viviana protagonistak izango zituzten istorio gehiago eskatu zizkiguten. Hori dela eta, liburu berri honen helburua eskaera hauek guztiak asetzea izan da.

 

 

Sacamantecasospetsuaz gain, ba al dago Araban beldurrezko pertsonaiarik?

 

Sacamantes-ekbeste guztiei itzala egiten die, baina Goiuri jauregian hormatartekatutako emakumea edo Olagibel kaleko Espainiako Gobernuaren Azpiordezkaritza kokatzen den eraikineko fantasmak, esaterako, oso interesgarriak dira.

 

 

Zer gertatu zen, bada, leku hauetan?

 

70ko hamarkadan gazteak noizbehinka Goiuri jauregira sartzen ziren ouijara jolastera. Askotan gazte hauek ziztu bizian ateratzen ziren bertan egiten zituzten espiritismo saio horietatik, “presentzia” oso nabarmenak sentitzen zituztelako. 1982 urtean eraikina berritzeko lanak egin zituzten eta bi hormen artean hormatartekatuta zegoen emakume bat topatu zuten. Istorio honekin Elizabeth Bàthory kondesari gertatu zitzaiona burura datorkit. Emakume hau, sorginkeria leporatuta, hormatartekatu zuten enperadorearen aginduz. Goiuriko komunak Gasteizko garbienak direla diote, gutxi baitira sartzera ausartzen direnak.

Olagibel kaleko Espainiako Gobernuaren Azpiordezkaritza edo polizia-etxean kokatzen diren eraikinean, berriz, ume baten mamua bizi dela diote. Izan ere, mamu honen sikofoniak grabatu dira eta youtuben bideo bat aurki daiteke. Segurtasun-zaintzaileek hainbat aldiz aurkitu omen zuten egunsentian baina ez ziren ondo deskribatzeko gai izan. Esaten dutenaren arabera, zerbait gertatu zen orain dela hainbat mende San Frantsizko komentuan, egun azpidelegaritza kokatzen den orubean, hain zuzen.

 

 

Otxate herriari dagokionez, aldiz, zer konta diezagukezu?

 

Historialari bezala, ezer gutxi; herri madarikatu honen inguruko kondaira iruzurra delako. Antza denez, XVI. mendean bertako biztanle guztiak izurritearen ondorioz hil egin ziren, baina harrez geroztik XIX. mendean eman ziren desagerpenak ez ziren benetakoak izan. Hala ere, jendez hustuta dagoen herria sikofoniak eta gertakari paranormalak maite dituztenen santutegi bilakatu da. Hori dela eta, beldurrezko kontakizunak kokatzeko leku aproposa da.

 

 

 

Zure liburuen arrakasta ikusita, euskaldunok beldurrezko istorioak gustuko ditugula esan daiteke?

 

Bai eta gainera, asko gustatzen zaizkigu. Dena den, baieztapen honen atzean ez daude nire liburuak, izan ere, asko dira genero honekin zerikusia duten faktoreak, hala nola,  Donostia eta Bilboko beldurrezko zinemaldiak, beldurrezko istorioak gure lurraldean kokatzen dituzten H. P. Lovercraft edo R. E. Howard atzerriko idazle ospetsuak, Hevenday edo Terbi izeneko beldurrezko eta fantasiazko generoen tertuliak, etab. Laburbilduz, izuak bi belaunaldiren bueltan dauzkagu eta hortaz, oraindik usaindu dezakegu beldurra. Hauxe dugu arrakastaren sekretua.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide