Errigora, Nafarroa hegoaldeko euskara eta bertako ekoizleak babesteko ekimena

hirinet 2013ko aza. 8a, 01:00

ErrigoraErrigora Euskal Herria lurzoru eta elkarlana lanabes dituen proiektuak ‘Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka’ udazkeneko kanpaina abian jarri du.

Errigora Nafarroa hegoaldeko “zona no vascofona” izendatua du ardatz eta bere helburuak dira, bestea beste; eskualde honetako produktuei Euskal Herriko plazan bidea ematea, elikadura subirautza bultzatzea eta horrekin batera, “zona no vascofona”ko euskalgintzari bultza ekonomikoa ematea. Horretarako, hango produktuak Euskal Herrian zabalduz, etekin ekonomikoaren zati bat zonalde horretako euskalgintzara bideratzen da.


Ekimenaren asmoa argia dute sustatzaileek; “Zergatik urruneko produktuak kontsumitu etxean bertan edukita? Ba horixe, berton bertokoa, eta kalitate ezin hobekoa gainera!”. Hori dela eta, Erriberako produktuez osatutako saskiak salduko dira Euskal Herrian zehar. “Elikagai batzuk ekologikoak izango dira beste batzuk, ordea, ekoizpen konbentzionalekoak, baina guztiak kalitate onenekoak”, argitu dute. Udazkeneko kanpaina hau zabalena izango da, baina ez bakarra, udaberrian ere antzekoa jarriko baitute martxan.


Egitasmo hau 2012an jarri zen martxan, Zazpiak Bat Harreman Sarearen ekimenez. Kasu hartan Ikastolen Elkartearekin batera garatu zen proiektua eta abian jarri zuten kanpainari esker Argia ikastolara 34.000 euro bideratzea lortu zuten. Oraingoan, proiektuak nortasun eta antolakuntza propioa behar zituela ondorioztatu ostean, Zazpiak Bat Harreman Sarearen egitasmo honi ERRIGORA izena eman zioten.


Udazkeneko kanpaina hau AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartea eta Zazpiak Bat Harreman Sarearen elkarlanaren emaitza da. Horrez gain, ekimena sare erara funtzionatzen duenez, Euskal Herriko txoko ezberdinetako herritarrek, udalek eta enpresek ere laguntza emango dute.


Errigora saskia

errigora_saskiaLotearen osagaiak: Olio botila bi (bat ekolojikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa) , Potxak , Kardoa, Borraja, Orburuak, 2 zainzuri lata, Tomate-pikillo saltsa (ekologikoa) eta Barazki krema (ekologikoa).


Saskiaren salneurria: 50 euro (saski berdina merkatuan erosi ezkero ere 50 eurotako salneurria izango luke. Alabaina, kasu honetan herritarren lan bolondresak egindako bitartekaritzak, %25 euskarari bideratzea errealitate bihurtzen du).


Eskaria egiteko azken eguna: AZAROAK 14 

Eskaria AEKren euskaltegietan egin ahal duzu eta saskia bertan jasoko duzu.

 

 

 

 

 


 


Informazio gehiago: Errigora (facebook) eta Gasteizko Aek

 


 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide