Raul Palomares: “Txakurren eta hiritarren arteko bizikidetasuna lortzeko txakurren jabe arduratsuak behar ditugu”

hirinet 2013ko eka. 25a, 14:20

txakurrak-hirianHaziak programaren baitan, Raul Palomares txakur hezitzaileak hiru proposamen interesgarri dakarzkigu: txakurrekin elkarbizitzeko gomendioak eskainiko dituen hitzaldia eta gure txakurrekin ondo pasatzeko hiru tailer dinamiko. Ekintza hauen nondik norakoak, txakurren jabeen eta hiritarren arteko harremana eta txakurren gaineko udal araudi berria izan ditugu hizpide txakur hezitzaileari egindako elkarrizketan.

 

Zer jorratuko duzu hiru tailer hauetan?

Lehenengo tailerrean Alde Zaharretik paseoan ibiliko gara gure txakurrekin eta hiriko toki honetan gure txakurrekin ibiltzeko eta disfrutatzeko gomendioak emango ditugu. Beste bi tailerretan, aldiz, gure maskotekin jolasteko tresna eta ekintza alternatiboak aztertuko ditugu. Ohiko jostailuak ez ezik, badira gure txakurra estimulatzeko moduak, hala nola, sudurrarekin egindako jolasak.


txakurrak-hirian2Izan ere, tailer hauetan txakurrarekin hirian elkarbizitza errazteko gomendioak emango dituzu. Gai polemikoa dugu hau, askotan liskarrak sortzen baitira txakurren jabeen eta txakurrak gustuko ez dituzten hiritarren artean. Nola lortu daiteke bizikidetasun baketsua?

Azken urteetan txakurren kopurua handitu da hirian eta horrekin batera, bizikidetasunerako eta harmoniarako giroa sortzeko beharra. Asko dira egoera honek eragiten dituen arazoak: txakur arriskutsuei beldurra, hainbat txakurren jabeen sentsibilizazio falta dela eta sortzen den zikinkeria, etab. Hortaz, honen guztiaren gaineko gomendio minimo batzuk behar dira, zalantzak argitzeko leku bat eta finean, jabeei eta baita hiritarrei ere zuzendutako doako eskaintza bat, beste hainbat arloetan ikastaroak egiten diren moduan.

Horrez gain, txakurrak modu positiboan hezteko formakuntza eskaini behar dela uste dut, zigorrean oinarritutako teknika tradizionalak alboratuz.

Bizikidetasun baketsua lortzeko jabeekin lan egitea ezinbestekoa da. Jabe arduratsu bihurtu behar dira, txakur bat zer den transmititu behar zaie, txakurrek mundua nola ikusten duten, nola garatzen diren eta euren motibazioak zeintzuk diren azalduz. Modu honetan, txakur orekatuak lortuko ditugu eta normalean txakur hauek ez dituzte arazoak sortzen. Txakur orekatuak ez dira erasokorrak izaten eta jakina, txakur orekatu bat ez da hiritarrentzat arrisku bat izango.


Ona al da txakurrak hirian bizitzea?

Honen inguruan uste faltsu bat dago eta askotan pentsatu ohi da animalia hauek korrika egiteko zelai zabalak behar dituztela. Ez da beharrekoa. Arraroa da txakur bat bakarrik korrika egiten ikustea. Herrietan bizi diren txakurrak begiratzen baditugu, konturatuko gara eguzkia hartzen egoten direla, gutxi mugitzen direla eta normalean ez dutela pilotarekin jolasten edo bizikleta batean atzean korrika egiten.

Txakurrak txakurrak izan behar dira eta horretarako txakurrek egiten dituzten gauzak egin behar dituzte. Hortaz, arazorik gabe bizi daitezke hirietan eta pisuetan. Ez dugu ahaztu behar txakurrak animalia taldekoiak direla, hots, familian bizitzea gustuko dute. Ni, esaterako, Aiztogile kalean bizi naiz nire txakurra Kalarekin (Gasteizko hiri-inguruan ere bizi izan naiz) eta txakurrari Alde Zaharra gustatzen zaio; beste lekuetan baino usain mota ezberdin gehiago dago. Jabe arduratsuak garen heinean, gure txakurraren ongizateaz arduratzen bagara eta mota horretako estimuluak kudeatzen laguntzen baldin badiogu, gure txakurra edonon izango da zoriontsu. Eurek nahi dutena ez da korrika egitea edo bizikletan ibiltzea, gurekin egotea baizik. Gainera ez dugu ahaztu behar dagoeneko 15.000 urte daramatzatela gurekin.


Udalak onartuko duen txakurren gaineko araudi berriak hiriko hainbat guneetan bakarrik baimenduko du txakurra aske eramatea. Zer iruditzen zaizu neurri hau?

txakurrak-hirian3Pertsonentzat egindako neurria da eta ez du inolaz ere txakurraren ongizatea kontuan hartzen. Nire ustez, txakurrei txakurrak izaten uzten ez badiete, hirian gizakia eta txakurraren arteko bizikidetasunak ez du inoiz funtzionatuko. Arauak eta zigorrak ezartzea ez da konponbidea. Nire aburuz, txakurren jabeei jabe arduratsuak izateko tresnak eman behar zaizkie, euren txakurrak ondo zaintzeko eta hirian behar bezala maneiatzeko. Hauxe da, hain zuzen, Haziak programarekin lortu nahi duguna.

2010ean, esaterako, Ibaiondog izeneko programa garatu nuen Ibaiondo Gizarte etxean eta bertan, bi astez, txakurrekin zerikusia zuten ekintza anitz egin genituen. Oso balorazio positiboa egin genuen eta agerien geratu zen txakurra eta hiritarraren arteko harmonia posible dela. Hau da, hain zuzen, Haziak programaren baitan egingo ditudan ekintzetan lortu nahi dudana, hots, harmonia sozial hau lortzeko alternatibak ematea.


Ohiko jolasak ez ezik, txakur bat estimulatzeko modu ezberdinak daudela azalduko duzu tailer batean, hala nola, sudurra erabiltzen. Zeintzuk dira, bada, jolas hauek?

Txakurrentzat sudurra funtsezkoa da munduko gauzak hautematerakoan. Dena usaintzen eta ikertzen dute sudurrarekin. Makina bat jolas dago euren usaimena estimulatzeko. Niri asko gustatzen zait altxorraren bila jolasa; pentsu edo janari zati txikiak hartu eta lurretik bota, txakurrak bila ditzan. Modu honetan, lortuko dugu bere usaimena estimulatzea.

Tamalez askotan txakurra zerbait usaintzera gelditzen denean ez diogu uzten eta aurrera jarraitzera behartzen dugu eta berarentzat interesgarria diren gauzak usaintzea eta ezagutzea ekiditen dugu.

Egun, asko dira merkatuan txakurrentzat aurkituko ditugun jolas interaktiboak: txakurrentzako puzzleak, Kongs…Dena den, niri batez ere norberak egindako jostailu estimulagarriak gustatzen zaizkit eta Haziak programan tailer bat egingo dugu mota honetako jostailu merke eta osasungarriak egiteko. Horrela, material ezberdinak (arrautza-ontziak, plastikozko botilak…) berrerabiliko ditugu jostailu interesgarriak egiteko. Gainera, sortuko ditugu jostailu hauekin txakurrek ez gaituzte behar eta eurek bakarrik jolastuko dute.


Askotan txakurrak eta oro har, etxeko animaliak pertsonak izango balira bezala tratatzen ditugu. Ona al da?

Antropomorfismoak kalte izugarria egin dio txakurraren munduari; berezko ez dituzten jarrerak izatera behartzen ditugu txakurrak eta gauza tamalgarriak egitera behartzen ditugu. Ez dugu ahaztu behar txakurra txakurra dela eta mundua ikusteko berezko modua baduela. Hau da, ez dituzte musuak edo jelosia gu bezala ulertzen,  ez dute ulertzen guk esaten duguna, eurentzat naturala da zaunka egitea, zaborra usaintzea….

Giza emozioak eurei egokitzen saiatzen gara etengabe baina konturatu behar gara emozio hauek ez direla txakurrenak, hortaz, ez dira jeloskorrak, ez dakite gure usaina duen ohe ‘goxoa’ ezin dutela erabili….

Txakurraren ikuspuntutik begiratu behar dugu eta horrela errazagoa da gure txakurra ulertzea eta gure elkarbizitza eta harremana hobetzea. Beraz, txakurra ez da pertsona bat eta ez du pertsona moduan pentsatzen. Ez diegu hainbeste eskatu behar!


Txakurrekin edo katuekin bizitzea osasungarria dela diote hainbat ikerketek. Egia al da?

Asko dira hori baieztatzen duten ikerketak. Izan ere, etxeko animaliekin ariketa fisiko gehiago egiten da, gaitasun kognitiboak (memoria, ohiturak, ordutegiak…) hobetzen dira, kanpoko giroan arreta gehiago jartzen dugu, autoestimua, afektibotasuna eta sentimenduen adierazpena hobetzen dira, leialtasuna eta zintzotasuna bezalako baloreak suspertzen dira, norberaren eta besteenganako erantzukizuna handitzen da, umore ona, entretenimendua eta gure harreman sozialak suspertzen dira, etab… Baina animaliek aipatutako onura guzti hauek emateko gakoa tratu etikoan dago. Modu etikoan tratatzen dugun animaliak onura asko emango ditu, baina beldurtuta edo estresatuta dagoen txakur batek ez du horrelako eraginik izango. Hortaz, funtsezkoa da merezi duten tratua ematea.

Hala ere, ez dugu pentsatu behar animalia bat hartzea panazea denik; ezin ditugu animaliak erabili gure gaitzak sendatzeko. Hortaz, giro egokia sortzeko gai garenean, orduan hartuko dugu animalia eta aipatutako onura horiek emateko gai izango da.


txakurrak-hirian4

 


Informazio gehiago- Dog Station


Ekainaren 25ean

Hitzaldia:  Dog Station, Nire txakurra eta biok elkarbizitzen

Ekainaren 26an

Dog Station: Txakur ibilbidea. Beste begirada batekin hirigunea ezagutzea

Uztailaren 3an

Dog Station: Nire txakurrarekin jolasean

Uztailaren 10ean

Dog Station: A ze azkarra den nire txakurra!

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide