Gorka Julio: "Trantsizio egoera batean gaude eta hauetan badago beti eraldaketa prozesuak gure mesedetara jartzeko aukera"

hirinet 2013ko eka. 4a, 17:55

gorka-julio‘Sare sozialak eta gizarte aldaketa’ izenburupean, Gorka Julio informatika ingeniari teknikoak hitzaldia eskainiko du ekainaren 5ean, Judimendiko auzo elkartean. Teknologia eta interneten aditua da, Gorka Teketen.com blogaren sortzailea, hactibista eta web garatzailea dugu. Horrez gain, Berria, Hala Bedi eta Euskadi Irratia bezalako hedabideen kolaboratzailea da.


‘Sare sozialak eta gizarte aldaketa’ da hitzaldiaren izenburua. Nola eragin dute, bada, sare sozialek egungo gizartean?

Hitzaldia sare sozialen analisitik abiatzen da, ez interneteko sare sozialetik. Gizartea egituratuta dago eta sare bat bezala ikus daiteke. Hitzaldia hasteko, egun interneteko sare sozialek bistaratu duten sare sozialen analisi horretan sakondu dugu; tresna horiek zergatik izan duten horrenbesteko arrakasta eta zein den hauen oinarria. Hau da, gizartea sare sozial handi bat da; tabernak, familia, lagunak eta bai gizartea bera. Analisi hau balioko du gero interneteko sare sozialak ulertzeko eta sare hauek ekarri duten aldaketa garrantzitsuenetarikoa beste era bateko komunikazioa ahalbidetu dutela ikusteko; jarioan aritzearena, alegia, lehen ez zegoen edo gutxi lantzen zen komunikazio mota bat. Badaude komunikazio mota ezberdinak: komunikazio elkarreragilea (telefono bidezko komunikazioa, adibidez), komunikazio zuzena (email bidezkoa, adibidez, zeinaren bitartez zuk mezua bidaltzen duzun baina erantzuna ez duzu momentuan jasotzen) eta azkenik, jarioan aritzea. Sare sozialek komunikazio mota hau erabiltzeko aukera eman digute eta honen bitartez, zuk mezu bat zabaldu eta besteen inpaktuak jasotzen dituzu. Horrela besteek egiten dutena ezagutu dezakezu eta zenbait kasutan sakondu dezakezu. Baina jario hori hor dago, zuri etengabe joka. Honekin, mezua sortzeko eta zabaltzeko tresna ikaragarria sortu da.


Teknologia berriek, beraz, gizartea eta gizabanakoak aldatu dituzte. Onerako edo txarrerako?

Alde batetik, aldaketa gertatzen ari da baina ez da bakarrik interneteko sare sozialak direla eta. Aldaketa interneten ondorioa da. Hau da, sareek hiru egitura nagusi izaten dituzte: egitura zentralizatua (kontrola duen nodo bat dago eta gizartera eramanda diktadura bat izan daiteke), egitura deszentralizatua (ez dago nodo zentral bakarra, baina erabakigune diren nodoak daude, autonomia estatu bat bezala) eta azkenik, sare banatua. Sare banatua internet bera da. Interneten mila bide daude komunikazioa eta informazioa leku batetik bestera igarotzeko. Zer gertatzen ari da orain? Bada, internet gailentzen ari den momentu honetan, orain dauden egitura sozialak aurreko egituretara lotuta daudela. Hau da, gure gizartea telegrafoaren eta telefonoaren sarera egitaratua dago. Orain Internet hori gainditzen ari da eta egitura sozialak horretara moldatzen ari dira  eta moldatzen ari gara.  Orain ustez bururik ez duten mugimenduak ikusten ditugu, alderdi politikoetan beste motatako egiturak ematen hasi dira, mugimendu sozialak moldatzen hasi dira, merkataritzan gauza berriak sortzen ari dira…


Orain trantsizio batean bizi gara, egitura sozial horiek desegonkortzen ari dira eta sortuko den gizarte berria nolabait interneti atxikituagoa dago egitura bezala. Horregatik, momentuan gauza batzuk ez ditugu guztiz kontrolatzen eta zaila egingo zaigu sentitzen ditugun sentsazio horiek (informazio jario handia dagoela, agobiatzen garela…) onak edo txarrak diren esatea. Aldaketa egongo da eta moldatzen ikasi behar dugu.


Hortaz, nahiago dut esatea onak direla baina hobeto jakin behar dugu zer dagoen horien atzean. Interneteko sare sozial handi hauetan badaude interes asko eta interes horiek ezagutu behar ditugu, gero erabakitzeko (pribatutasuna, datuen eta informazioaren kudeaketa…) zer gauza onartuko ditugun ala ez. Kritikotasun positibo batean kokatuko nuke, beraz, hitzaldia.


Teknologiak gizartea eraldatzeko aukera ematen du. Baina nola?

Nik uste dut aukerak ematen dituela baina internetek eta teknologiek bakarrik ezin dituzte gauzak aldatu. Internet gabe eraldaketa prozesua ematea zailagoa izango da, ematen dituen komunikazio ahalmenak direla eta. Interneteko sare sozialen erabilpen irudimentsu asko dago, ez bakarrik sare sozialak. Blogak esaterako, eduki eta sormen aldetik garrantzizkoak diren tresnak dira eta beste agenda posible bat sortzen dute, oparotasun bat sortzen da.


Azken finean, Facebook eta Twitterren zabaltzen dena edukia da baina edukia lotura moduan. Orduan, eduki sortzaileak nortzuk dira? Gu ez bagara edo blogariak ez badira,  hedabideak dira eduki sortzaileak eta hor zalantza bat planteatzen da, ez ari ote garen berriro elkarrizketa bat hedabide zaharretara zentralizatzen. Hau ere kezka bat da.


Eraldaketarako, beraz, milaka ekintza irudimentsu egin daiteke, adibidez, Twitter edo Facebook bidez, baina batez ere mezuaren hedapenerako. Sormenerako beste tresna batzuk behar dira. Hortaz, Interneteko sare sozialak baino, Interneta bera da interesgarria. Analogia bat egiten, gizarte asko da teknologia edo komunikazio tresnaren arabera egituratzen da. Telegrafoak, esaterako, kapitalismoa egituratzea eta kapitalismoak egitura global bat edukitzea ekarri zuen, munduko burtsak lotu zituelako. Baina aldi berean, horren ondorioz, langileak egituratu behar zirela konturatu ziren eta I.Internazionala sortu zen. Deigarria da baina telegrafoak zeuden herriak dira, batez ere, alderdi sozialistak eta komunistak egituratzen hasi ziren lekuak. Eta hori egun interneten ematen ari da, sare banatuen munduan, hain zuzen. Eta hor aprobetxatu behar dugu. Trantsizio egoera horietan badago beti eraldaketa prozesuak gure mesedetara jartzeko aukera.


Euskarari, esaterako, zertan lagundu ahal dio teknologiak?

Lehenengo presen izan behar dugu izan nahi dugula eta izan nahi duguna islatu behar da. Internet oso baliogarria da euskararentzat, aukera handiak eman ditzakeelako, adibidez, komunitateak sortzeko, lehen ezinezkoak ziren harremanak sendotzeko, edukiak sortzeko, elkarlana sustatzeko Adibidez, software librearekin ondo ikusten da. Izan ere, euskaraz  software librea, hiztun kopuruarekin konparatzen badugu, estatistikoki oso ondo kokatuta dago, baita wikipedia ere, eta elkarlanean egiteko gauza asko Interes komertzialak askotan ez dira euskararaino iristen, hiztun komunitate txikia garelako, baina elkarlanean eta elkarlan hori posible egiten duen interneta horri esker ekimen horiek aurrera egiten dute. Horregatik dauzkagu euskarazko software libre asko eta ez da norbaitek interes ekonomikoengatik egin duelako. Beraz hor dago abantaila. Batzuetan interes komertzialetatik iristen ez diren gauzak posible egiten dira elkarlanaren bidez eta elkarlan hori internetek egiten du posible askotan.

 

 






ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide