Koldo Mitxelena institutua, 25 urte

hirinet 2013ko mai. 23a, 12:30

koldo-mitxelena-urteurrena-2013a ospakizun urtea izaten ari da Koldo Mitxelena institutuarentzat, izan ere, aurten 25 urte bete ditu. Arabako D ereduko lehenengo institutu publikoa izan zen; bi gelarekin hasi eta egun 700 ikasle biltzen dituena, hain zuzen. Urteurrena ospatzeko ekintza anitz antolatu dituzte, besteak beste, maiatzaren 25ean egingo den Urteurren jaia. Honetaz guztiaz mintzatzeko, Alicia Epelde Koldo Mitxelena institutuko zuzendaria eta Iker Gordobil ikasle-ohia eta irakaslearekin hitz egin dugu.

 

1987.urtean guraso talde batek euren seme-alabek batxiler ikasketak euskara hutsez burutu ahal izateko ahaleginak egin eta Koldo Mitxelena institutua abian jarri zen 1988/89. Ikasturtean. Nolakoak izan ziren hastapenak?

Alicia Epelde: Hastapenak ez ziren batere errazak izan. Guraso talde horrek Administrazioaren kontra borrokatu behar izan zuen beraien seme-alaben eskubide linguistikoak bermatzeko eta gero institutua abian jarri zenean irakasleek material berri asko sortu behar izan zituzten garai horretan euskaraz zegoen materiala oso urria zelako.


Hasiera batean bi klase besterik ez zeuden. Egun, aldiz, 700 ikasle inguru ditu institutuak. Nola aldatu da 25 urte hauetan irakasle eta ikasleen arteko harremana?

A.E.: Hasieran ikastetxea txikia zen, 60 ikasle besterik ez zegoen eta ikasle eta irakasle guztiek elkar ezagutzen zuten. Esan dezakegu giro familiarra zegoela. Gaur egun, zuk aipatu duzun bezala, institutua asko handitu da. Ikasleen adinak (12 eta hogeitapiku bitartekoak ditugu) eta beraien interesak, oso desberdinak dira. Aldi berean 80 irakasle inguru ditugu eta askok etapa bakar batean (DBH, Batxilergo eta Heziketa Zikloak) egiten dute lan. Egoera hauek irakasle eta ikasleen arteko harremanak baldintzatzen dituzte, baina nik esango nuke harreman nahiko gertuak ditugula.


Lehen gurasoen inplikazioa erabatekoa zen. Egun ere horrelakoa al da?

A.E.: Orokorrean, eta hau ez da bakarrik gertatzen gure ikastetxean, gurasoen parte-hartzea bigarren hezkuntzako ikastetxeetan nabari gutxitzen da. Dena dela, Koldo Mitxelenan beti dago guraso talde bat lan egiteko eta gauzak aurrera ateratzeko prest.


Iker, Koldo Mitxelenako ikasle-ohia eta egun bertako irakaslea zara. Nola ikusten dituzu gauzak orain?

Iker Gordobil: 25 urteetako ibilbidea nabari da, funtzionamenduan, lan giroan… Nire lehenengo urtea da ikastetxe honetan eta edozein zalantza sortzen zaidala, beti dago lankideren bat aurretik bizi izan duena antzeko egoeraren bat eta bide posibleren bat azaltzen didana.

Aldea handia da, oso. Irakasle moduan %100era egon behar duzu uneoro, gelako giroa nahasia denean edo larregi lasaia dagoenean. Batik bat ikasle nagusienekin zaila da haien gora-beherekin gertutasuna ez izatea, ikasle ohi horren zati bat izaten jarraitzen dut. Oro har, egungo ikasleria formalagoa da gure garaikoa baino.


Koldo Mitxelena institutuari, batez ere hastapenetan, ‘gatazkatsua’ izatearen fama egokitu zitzaion, baina urteen poderioz, gauzak aldatu dira, ezta?

I. G.: Argi dago horrelako fama izan duela, baina nire ustez, norbaitek gatazka sortu bazuen Hezkuntza Saila izan zen, Araban bigarren hezkuntza euskalduna garatzea nahi ez zutelako edo interesatzen ez zitzaielako. Gaur egun “normalizatuagoa” dago hezkuntza euskalduna ikastetxe publikoetan. Nire belaunaldiko OHO-ko (egungo Lehen Hezkuntza) ikaskide batzuk erdaldun institutu bategatik egin zuten hautua eta orain, unibertsitatetik pasatu eta gero, euskara galdu dutelako, beraien aukeraketaz damutzen direla aitortu didate.

A.E: Elkarbizitza gure zutabeetako bat da. Ikastetxea gizarte txiki bat besterik ez da eta beraz gizartean dauden konflikto eta gatazkak ikastetxean ere sortzen dira. Askotan kanpotik ikusten baduzu, gatazka bat baldin badago arazo bat dagoela pentsatuko zenuke. Guk beste era batera pentsatzen dugu. Gatazkak ez dira beti negatiboak eta gatazka baten aurrean guk aukera bat ikusten dugu, bai ikasleak hezteko, baita gure burua hezteko ere eta guztiok zer edo zer ikasteko.


Izan ere, aurrera begira, hiru erronka nagusi ditu ikastetxeak: euskaren normalizazioa, teknologia berrien aldeko apustua eta Bizikidetza plana.

A.E: Ikastetxea jaio zenetik euskara gure ezaugarririk nagusia izan da, nolabait esateko gure DNAn txertatuta dagoen ezaugarria. HNP programatik lan egiten dugu ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta motibazioa sustatzeko.

Lehen aipatu dudan bezala, elkarbizitza gure beste zutabe bat da. Sinesten dugu gatazkek ikasteko aukera paregabea eskaintzen digutela eta irakasleak hezitzaileak garela. Hori dela eta, Bizikidetza Plana urtero eramaten dugu aurrera. Bertan Eskola Komunitatearen partaidetza ezinbestekoa da.

Teknologia berriei dagokienez, ikastetxea aspalditik hasi zen gaia jorratzen. Ahalegin handiak egin ditugu gure baliabide teknologikoak hobetzeko eta irakasleen formakuntza sendotzeko. IKT Ikastetxe Ereduko lehenengo perfila lortu genuen eta momentu honetan bigarrena lortzeko bidean gaude.


25.urteurrenaren ospakizunetan murgilduta zaudete. Aste kulturala ospatu berri duzue eta martxoan, esaterako, ‘Eskola Publikoa: ilusioa berpizten’ mahai-ingurua antolatu zenuten. Garai hauetan eskola publikoaren aldeko ilusioa berpiztea posible al da?

Garai zail eta korapilatsuak bizitzen ari gara baina ilusioa berpiztea ezinbestekoa da. Eskola Publikoak kalitatezko hezkuntza eskaintzen du eta bide horretatik jarraitu behar dugu. Gure agintarie jakinarazi behar diegu gure Hezkuntza Publikoa guztion artean mimatu eta babestu behar dugula gizartearen zutaberik garrantzitsuena baita, eta jakina zutaberik gabe gizartea zutik ezin izango du jarraitu.


Horrez gain, 25 urte hauetan ikastetxetik pasa diren ikasleak elkartzeko ospakizuna antolatu duzue, ezta?

Maiatzaren 25erako jaialdi bat antolatu dugu. Bertan kirola, Dantza Plaza, kontzertuak eta herri bazkari bat izango dugu. Ekintza guztien jarraipena eta Eskola Komunitateko ekarpenak web orri batean eta ateratzea espero dugun bideo batean jasotzen ari gara. Horretaz aparte, aldizkari berezi bat, ikastetxeko historia jasotzen duena argitaratuko dugu.



Informazio gehiago: Koldo Mitxelena 25 urte

 


 


 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide