Ofentsiba globala ura konkistatzeko

hirinet 2012ko aza. 20a, 09:17

ur-tanta

Hamarkadetan zehar multinazionalak, eskuineko alderdiak eta Europako Komisioa bezalako nazioarteko erakundeak saiatu dira uraren pribatizazioa bultzatzen. Hala ere, planeta osoan, ur zerbitzuaren jabetzak eta kudeaketak esku publikoetan jarraitzen du oraindik munduko hiri handienetako %90ean baino gehiago. Proportzio hau handiagoa da oraindik ere hiri txiki eta nekazal guneetan.

Are gehiago, kudeaketa berriro udalen eskura itzultzea soluzio bilakatu da pribatizazioak jasan zituzten hiri askotan, sektore pribatuaren emaitza txar, inbertsio eskas edo hutsal eta prezioen gorakada ikusita. Urrunera joan gabe, 2010.urtean ur kudeaketa publikora itzultzea erabaki zuten Parisen, 25 urtez esku pribatuetan izan ondoren. Itzuli izanaren efektuak berehala nabarmenak izan dira, eta hiriburu galiarraren uraren prezioa jaitsi da jada.

2004.urtean Estatu frantsesean egindako ikerketen arabera, kudeatzaile pribatuen salneurriak publikoenak baino %16 garestiagoak ziren. Txilen, Estonian edo Australian, esate baterako, kudeatzaile pribatuei zigorrak ezarri zitzaizkien gehiegi kobratzeagatik. Munduko Bankuaren Taldeak argitaratu berri duen txosten berri batek ondorio hau dakar ur eta elektrizitate banaketaz: "Kudeatzaile pribatuek irabaziak bereganatu egiten dituzte, kostuen aurrezkia kontsumitzaileari banatu gabe".

Krisiaren babesean, uraren pribatizazioaren aldeko ekimenak indarra hartu du, finantza-laguntza jaso ahal izateko erreskatatuta edo kontrolpean dauden estatuei “troikak” inposatutako baldintzen artean izatera heldu delarik, Grezian eta Portugalen gertatu den bezala. Inposaketa baita uraren azpiegiturak pribatizatu ahal izateko bide bakarra, dirua lortzeko modu azkarra delako argudioa erabiltzen, eta epe ertain edo luzera zerbitzuaren kalitatea nolakoa izango den erreparatzeari uko egiten.

Estatu espainiarraren kasuak arreta berezia merezi du. Udal baliabideen faltak eta indarrean dagoen legediaren ahulkeriak enpresa pribatuen presioari arnasa ematen diote. Estatuaren administraziopean dagoen lurraldean, uraren kudeaketa pribatizatu egin da jada tamaina orotariko hainbat hiritan, eta Madrilgo Isabel II.aren Kanala (6.000.000 biztanle) edo Bartzelonako Aigües Ter-Llobregat delakoa (5.000.000 biztanle) pribatizatuko balira, ur pribatuak nagusitasun ia osoa lortuko luke lurralde horretan. Nagusitasun horrek kaleratzeak eta murrizketak lan-baldintzetan eragin ditu, baina, ordea, ez du kudeaketaren eraginkortasuna hobetu, enpresa pribatuek, publikoen aurrean, kudeaketa optimizatzen dutela dioten dogma neoliberala gezurtatzen; ezta salneurrien beherakadarik (Huelvan %14,4-a igo da urte bakar batean) edo hirietako ur zikloaren kudeaketan hobekuntzarik eragin ere. Eredu horretan ez dago inolako pizgarririk uraren erabilera optimizatu edo arrazionalizatzeko. 2007.urtean Kataluniak jasandako lehortean bitartean, uraren kontsumo jaitsiera zela eta, AGBAR enpresak kexa bat plazaratu zuen fakturazioa jaistearren. Zenbat eta gehiago kontsumitu, gehiago irabazten dute.

Aurrekari hauekin, Javier Maroto Gasteizko alkateak, "green" erregealdia bete-betean, udal osoko bilkurara eraman du AMVISA pribatizatzeko proposamena, bakar-bakarrik, udal kutxan 40 milioi euro sartzeko asmoz. Ekimena aurrera ez badoa, udal zergak igotzeko arriskuaz ohartarazi gaitu alkateak, inolako disimuluz. Ezaguna da zein alderdi politikotan dabilen lehenengo edila, eta ezaguna da ere bere ideologia kapitalista eta neoliberala. Alderdi edota ideologia horrek agintzen duen tokietan aurrera eramandako pribatizazio-prozesuak ikusita, ez da harritzekoa “copy-paste” delako formula bera errepikatu nahi izana gure paregabeko hiriburuan. “Copy-paste” horrek Paris, Bartzelona, Indiasko Cartagena, Grenoble, Huelva edo Leon bezalako tokitan gertatutako porrota bermatzen digu Gasteizen, euskal hiriburuen artean abangoardia pribatitzailearena eginez, eta Euskal Herri osoan eraginkor eta errentagarria izan den ur kudeaketa publikoaren esperientzia bikaina alde batera utziz.

Giza eskubide baten kudeaketa oligopolio pribatuaren esku uzteak, udal-finantziazioa bilatzeko, burbuila berri baten sorrera baino ez du errazten, kasu honetan burbuila hidrikoa, hain zuzen. Burbuila horren zulatzea, gainera, erreskate publikoa ekarriko luke seguru aski. Baina honetaz guztiez gain, uraren pribatizazioak suposatzen duen sabotaje soziala salatzea beharrezkoa dugu, uretara iristea giza eskubidea baita, merkatuen edo interes pribatuen esku utzi ezin daitekeena, etekinen gorabeherek soilik mugiarazten baitituzte. Kapitalak, izaki guztion ondasun hau konkistatu nahian, ofentsiba globala jarri du martxan, eta testuinguru horretan aurkitzen dugu geuk arrazoi nagusia bizitzaren iturria denaren merkatarizazioaren aurkako errotiko oposizioa egiteko, Gasteizen, Tesalonikan, Madrilen edo Cochabamban.


Rikardo Otxoa 




ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide