Galleta suediarrak (edo, zekale-, ezti-, jengibre- eta kanela-galletak)

hirinet 2012ko urr. 29a, 13:53

5-emaitzaDenbora asko, gehiegi, joan da azken errezeta bota genuenetik, baina sekula ez omen berandu labea prest badago, eta hemen gaurkoa. Egia errateko, marmitakoa prestatu nuen, zuei guztiei erakusteko, baina fotoa egin aitzin jan egin genuen, eta gero hegaluzearen denboraldia finitu zen, eta... aitzakiak aitzaki, eta garaiak garai, hotzari aurre egiteko errezetatxo bat gaur; galleta suediarrak. Errezeta hau "Sju sorters kakor" (7 pastel mota) izeneko liburu batean azaltzen da. Usadio suediar batek ei dio ezin dela inor gonbidatu kafea eta pastak jatera; etxean ez bada, gutxienez, 7 pasta mota ezberdin. Liburua mito totala da Suediako gozogintzan; 9 milioi biztanle, eta 3,5 milioi ale saldu dituzte.


Iban Yarzarengandik izan nuen galleta hauen berri, eta axola ez diolakoan zuenganatuko. Iban Yarza okin handia eta saltsero handiagoa da, eta ogiaren mundua interesatzen bazaizue, martxan du oso
blog interesgarria. Ibili saltsan. Baina goaz gurera.


Gaurko galleta hauek zekalea, eztia, jengibrea eta kanela dute, besteak beste. Ondorioz, nahiko aromatikoak dira, baina, kurioski, ez dute ez jengibre ezta kanela zapore gehiegi. Gainera gurin dezente dute, eta gantzatsuak-edo dira. Kanpoan izozten duen bitartean te bero batek lagundurik hartzeko, tumatxa.

1-osagaiakLehenengo osagaiak (20-22 galleta egiteko):


-Gari-irin zuria______________________________ 90 gr

-Azukrea__________________________________ 65 gr

-Gatza____________________________________ 3 gr (postre-goilarakada baten herena)

-Jengibrea_________________________________ postre-goilarakada bat

-Kanela___________________________________ postre-goilarakada bat

-Legamia (Royal)___________________________ postre-goilarakada bat

-Gurina (eskuz maneiatzeko gisan, bigun)_______ 200 gr

-Zekale-irin zuria____________________________ 170 gr

-Eztia_____________________________________ 35 gr

-Arrautza__________________________________ bat


Hiru taldetan bildu ditut osagaiak, eta hurrenkera horretan nahastu behar direlako da. Aurrena osagai lehorrak (zekale-irina salbu) nahasiko dituzue ontzi batean (ogirina, azukrea, gatza, jengibrea, kanela eta legami kimikoa), eskuz.

Ondoren gurina maneiatuko duzue eskuz, ondo bigundu arte (esan beharrik ez eskuak ondo garbi izan behar dituzuela, eta orain arte ez badituzue garbitu, oraintxe dela azken aukera). Aurreko nahasketari gehitu, eta bola homogeneo bat erdietsi arte jarraitu, emanean.

Azkenik, bola horri hirugarren multzokoak gehituko dizkiozue; zekale-irina, eztia eta arrautza; eta berdinean jarraituko duzue. Emaitza ore homogeneo bigun antzeko bat izanen da.

2-orea

 

Sukaldeko film (plastiko garden maneiaezin hori; zimurtu, pegatu eta pazientzia galarazten duen hori) pusketa bat moztu eta ahal den berdinen eta txukunen ipiniko duzue mahai gainean, bertan orearen erdia-edo ipini, luzatu eta odolkitxo baten antzeko zilindro bat egingo duzue plastikoaren laguntzaz.

 

3-oolkik


Hozkailuan sartu, eta utzi bertan ordu batzuetan (gau osoa, nahi izatera). Hotzak gurina gogortuko du, eta, ondorioz, gure odolkia zilindro sendo bat bihurtuko da (horrek ez du bigarren irakurketarik, kasu). Ondo gogortu denean, hozkailutik atera, eta etxean duzuen ganibet handienaz zerratan egin (esan dizuet, ba, ez zuela bigarren irakurketarik); zentimetro bateko lodierako zerrak, gutxi gora behera.


4-xerrak

 

Txanpon horiek labeko erretiluan ipini (labeko papera erabili, arren), eta eman 180 gradu 20 minutuz. Labetik atera berri galletak gorituta izanen dira, eta nahiko bigun. Hoztutzen direnean gogorturik geratuko dira, eta mundialak. Demasa. Tumatxa.

 

Aholkua: ez hasi interneten jolasean galletak labean diren bitartean...


Esperimentatzeko: Irin eta gurin kopuru horiek galletei ematen dieten itxura eta egitura konprobatu ostean, zuen esperimentu propioak egiten has zaitezkete; beste irin mota batzuk erabili, gariarena soilik erabili, kakao hautsa (eta azukre gehixeago) erabili kanela eta jengibrearen ordez, intxaurrak gehitu, laranja azala arraspatu, limonarena, banilla, txokolatea (beltza zein zuria), almendrak...


Nik ere esperimentatuko dut, eta komentatuko dizuet hurrengo batean.

 

5-emaitza


On egin!


Egilea: Ximon

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide