Urriaren 24an Betagarri tadearen ‘Zorion argiak’ disko berria kalean

hirinet 2012ko urr. 22a, 12:08

BETAGARRI-ZORIONARGIAK-DISKHogei urte baino gehiago musika munduan murgilduta dabilen Betagarri taldeak diskoa atera berri du labetik, hamaikagarrena, hain zuzen eta urriaren 24tik aurrera egongo da salgai. Bero-bero eta ‘Zorion argiak’ izenburupean, gasteiztarren lan berriak 23 abesti biltzen ditu eta okasiorako musikari ezagunen laguntza jaso du; Tonino Carotone, Gari, Iñigo Muguruza eta El Drogas-en kolaborazioa,k besteak beste. Diskoa kaleratu bezain pronto hitz egin du Hirinet-ek Betagarriko kidea den Unai Loborekin.

 

 

 

Luxuzko kolaboratzailez beteta dator zuen lan berri hau, izan ere, besteak beste, Tonino Carotone, Gari, Iñigo Muguruza, El Drogas, Francis eta Obrint Pas-eko Xabi izan dituzue zuekin. Zein izan da bakoitzak ‘Zorion argiak’-en errezetari gehitu dion osagarria?  

Abeslari guztiek abestia berea bihurtu eta hobetu dute. Guk hilabetetan zehar landu ditugu lokalean, baina beraien ahotsa gehitu zaienean, benetan ikusi dugu lor zitekeena. Uste dut emaitza oso ona izan dela. Esperientzia noski, ikaragarria. Batez ere, diskoan aipatzen dugun bezala, beraiekin kontatu dezakegula jakiteak harrotasunaz betetzen gaitu. Hogei urte daramagu musika munduan eta beraien errespetua eta laguntasuna izateak ez dauka preziorik.

Asko izan dira grabazio egunak. Anekdotarik bai? 

Buff! Anekdotak ez nituzke deituko, egunerokotasuna baizik. Plangintzan aldaketak, batek ezin duelako adostutakoan agertu, zoraturik ibiltzea handik ona, presak... Aipagarria iruditzen zait estudiora kolaboratzaileak etortzen zirenean beti pasatzen zela Elkar-eko norbait ikustera, bisita bat egitera... eta dudarik gabe jende gehien pasatu zen eguna Pirritx eta Porrotx etorri zirenekoa izan zen. Oso handiak dira!!


‘Zorion argiak’ izenburu horrek baikortasun mezua hedatu nahi duela dirudi. Zer diote abestiek bada? 

23 abesti izanda suposatu dezakezu gaiak ere asko direla. Baina bai, orokorrean baikorrak direla uste dut, eta Euskal Herriak bizi duen une itxaropentsuak ere bere garrantzia du letretan. Kasu honetan ‘Zorion Argiak’ abesti baten izenburua bada ere, Gabonetako hipokresiari buruz hitz egiten duena, giza-harremanen garrantzia merkataritza-harremanen faltsutasunaren aurrean. Baina diskoaren izenburu bezala, letrari arreta jarri gabe, bai, nahiko baikorra dela uste dut.


BETAGARRI+PIRRITXKrisi garaian, egun latzak izango dira musikarientzat, baita musika erosten dutenentzat ere. Nola ikusten duzue egungo musika panorama?  

Krisi edo eraldaketa baten erdi-erdian gaudela argi dagoela uste dut. Bai euskarria erosteari dagokiona (deskarga legalak, CD-ak, Spotify...), bai zuzenekoen funtzionamenduari dagokiona. Erakundeek, udalek etab. beraien aurrekontuak murriztuta ikusi dituzte, eta horrek musika taldeen prezioengan eragina izan du ere. Esan bezala, krisia aldaketa da, eta hartzen den bidean asmatu beharko da nonbaitera sano heltzeko.


Zein bide erabiliko dituzue zuen diskoa merkaturatzeko? Internet-en musika debalde eskegitzearen alde al zaudete? 

Disko hau CD moduan salduko da eta interneten erosteko aukera egongo da baita ere (iTunes edo Spotify). Saiatu gara prezio txikian saltzen eta uste dut 23 abestiko disko berezi eta bikoitz honentzat 15€ oso prezio ona dela. Bakoitzak bere aukerak bilatzearen alde gaude eta norbaitek ezin badu diskoa erosi eta nonbaitetik grabatu nahi badu, ulertzen dut, baina guk gure lana duindu behar dugu, eta honelako disko bat grabatzeak milaka euro balio du. Uste dut eskaintzen duguna urtetako lana dela, harro gaude lortutakoaz eta ahal den neurrian, logikoena erabiltzen ditugun gauzak erostea da, eta batez ere gustuko dugun zeozer baldin bada.


BETAGARRI+GARIOraingoan ere rock, ska eta reagge doinuak izango dira nagusi zuen diskoan. Aurrekoetan, pop-a eta punk zertzeladak ere sumatu ditugu zuen kantetan. Baina bestelako erritmo eta musika estilo berriak probatzeko saiakerarik egin al duzue noizbait? 

20 urte eta ez ehunka abestiren ondoren, uste dut ez dugula jorratzeko estilo berririk, kar kar! Betiko moduan egin dugu. Guk ez dugu honelako erabakirik hartzen, abestiak atera egiten dira, eta gero konturatzen gara zer nolako estiloak bildu ditugun. Kasu honetan, 23 abesti izanda, jorratutako gaiekin bezala gertatzen da, denetarik dago.


Zazpi kide eta 15 urte baino gehiago elkarrekin. Zein da harreman ‘iraunkor’ honen sekretua? 

Ez dago sekreturik. Noski, ez gaude beti pozik, ados, alai eta barrezka. Momentu onak eta txarrak baditugu, eta hori beti horrela izango dela ulertzen duzunean, baina aurrera egiteko gogoa duzunean, aurrera egiten duzu.


Gasteizko taldea izaki, bertan jotzeko lekurik kuttunena? 

Beti jotzen dugu pozik etxean. Berdin dio lekuak.


Zein da Gasteizko eszenaren osasuna? Azken aldian talde berririk deskubritu al duzue hirian?  

Talde asko dago Gasteizen, beti egon direla uste dut. Gasteiz beti izan da musika arloan aberatsa. Kontzertuak eskaintzeko aretoak ere gero eta gehiago dira eta horrek taldeak aurrera egiten laguntzen ditu. Taldeek arrakasta gehiago edo gutxiago izateak, taldeek egiten dutenaren arabera izango da, egia da talde asko sortu eta hortik gutxira desagertzen direla, baina tira, horretan ez dago ezer egiterik.


Kafe Antzokiaren beharra al dago Gasteizen? 

Zalantzarik gabe. Ez bakarrik musikaren inguruan sor daitekeenagatik. Hiriak euskalgune jakin eta potente bat behar du, hiriaren euskalduntzeari laguntzeko.


Noiz eta non aurkeztuko duzue diskoa? 

Gasteizen urtarrilaren 4an Jimmy Jazz aretoan izango da. Hantxe ikusiko dugu elkar.

 

Argazkiak: Betagarri



ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide