Euskaltasunean lagun… Josu Pedruzo

hirinet 2012ko urr. 18a, 09:54

Josu-PedruzoJosu hogeita bi urteko mutil dinamiko eta saltseroa da, Publizitatea eta Harreman Publikoetako lizentziatura ikasten du Leioako kanpusean. Pasaden urtean, lehenengo aldiz, parte hartu zuen Gaztelagun talde batean; aurten kide berberekin jarraituko du ostegunero pintxo potean Gasteizko auzo ezberdinetan

Zuri buruz kontatu nahi diguzun zeozer…

Futbol zalea naiz txikitatik, Alavesekoa,noski. Egun, lagun batzuekin nabil areto futbolean jolasten. Beste alde batetik Gasteiz-zalea naizela esan dezaket, aitzakiaren bat bilatzen dut astero alde zaharretik pote batzuk hartzera joateko. Eta nire arrebak edo lagunek proposatzen dizkidaten ekintza, erakusketa, hitzaldi… ezberdinetara ere banoa, Gasteiz aukera anitz eskaintzen dituen hiria baita. Euskaltzalea naiz baita ere, gero eta gehiago. Gure kultura ohiturak eta hizkuntza aberatsak dira oso, bertan murgiltzea eta hauetaz gozatzea euskaldunontzat, eta nahi duten guztientzat, pribilegioa da.


Noiz eta nola ikasi zenuen Euskara?

Amak gu txikiak ginenetik hitz egin zigun euskaraz, baina hizkuntza berez ikastolan ikasi nuen. Urteak pasata lagun ezberdinak egiterakoan eta hainbat esperientzia bizitzerakoan nire euskara hobetu eta gehiago erabiltzen hasi naiz. Egunero gauza berriren bat ikasten dugula pentsatzen dut eta horretan nabil euskararekin ere.


Noiz hasi zinen Gaztelagunean, zergatik?

Mintzalaguna proiektua nire arrebari esker ezagutu nuen, berak han egiten zuen lan. Bere “errua” dela esan dezaket. Pasa den urtean apuntatu nintzen, euskaraz gehiago hitz egin nahi dudalako eta nire inguruko jende asko hizkuntza ez dakielako, talde polita sortu dugu geroztik.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Normalean astero pintxo-potera joaten gara. Hiriko leku ezberdinetara hurbiltzen gara, auzo bakoitzean pintxo ezberdinak daude eta eskaintza aprobetxatu behar dugu, kar, kar! Hala ere afariren bat edo beste egin izan dugu, aitzaki ezin hobea gero parranda egiteko.


Zer esango zenuke zure Gaztelagun kideen inguruan?

Oso jatorrak direla. Berez ez daukagu gure arteko antza handirik, ohitura eta zaletasun ezberdinak baititugu, baina hala eta guztiz ere gustura gabiltza ostegunero elkartzen garenean. Pertsona ezberdinak ezagutzea interesgarria suerta daiteke eta barre asko egiteko aukera ematen dizu.


Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten zaude, klasetik kanpo euskara entzuten da erdara baino gehiago?

Lekuaren arabera. Nire kanpusean adibidez (Leioa) euskara dezente entzuten da klasetik kanpo, nire eguneroko bizitzan ordea ez hainbeste. Gasteiztik bueltatxo bat ematera bazoaz frogatu dezakezu. Hala ere, azken urteotan euskara gero eta gehiago entzun izan dut kaleetatik, ibilbide luzea daukagu egiteke eta apurkako lana beharrezkoa da. Poliki-poliki bidea eginez, etorkizun hurbilean euskara edonon entzuteko aukera izatea espero dut, guk geuk erabiltzea lehendabiziko urratsa izanik noski.


Oporrak non eta zertarako?

Mendian naturaz gozatzeko, bereziki euskal mendiak, oso politak dira. Eta mendia baita ere abenturazko kirolak egin ahal izateko. Raftinga, piraguismoa, parapentea... Hondartza ere gustatzen zait, baina ordu gutxirako, bero gehiegi...


Liburu bat?

Hamabost zauri (Karmele Jaio) eta La Sombra del viento (Carlos Ruiz Zafon).


Film bat?

Bat bakarrik? Gladiator, Ciudad de Dios, UP...


Musika talde bat?

Dudarik gabe, ‘Lendakaris muertos’, izugarria! ‘Betagarr’i ahaztu gabe noski.


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Hala Bedi irratiak Hor Dago! tabernan antolatu zuen eztabaida politikoan egon nintzen duela gutxi. Taberna berean musika talde paregabea ikusi eta entzun ahal izan nuen baita ere, ‘The Delta Saints’.


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Aldapa taberna. Egiten dituzten kafe gozoengatik eta astean zehar duen giro lasaiarengatik, lagun on baten konpainiarekin batera momentu berezi eta atsegina.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Baietz esango nuke, lehen esan dudan bezala azkenaldian euskara gehiago hitz egiten dela iruditzen zait. Hala ere, lehendabiziko ahalegina guk egin behar dugu, guk egin behar dugu gure hizkuntzaren aldeko apusturik tinkoena. Poliki-poliki.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide