Muxar grisa Santiago mendian

hirinet 2012ko ira. 18a, 09:36

muxar1Pasa den ekainean, Armando Mendietak telefonoz deitu zidan Santiago menditik, inguru horietatik paseatzen zegoela animali txiki bat topatu zuela esanez. Zaurituta omen zegoela eta identifikatzeko gai ez zela azaldu zidan. Nire zain egoteko eskatu nion; zein espezietakoa zen ikusi eta berreskuratze-zentrora eramatea beharrezkoa zen ala ez aztertu nahi nuen. Bertaratzean, eskuartean zuen animalia muxar grisa (Glis glis) zela konprobatu nuen; geldirik, begiak zabalik baina begi bistan kolperik edo zauririk gabe.

 

Hartu nuenean, indarrak berreskuratu zituela zirudien eta horregatik, aske utzi genuen. Berehala, gertuen zuen zuhaitzera hurbildu eta gora igo zen, atzeko gorputz-adarretik herrenka. Horrek ez zion galarazi, ordea, sei metrotako altuerara igotzea. Bertan utzi genuen, adar handi batetik gu begiratzen gintuela.

muxar2Muxar grisa basoetan bizi den mikrougaztuna da, gris kolorekoa eta 130-190 mm bitarteko luzera duena (buztana kenduta, hau bakarrik 150 mm-koa izan baitaiteke). Egunsentian eta gauean mugitu ohi den animalia da, zuhaitzen adarretatik zehar dabil eta bertan topatzen ditu elikagaiak; pagatxak, ezkurrak, gaztainak eta hurrak, hauek guztiak energia handiko fruituak.

Faunaren atlas eta ikerketa ezberdinen arabera, muxar grisa Iberiar penintsulako iparraldean kokatzen da, Pirinioetatik Galiziaraino, Araba barne, non espezierako egokiak diren habitatetan aurkitzen den, hala nola, baso erorkorretan. Baso hauetan pagoak (Fagus sylvatica) eta haritzak (Quercus robur) dira nagusi. Halarik ere, aipatutako ikerketek ez dute muxarra Arabako Kantauriar Eskualdean kokatzen, animaliarentzako egokiak diren basoak existitzen diren arren, Salvada mendilerroko pagadiak kasu, eta oraingo Santiago mendiko kasuan bezala, gertu dauden mendietan egon arren.

muxar3Tradizioz, muxar grisa (Arabako ekialdean eta Nafarroan mitxarro bezala ezagutua) jateko ehizatu ohi dute, eskualdeko gastronomiaren parte bilakatuz. Horrez gain, koipea ateratzeko ere harrapatu ohi dute muxarra, izan ere, osagarri hau min muskularra eta artikularra sendatzeko erabiltzen zen, bereziki pilotarien artean.

Euskadin espezie kaltebera dugu muxar grisa, hots, etorkizun hurbilean desagertzeko zorian egon daiteke. Izan ere, animali honek baso erorkor helduetan bizitzeko joera du baina gure geografian mota honetako basoak gero eta eskasagoak direnez, espezie honen biziraupena arriskuan egon daiteke.

 

Gustavo Abascal - Naturayala, Aiarako Kultura eta Ondarea blog-ean argitaratua

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide