‘Eraztunez Eraztun’, jasangarritasuna eta sentikortasun artistikoa bat eginda

hirinet 2012ko ira. 7a, 11:59

eraztunezIrailaren 10etik 21era bitartean, arteak eta ingurumenak bat egin dute Gasteizko kale eta inguruetan. Izan ere, Gasteiz Hiriburu Berdearen esparruan Udalak balio eta jardunbide jasangarriak zabaltzeko bekatu duen ‘Eraztunez Eraztun’ proiektuak eskaintza interesgarria dakar. El Martillo elkarte kulturala (hirian Muralen Ibilbideak egiteagatik ezagutua), Pasabidea Zabalganako auzo-elkartea eta Juan Ibarrondo idazleak dira bi fasetan banatzen den proiektu honen sortzaileak. Hiritarren parte-hartzea, jasangarritasuna eta ekologia errespetatzen duten interbentzio artistikoak ekimenaren giltzarri izango dira.

Batetik, ‘Eko-ibilbideak’ gauzatuko dira, non aditu ezberdinek, irizpide ekologikoak aintzat hartuz, hiriaren bilakaeraren berri emango duten. “Zuhaitz baten eraztunen metafora erabiliz, sei eraztunetan banatuko dugu hiria, hala nola, alde zaharra  eta hemeretzigarren mendeko hedatzea, langile auzoak, auzo berriak, industrialdea, eraztun berdea eta bio-eskualdea. Hauek guztiek, zuhaitzen eraztunek egiten duten moduan, hiriaren historia eta ingurunearen berri ematen digute”, azaldu du Juan Ibarrondo idazleak eta ‘Eraztunez Eraztun’ proiektuaren sortzaileetako batek. Aipatutako idazle gasteiztarra, Ismael Garcia arkeologoa, Pedro Arriola hirigilea, Carlos Verdaguer arkitektoa eta GEA 21-eko kidea, Goyo Ballesteros biologoa eta GEA 21-eko kidea eta Mónica Ibarrondo biologoa izango dira ibilbide hauen gidariak eta ingurumen edukiak, eduki zientifikoak, ekologikoak eta historikoak emango dizkiote leku bakoitzari, denboran eta espazioan zeharreko bidaia honetan. “Ibilaldi artistikoaren ideiak ohitura erromantikoa berreskuratzen du, hau da, artista inspirazio bila naturara irteten zenekoa, eta jasangarritasuna edo ekologia bezalako egungo kontzeptu batzuekin lotzen du”, gaineratu du Ibarrondok.


Interbentzio artistikoak hirian


huellasAstean zehar sortutako edukiarekin ‘eko-mapa’ delakoa sortuko dute eta hau izango da, hain zuzen, proiektuaren bigarren fasearen abiapuntua, irailaren 17tik 21era bitartean. Izan ere, aldez aurretik aukeratuak izan diren sei kolektibo artistikok, sormen-askatasun osoz, interbentzio artistiko ezberdinak gauzatuko dituzte hiriko sei puntu horietan. Fase honetan ere hiritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da eta posible izango da ekimen batzuetan parte hartzea. Dantza, argazkigintza, bideo-sorkuntza edo instalazioak dira, besteak beste, proposamenak. Halarik ere, hauek guztiek ekologiarekin harremana izango dute modu batez edo bestez eta adibidez, material birziklatua erabiltzea edo energia zein material aldetik gastu gutxiko interbentzioak izatea garrantzitsua izan da aukeraketa egiterako orduan. Hauek dira jatorri ezberdineko kolektibo artistikoen proposamenak: ‘Txio-Pio’ behin-behineko instalazio arkitektonikoa, ‘Huellas’ argazkigintza-proiektua,’ Tráfico Ilegal’ performance eta bideo-instalakuntza, ‘Elementuak’ dantza garaikidea, ‘Diógenes 2.0’ hiri-interbentzioa eta ‘Perdible’ instalakuntza.

elementuakOrokorrean, ‘Eraztunez eraztun’ proiektuak hausnarketa sortzea du helburua. “Nik behintzat ekologiaz dudan kontzeptua ez da naturaren kontserbaziora mugatzen. Pertsonak naturaren parte gara eta modu orekatuan elkarri eragin behar diogula uste dut. Oreka inportantea da”, zehaztu du antolatzaileak.

Azkenik, erakusketa batek bi aste hauetan sortuko den lan guztia bilduko du, non interbentzio artistikoen emaitza zein prozesua erakutsiko duen bideo bat egongo diren ikusgai.

Informazio gehiago HEMEN

 

Saioa Fdz. de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide