Moda berria neska eta blusen janzkeran

hirinet 2012ko abu. 3a, 10:58

pinedo-tradizionalakEtengabeko aldaketak pairatzen dituen modaren munduak salbuespena aurkitu du beti Gasteizko jaietan, urteen poderioz, gutxi aldatu baita blusa eta nesken janzkera. Blusa (laukitxoduna edo beltza), alkandora zuria, bonbatxoa, gerrikoa (berdea edo gorria), abarkak, zapia eta txapela, gizonezkoentzat.

pinedo-jantzia-berriak2

 

 

 

 

 

 

 

 

Puntudun gona eta alkandora, amantala, zapia, azpiko gona, pololoak eta abarkak, emakumezkoentzat. Halarik ere, eta pentsa daitekeenaren kontra,  Gasteizko jaietan emakumezkoek janzten duten jantzi hori ez da herrian antzina emakumeek egunero eramaten zutena; lutoa egiten zeuden amonek eraman ohi zuten eta baserritar jantziak eraman zituzten azkenak aiton-amonak izan zirenez, jantzi horiek eramateko tradizioa mantendu da. Zapien kasuan, adibidez, laukitxoduna lan egiteko erabiltzen zuten eta gorria, 30.hamarkadaren inguruan, emakumeek euren senarrei edo semeei ematen zieten, parranda egiten uzteko zeinu gisa.

pinedo-txikiak

 

 

Dena den, gero eta gehiago dira jai egunetan kalean ikusten diren koloredun, loredun edo marradun jantziak. Hortaz, baserritar jantzietan moda aldatzen ari dela esan daiteke. Tendentzia berriak ezagutzeko asmoz, 100 urteko tradizioarekin Gasteizen euskal jantzietan espezialista den Confecciones Pinedo-ra hurbildu da Hirinet. Bertako saltzailea den Haizeak azaldu digun moduan, arrantzale jantziak eta puntudun amona jantziak ez ezik, egun denetarik saltzen dute, gero eta gehiago, gorontza eta koloredun jantziak saltzen baitituzte. “Dena den, neskak beti animatzen dira gehiago gauza berriak erostera eta pixkanaka gizonak ere koloreekin ausartzen hasi dira”, zehaztu du Haizeak.

Alabaina, antzina gizonek zein emakumeek koloredun, loredun edo marradun arropak eramaten zituzten. “Bakoitzak bere erosteko ahalmenaren arabera janzten zen. Normalean, lan egiteko erosoak ziren jantziak eramaten zituzten eta erromerietan dotoreago jartzen ziren. Horrez gain, herriz herri bidaiatzen zuten saltzaileek toki ezberdineko arropak eramaten zituzten leku batetik bestera (horregatik arrantzale jantziaren hedapena Araban) eta azken baten, bakoitzak gustuko zuena eta ahal zuena erosten zuen. Batek kotoia eramaten zuen, beste batek lihoa. Dirudunek, aldiz, ez zituzten abarkak eramaten, zapatak baizik”, argitu du Haizeak.

Guzti hau jakinda, 100 eurotik aurrera, baserritarrez dotore janzteko aukera aurkituko duzu San Antonio kalean kokatzen den saltokian. Orain ere, bakoitzaren ahalmenaren araberako aukera izango da, baserritar arrunta edo garaiko aberatsa izatea, norberaren esku.

 

pinedo-jantzi-berriak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide