Gorka Ortiz de Urbina Zeledonekin solasean

hirinet 2012ko abu. 3a, 02:00

celedon112 urte igaro dira Gorka Ortiz de Urbina gasteiztarrak lehenengo aldiz Zeledon jantzia jarri zuenetik. Bere esanetan, Gasteizko jaietako oroitzapenik kuttunen artean mantentze du momentu hau. Aurten panpinazko Zeledonek aurpegi berria eta aterki berdea estreinatuko ditu, halarik ere, hezur-haragizko pertsonaiak hasierako ilusio bera sentitzen du, abuztuaren 4an, San Migel elizako kanpandorreko erlojuak arratsaldeko seiak markatzen duenean. Hirinet-ek Gorka Ortiz de Urbina gogotsu batekin hitz egin du.

Aurten Zeledon ebakuntza-gelatik pasa eta aurpegian “apainketa” batzuk egin ditu, ezta?

Bai, panpinaren aurpegia berria da. Iñaki Landak eta Urrezko Zeledonek erabaki zuten 50 urteurrena ospatzeko, Zeledonen aurpegia aldatu behar zela eta nire antza duen berri bat jarri behar zela. Oso ondo geratu dela uste dut, begi onekin ikusi naute eta guapo nago, bai.


Horrez, gain, fisikoa ez ezik, janzkeran ere aldaketak egin ditu eta moda jarraituz, ‘green capital’-aren koloreko aterki berdea eramango du aurten. Zer deritzozu aldaketa honi?

Erabaki hori Udalak hartu zuen, nirekin kontatu gabe. Ondo iruditzen zait aterki berdea eramatearena baina uste dut hobeto izango litzatekeela denon artean erabaki hori hartzea. Halarik ere, erabakia hartuta dago eta aurrera!


Zer egiten du Zeledonek txupinazoa baina ordu batzuk lehenago? Urtero errepikatzen duzun ohituraren bat mantentzen al duzu?

Goiz bazkalduko dut, 13:00ak inguru eta ondoren etxetik Gasteizera abiatuko naiz, konkretuki, Bujanda tabernara kafea hartzera. Betiko moduan, eta aurreko Zeledon Iñaki Landak egiten zuen moduan, tabernaren jabea den Mikelekin purua aldatuko dut. Mikel Primi futbolari ezagunaren semea da. Horren ostean, Andra Mari Zuriaren enparantzan dagoen Vital Kutxaren pisura joan eta seiak eman arte itxarongo dugu. Beti egiten dut gauza bera.


celedon2Zer pasatzen zaizu burutik jendez gainezka dagoen plaza zeharkatzen duzunean?

Disfrutatzea eta ondo pasatzea. Ahal dudan neurrian, bertan dagoen jendea agurtzea gustatzen zait. Baina San Migel elizako balkoira iristea da nire pentsamendu bakarra. Hortik aurrera, gasteiztar normal bat bezala bizitzen ditut jaiak.


Balkoitik igorriko duzun mezuaren mamia aurreratzerik, bai?

Sekretupean dago, bertaratu beharko zarete. Baina ez dut ezer berririk esango, betikoa, jai onak izatea, zorte ona izatea eta horrelakoak.


Krisiak astinduko ditu Gasteizko Jaiak?

Nabaritu da dagoeneko. Diru-laguntza gutxiago eman dira gauzak antolatzeko eta seguruenik, jende gutxiago egongo da kalean bazkaltzen edo afaltzen. Beraz, eragina izango duela uste dut eta bakoitzak bere modura antolatu beharko da.


Bi seme dituzula, jaiak beste modu batez bizitzen dituzu orain?

Aurten blusekin ere ateratzen saiatuko naiz baina goizen emaztea eta bi semeekin egongo naiz. Semeek hiru eta bost urte dauzkate eta badakite zer diren festak. Hortaz, goizez familiarekin eta gauez koadrilarekin biziko ditut jaiak. Zirkora, barraketara, Zeledon txikira joango naiz haurrekin.


Zein duzu Gasteizko jaien oroitzapenik bereziena?

Batetik, lehenengo aldiz Zeledon izan nintzenean eta bestetik, Zeledonen 50.urteurrenean, Iñaki Landarekin batera plaza zeharkatu nuenean, Isasi faltan bota genuen arren.


Zer iruditzen Gasteizko jaien txupineroak euskaltzaleak izatea?

Oso ondo. Euskarak oraindik bultzadak behar dituela uste dut eta horrelako ekintza bat garrantzitsua da.


Euskaraz bizi daitezke Gasteizko jaiak?

Nik, esaterako, haurrekin hitz egiten dut euskaraz. Baina tamalez, askotan euskara jakinda ere, erdarara jotzen dugu Gasteizen eta hori da aldatu behar dena. Ni behintzat saiatzen naiz, lortu ez dakit!


Jaietako txoko bereziena?

Matxete plaza. Bertan kokatzen da Blusa eta Nesken Batzordeko txosna eta horrez gain, euskararen txoko polita da,  bertsolariekin, kontzertuekin… Egunero joaten naiz hara, garagardo bat edo sagardo pixka bat hartzera eta bertako giroa ikustera. Oso ondo pasatzen dut.

 


Saioa Fdz.de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide