Matxete plaza, Gasteizko jaietan, bor-bor

hirinet 2012ko abu. 2a, 11:33

matxeteMatxete plaza XIX. mendearen hasieran altxatu zen Gasteizko muinoaren hegalean. Bere izena historian zehar izan duen eginkizun esanguratsuenetatik hartzen du, hau da, bertan prokuradore nagusi edo sindikoak karguaren zina egiten zuen, hiriko aihotzaren eta hiriko ordenantza liburuaren aurrean. Horrez gaindi, arrain, fruta eta barazki postuak bildu izan ditu urte askotan. Izan ere, egun betetzen duen zeregina oso bestelakoa da eta alaitasunari, festari eta kulturari ematen die aterpe.

Horrela, Gasteizko jaietan Matxete plaza euskal kulturaren txoko bilakatzen da. Orain dela 25 urte inguru, hasi ziren bertan Andra Mari Zuriaren jaietan euskal kulturarekin zerikusia dituzten ekintzak antolatzen. Garai hartan Kultura Saileko teknikaria zen Andoni Egaña bertsolari ezagunak lehenengo urratsak eman eta bertso saioak antolatzen hasi zen. Harrez geroztik, eta denboraren poderioz gainontzeko ikuskizunak gaineratu ziren, egungo egitarau interesgarria osatu arte. Bestetik, gastronomia kulturaren zati garrantzitsua izaki, sagardoa, txakolina edo Idiazabal gazta bezalako euskal produktuak dastatzeko aukera martxan jarri zuten plazan, bertan kokatutako baserri formadun txosna altxatuz. Egun, aldiz, egarria eta gosea aurten GEU elkarteak kudeatuko duen txosnan ase daiteke, abuztuaren 3tik aurrera zabalik egongo dena eta egunero, edariez gain, bokadiloak eta pintxoak emango dituen. Jaiek merezi duten moduan hasteko, egun horretan, 19:00etan, jaien hasierako topa egingo dute Gasteizko euskalgintzako eragileek zein bertaratzen diren guztiek ere.

 


Goizez, arratsaldez eta gauez

bertsokartelaHiriko bidegurutze garrantzitsua izaki, etengabeko jende jarioa egon ohi da gune eder honetan. Etengabekoa ere honek eskaintzen duen programa zabala. Udal Folklore Akademiako trikitilariak plazaren animazioarekin hasteko arduradunak dira, egunero 12:30etan. Ordu bete geroago, 13:30etan, bertsoen doinuek girotuko dute jaia, egunero (abuztuaren 6an izan ezik, egun horretan bertso-saioa txosnen gunean izango baita) Arabako Bertsozale elkarteak antolatu dituen bertso-saioei esker. Ander Solozabal, Xabi Igoa, Julio Soto, Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Oihane Perea, Izar Mendiguren, Alaia Martin, Onintza Enbeita, Manex Agirre, Uxue Alberdi, Jexux Mari Irazu eta Aitor Sarriegi hitzordurako aukeratuak izan dira. Bitartean, bertaratzen direnek eguerdiko gose bizi hori lasaitzeko aukera bikaina aurkituko dute GEUtxosnan, egunero prestatuko dituen eguneko pintxo bereziak dastatuz.

Arratsaldean, aldiz, dantzarako momentu ederra izango da. 19:30etan txistu doinuak izango dira nagusi eta ordu bete geroago, Dantza Plazan, Udal Folklore Akademiako Gaita jotzaileekin.

jaiak-euskaraz-kartelaErritmo frenetiko hau geldiezinik, kontzertu ezberdinek erakarriko dute jendea plazara; 00:00eatik aurrera, 5ean Vendetta, 6an Mikel Urdangarin, 7an Mikel Markez eta Erramun Martikorena eta 8an Eratu talde gaztea izango dira.

Abuztuaren 8an, aldiz, Euskaraz Bizitzera Goaz ekimenaren argazkikalejira erraldoia egongo da 20:00etatik aurrera. Ikusten duzunez, ez dago aitzakiarik, hiriko gune bitxi honek jaiak euskaraz bizitzeko luzatzen digun gonbita ukaezina baita!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide