Gasteizko Txosnak, musika eta askoz gehiago

hirinet 2012ko uzt. 31a, 11:48

txosnak-txikiaBetiko moduan, Gasteizko jaiekin batera Gasteizko Txosnak datoz; aurten gainera egun bat lehenago, abuztuaren 3an. Eta dagoeneko 31 urte igaro dira. Tartean, leku aldaketak eta guzti egon dira, baina filosofia berari eutsi diote beti.

txosnak-kontzertua“Jaiak herriarenak direla uste dugu eta hortaz, herriko jaiak herriak berak egin behar ditu”, azaldu dute Dani Barrio eta Jon Ander Resa Gasteizko Txosnen Batzordeko kideek. Hori dela eta, aldarrikatzen dituzten jaiak parte-hartzaileak, herrikoiak, parekideak eta euskaldunak dira. “Herritar guztiei gure jaietan parte hartzeko gonbita luzatzen diegu”, gaineratu du Resak. Euren ustetan, “udalak antolatzen dituen jaiak kanpora begira egiten dira eta ez dituzte gasteiztarrak kontuan hartzen”. Herrikoiak eta parte-hartzaileak ez ezik, parekideak izan behar dute jaiak. Horrela, eraso sexistei ere arreta berezia eskaintzen diete Gasteizko Txosnetako antolatzaileek. “Batzordeko kide den Bilgune Feminista kolektiboak eraso sexistei aurre egiteko mekanismo bat jarri du martxan, zeinaren bidez horrelako eraso baten aurrean egin beharrekoa azaltzen duten. Horretarako, arretarako telefono baten bidez, beti egongo da txosnetan norbait laguntzeko prest”, azaldu dute. Euskarak, jakina, garrantzia berezia izango du txosnetan, besteak, beste Euskal Herrian Euskaraz eta AEK kolektiboek unibertsitatearen gunean izango duten presentziarekin eta baita Matxete plazako GEUtxosnarekin ere. Hortaz, euskararen aldeko apustu garbia izango da.


Autogestioa eta aldarrikapen anitz


txosnak-umeakAurten guztira 12 izango dira Gasteizko Txosnetan egongo diren kolektiboak, sei txosna, hiru karpa bikoitz eta karpa komun batean banaturik. Kolektibo hauek haien lana esparru ezberdinetan burutzen dute: antidesarrollistak, ikasle mugimendua, komunikazio alternatiboa, internazionalismoa, borroka feminista, euskararen defentsa, errepresioaren kontrako lana edo eskubide sozial eta politikoa. Besteak beste, Bilgune Feminista, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Askapena, Hala Bedi, Herrira, Gasteiz 2011eta Gazteak, Elkartzen, Bai Euskal Herriari edo Ikasle Abertzaleak izango dira bertan, aurten Fracking Ez Araba plataformak gehitu zaizkielarik.

Asteburua aprobetxatuz, egun bat aurreratuko da txosnen inaugurazioa eta datorren ostiralean, abuztuaren 3an hasiera emango diote egitarauari. Programazioa gauzatzerakoan, krisiak eragina izan duela aitortu dute Gasteizko Txosnako kideek, halarik ere, “gure filosofiaren baitan autogestioa dago eta hortaz, dirua gure kabuz bilatzen dugu”, argitu dute.


Sei egun, hamaika ekintza


txosnak-bazkariaHorrela, abuztuaren 3tik 9ra Gasteizko Txosnetan musika, animazioa, bertsoak, bazkariak, aldarrikapenak, elkartasuna eta nola ez, festa nonahi topatuko dira. Beti bezala, musika nagusi izango da eta besteak beste, Kokein, Zea Mays, Capsula, Bad Manners, Obrint Pas, Fuel Fandango, Rokaina eta Makala Dj bezalako taldeen erritmoek animatuko dituzte bertaratzen direnak.

Abuztuaren 3an, Ikasle Egunak hasiera emango die ospakizunei eta ikasle bazkariaz gain, Bilgune Feministak antolatutako nesken afaria egongo da gauean. Egun horretan, arratsaldeko 20:30etan abiatuko da Andra Mari Zuriaren enparantzatik Gasteizko Txosnetaraino joango den kalejira. Bertan, Txosnisaria 2012 banatuko diote Blanka Anteparari, “duela gutxi utzi gaituen eta hainbeste urtez Errepresaliatuekiko elkartasunaren emakumezko ikur izan denari, bizitza oso batez erakutsi duen duintasuna eta koherentziagatik, injustiziaren kontra lan egiteko izan duen grinagatik eta altueraz txiki izan arren erakutsi duen bihotz erraldoiagatik”, iragarri du Gasteizko Txosnetako Batzordeak.

Egun berezi gehiago izango dira, horrela, presoen alde aldarrikatuko duen Herrira! Egunaren txanda, abuztuaren 5ean da. Hurrengo egunean, 6an, Entxosnazio Eguna. Jardunaldi horretan, Matxete plazako ohiko bertso-saioa txosna guneetan gauzatuko da eta ondoren, arabar produktu ekologikoez egindako bazkari herrikoi ekologikoa eta dantza plaza izango dira ekintza nagusiak. Gainera, Gazte Eguna abuztuaren 7an izango da.  Musean jolastea gustuko duten horientzat, abuztuaren 6tik 8ra Mus Txapelketa ofizialean parte hartzeko aukera izango dute unibertsitate aldean kokatzen den gunean.

 

 

EGITARAUA

txosnakkartela2012



Informazio gehiago HEMEN

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide