Angiolilloren errebolberra

hirinet 2012ko uzt. 4a, 13:11

Angiolillorena-coltaren-azpArratsalde bero eta eguzkitsu batean itzal bila nabilela, ez zait ezer hoberik bururatu arma museoan babestea baino, ideia bitxia nonbait, beste bisitaririk ez zegoen-eta.  Eta hor ibili naiz armadura eta baleztei begira, ezpata eta sastakai ikusgarriekin harrituz, samuraien arma eta jantzi bitxiekin entretenituz.

Goiko solairuan, Gasteizko gudaldi sonatuari eskainitako materialari begiratu bat eman ondoren, gerra modernoagoetako tresneriaren artean pistola eta errebolber panel bati erreparatu diot. Eta hor ikusi dut Angiolilloren errebolberra.

Arma horixe erabili zuen Michele Angiolillok Santa Agedako bainuetxean 1897ko abuztuaren 8an Cánovas del Castillo Espainiako gobernuburua hiltzeko, Montjuïceko gazteluan torturatu ondoren heriotzara kondenatu zituzten anarkistengatik mendeku hartzeko, edo justizia egiteko, nola begiratzen den. Cubaren independentziaren aldeko borrokan Cánovasen errepresio bortitza jasan zutenekin elkartasuna adierazteko ere egin zuela dirudi, eta kubatar iraultzaile batzuen laguntza izan zuela, Paris eta Londresetik buelta Madrilera iristeko. Madriletik Zumarragara trenez etorri eta Santa Agedako bainuetxean hartu zuen ostatu, Londresen erositako errebolber hori poltsikoan zuela. Hiru egun pasa zituen han atseden hartzen ari zen Cánovas zelatatzen, eta politikari kontserbadorea banku batean eserita egunkaria irakurtzen ari zela, hiru tiro bota zizkion. Hiru sastada, hiru zauri, hiruna odol hari.

Museoko hormako panelean dagoen errebolberrak gider normala duela ematen du, baina deigarria egiten da kanoiaren moztasuna; goian duen Colt markako errebolberrarekin kontraste handia egiten du behintzat. Pentsatzekoa da Londresen errebolber hori aukeratu zuenean arrazoi praktikoak lehenetsiko zituela, baina neurri batean Angiolilloren gustuak ere parte izango zuela pentsatu nahi dut, zerbait erosten denean eroslearen izaera ere islatzen delako. Baina nolakoa zen Angiolillo? Zer dakigu Angiolillo gizonaz?

Barojaren Aurora roja eleberriko anarkisten solasetan behin baino gehiagotan ageri da Angiolillo: gizon luze argal bat, lehor antxekoa, hizketan eta keinuetan finezia handikoa, Wagneren zale amorratu ziren anarkista katalanen giro zalapartatsuan napolitana gozoak kantatzea nahiago izaten zuena. Harritu egiten da eleberriko anarkistetako bat halako gizon gozo, leun eta lotsatia bera bakarrik Cánovas hiltzeko gai izan zelako. Errebolberraren kanoi motza Angiolilloren izaera uzkurrari ondo uztartzen zaiola pentsatu dut, jende isilari eta oharkabean pasa nahi duenari hobeto datorkiola pistola diskretu bat.

Euskarazko letretan Koldo Izagirrek eskaini dio tokirik nabarmenena Angiolillori. Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelaren muina eta ardatza da anarkista italiarra, baina  Izagirreren Angiolillo hori santu iraultzailearen ezaugarri guztiekin hornituta ageri zaigu. Heriotzaren aurrean duintasunez jokatzen duen martiri iraultzailea da, gerora izango ziren borrokalari eta iraultzaile askorentzat eredu bihurtuko zena, urkamendian udaberri iraultzailea iragartzen zuen oihu harekin jarraibide bat jarri nahi izan balu bezala, heriotzara kondenatuak azken unean deiadar eginez jendearen kontzientziak astindu ditzan eta borrokara dei egin dezan.

1897ko abuztuaren 20an hil zuten Angiolillo garrotean Bergarako kartzelako patioan, Espainian egin zen azken exekuzio publikoan. Gure amama Bergarakoak neska koskorra zela ikusi zuen Angiolilloren heriotza, baina gazterik hil zen gure amama hori eta ez zituen bere bilobak ezagutu. Haurrei behin eta berriz kontatzen zaizkien istorio horietako bat ezagutu gabe geratu nintzen. Ez dakit Angiolillo lasai edo urduri igo zen garrotea prest zegoen oholtzara, ez dakit zer aurpegi jarri zuen bizkarra garrotearen kontra jarri ziotenean, eta biraderari bueltak emanez garondoa zulatzen hasi zitzaizkionean, ezta altzairuzko uztaiak estututako eztarritik ateratako Germinal! deiadar hura nolakoa izan zen ere. Misterio izaten jarraituko dute niretzat Angiolilloren errebolberrak eta Angiolillok berak.


Jose Mari Segurola

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide