Gasteizko Irakurle Kluba, 2011-2012 ikasturtearen balorazio ona

hirinet 2012ko uzt. 4a, 12:38

irakurle klubaGEU elkarteak urtero antolatzen duen Irakurle Klubak ateak itxi ditu aurten. Iban Zaldua idazleak bideratutako ekintza honek literaturaz taldean solas egiteko aukera paregabea eskaintzen du eta hilean behin biltzen da euskaraz idatzitako edo euskarara itzulitako liburuen inguruan irakurleon esperientzia zuzena elkarrekin konpartitzeko asmoz.

Ez da beraz, literatur lanen azterketa erudituak egiteko txokoa; liburuak irakurri, liburuez hitz egin eta finean, literaturaz gozatzeko txokoa baizik. Mota guztietako liburuak izaten ditu hizpide klub honek eta batzuetan liburuaren egilea bera ekartzea ahalbidetzen du.

Orain amaitu den 2011-2012 ikasturteari begira balorazio ona egin du bere koordinatzailea Iban Zalduak. Alde batetik, egoitza-aldaketa izan da lehenengo gertakari inportantea (Pintore kaleko Hikaateneotik Ignacio Aldecoa Kultur Etxera), eta alde horretatik oso ondo joan dela adierazi du Zalduak. “Espazio aldaketarekin bilerek bizitasuna edo hurbiltasuna galduko zuten beldur ginen, baina Kultur Etxekoen aldetik harrera oso ona izan da, oso aise ibili gara bertan, eta gainera biblioteka batek eskain dezakeen zerbitzuak profitatu ahal izan ditugu, hala nola bertan dagoen fondoa mahai gainean izateko aukera edo libururen bat eskuratzeko; Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean?en kasuan, adibidez, Kultur Etxeak berak erosi zituen zenbait ale, irakurleei maileguan uzteko, txantxetakoa ez den zerbait liburua garesti samarra zelako, ohikoekin konparatuta”, argitu du.

Bestalde, hurbildutako jende kopuruari dagokionez, lehenengo saioetan asko hazi zen. Izan ere, inaugurazio ekitaldia, Harkaitz Canoren eskutik, bereziki arrakastatsua izan zen eta hori oso positiboa dela dio koordinatzaileak, “batez ere kontuan hartuta saio horren helburua partaide berriak erakartzea izaten dela”.

Zehazki, Uxue Apaolazaren Mea culpa, Mohamed Xukriren Ogi hutsa eta Toni Morrisonen Maitea eleberrien inguruko saioak, bereziki jendetsuak izan ziren; Joseba Sarrionandiaren saiakerari buruzkoak, liburua potoloa izan arren, irakurle asko erakarri zituen, tartean normalean Irakurle Klubera hurbiltzen ez diren zenbait. Bilera horietako bataz besteko asistentzia hogeita bost pertsonetakoa izan zela azaldu du Zalduak.

Ondorengoetan bataz bestekoa jaitsi bazen ere, landu ziren lanen kalitatea ez zen murriztu. Kasu batzuetan liburuen generoak aldatu ziren eta eleberri gutxiago eta ipuin-liburu eta poesia-liburu gehiago irakurri ziren. Besteak beste, Sofi Oksanen-en Garbiketa eleberria, Patxi Iturregiren Haize Kontra edo Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuak izan ziren hizpide. “Juanra Madariagaren Eroriaren logika poema-bildumaren ingurukoak jende gutxi bildu arren, oso interesgarria eta bizia suertatu zen, egilearen adeitasunari eta hurbiltasunari esker” gaineratu du Irakurle Klubeko arduradunak.

Amaierako saioa, Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelaren inguruan, bereziki zirraragarria izan zen, are gehiago nobelaren exijentzia-maila kontuan hartuta. “Irakurle Klubaz harro egoteko moduko saioa irten zen, eta egilearen erantzunak, eta planteatu zituen modua, oso argigarriak gertatu ziren. Apaltasunaren arau guztiak hautsiz (barkatuko didazue), maila handiko saioa izan zela esango nuke”, amaitu du.

Aurtengo klubak oporrak hartuko ditu orain, baina hurrengo urrian (arren, hitzordua apuntatu!) berriro izango da literaturazale euskaldun guztion artean. Irakurle Klubeko antolatzailea den GEU elkarteak, bere aldetik, bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizue guztioi. Horrez gain, ekintza bideratzen duen Iban Zalduari eskerrak ematen dizkio Gasteizko Irakurle Kluba posible egiteagatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide