Paul Urkijo zuzendaria: “Egun, diru gutxi eta irudimen handiarekin egin behar dira gauzak”

hirinet 2012ko mai. 31a, 12:13

paul-urkijo-txikia‘Jugando con la muerte’ laburmetraiarekin arrakasta izugarria lortu ostean, Paul Urkijo zuzendari gaztea lan berri batekin datorkigu, Kanbodian garatzen den ‘Los Monstruos no existen’ film laburra, hain zuzen.

Aurrekoarekin eskuratutako kritika onak berriro ere lortzeko bidean dago komiki, ipuin eta mitologia artean hazi den zuzendari gasteiztarra. Izan ere, Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldian Gazte Epaimahaiaren saria jaso zuen eta antza denez, hauxe sarien zerrenda luze baten lehenengoa besterik ez da.


 

Nola jasotzen da horrelako sari bat?


Poztasun handiz! Aurkezten dugun lehen festibala izanik are pozgarriagoa. Jaialdietan sariak jasotzea  laburmetraiaren kalitatearen erakusgarria da. Jendeari gustatu zaionaren seinale eta hori da garrantzitsuena. Publikoarentzat egiten dut lan eta.


paul-urkijo1‘Los Monstruos no existen’ laburmetraia Kanbodiako ume baten istorioa kontatzen digu. Zergatik Kanbodia?


PROTECT izeneko GKE katalanaren ekimena izan zen. Haurren esplotazio sexualaren kontrako plataforma bat da. Nirekin harremanetan jarri ziren eta Kanbodian haurrek pairatzen duten egoerari buruzko laburmetraia egiteko proposamena luzatu zidaten. Gai horretan oinarrituz, gidoia idatzi nuen. Gustatu zitzaien eta aurrera egin genuen. Giza eskubideen generoko laburmetraia da gehien bat, halarik ere, nire arlora eraman nuen, fantastikora hain zuzen. Arazo erreal bat jorratzen dut, baina metaforikoki eta errekurtso fantastikoez baliatuz, ikus dezakegu nola gizaki batzuk ipuinetako munstroak baino beldurgarriagoak direla.


Hain urruti dagoen eta zeharo ezberdina den herrialdean grabatzea ez da lan makala. Nolakoa izan zen esperientzia?


2011ko urrian grabatu genuen eta bertan zazpi egun egon ginen.  Lehenengo hiru egunetan lokalizazioa eta kastina egin genuen eta azkenengo lau egunetan grabaketa. Egun guztiak Phnom Pehn-en igaro genituen, Kanbodiako hiriburuan, hain zuzen. Esperientzia izugarri polita izan zen, oso herrialde berezia baita. Bertako jendea oso jatorra eta adeitsua da. Profesionalki ere oso aberaskorra izan zen ez baitakizu zer aurkituko duzun bertan eta moldatzen joan behar duzu produkzioa denbora igaro ahala. Honek zeure burua probatzen du. Momentuan, berehala erreakzionatu behar duzu aldaketak eginez istorioa ondo kontatzeko. Joan aurretik idatzitakoa planteamendu irekiarekin egin nuen bertan aldaketak egin ahal izateko. Azkenean, dena primeran atera zen.


Paul Urkijoren txikitako bizipenetan oinarritu al da zure azken lana?


Ez eta eskerrak... Oso egoera gordina isladatzen da laburmetrailean. Kanbodian bizi diren haurrak  benetako munstroen erasoak jasotzen dituzte. Hemen ere gertazen da. Baina egia da munstroak txikitatik gustatu zaizkidala, baina, kontuz, fantasiazkoak, ez egiazkoak. Azken hauek gizakoiegiak dira...


Oraingoan hain gustuko duzun animazioa baztertu duzu, ezta?


Istorio bakoitzak bere formatua eskatzen du. Animaziozko lanak dauzkat baita fikzioa animazioarekin batera nahasten dituztenak ere. Baina kasu honetan kontatu nahi genuen horrek soilik fikzioa eskatzen zuen. 


paul-urkijo2Orokorrean, fantasiazko generoa lantzen duzu zure istorioetan. Zergatik? Noizko amodiozko edo umorezko filma?


Fantasia da gehien gustuko dudan generoa, filma, literatura zein komikietan. Ipuin, mitologia eta munstro pelikulen inguruan hazi naiz eta garrantzia handia dute nire obran. Egia esan beste generoekin nahastea gustatzen zait gehien bat: komediarekin, beldurrarekin, dramarekin... Kasu honetan doku-drama batekin nahastu dut. Baliteke noizkait amodioarekin nahastea ere!  Dena den argi daukat fantastikoa dela egin nahi dudana.


Asko dira orain arte egin dituzun laburmetraiak. Asko ere hauek lortu dituzten sariak, 30 inguru nazio zein nazioarte mailan. Sariek aurrera jarraitzeko indarra ematen al dute?


Indar asko. Bai ilusio mailan bai ekonomikoki ere. Zure lanak publikoari gustatzen bazaizkio, lan hau egiteko balio duzula esan nahi du. Beraz aurrera egiten duzu. Bestalde sari ekonomikoekin  laburmetailen parte bat amortizatu dezakezu, esparru honetatik kanpo, laburmetraiek ez baitute bestelako irtenbide ekonomiko askorik.


Zein da zure lanik kuttunena?


Denak dira kuttunak era batean edo bestean. Ideia berri bat duzunean eta horretan lanean zabiltzanean hori izaten da kuttunena beti. Azken finean, ilusio gehien egiten dizuna. Atzera begiratuz gero, polita da ordura arte egin duzun ibilbidearen bilakaera ikustea.


Zeintzuk dira zure inspirazioak?


Esan bezala ipuinen eta istorio mitologikoen artean hazi naiz. ‘Los monstruos no existen’ lanaren kasuan, mitologia kanbodiarraren imajinarioan inspiratu nintzen, zehazki,  Yeak izeneko deabru izugarrian. Bertako ipuin askotan agertzen den pertsonaia da. Hemengo zakugizonaren antzekoa. Deabru eta munstro asiatikoak beti gustatu zaizkit: detaile koloretsuz beterik daude, begi borobilak dituzte eta letagin korapilatuekin.. amesgaizto exotiko bat izango balitz bezala.


Egungo krisi ekonomikoaren esparruan, nahiko zaila izango da laburmetrai bat ekoiztea eta aurrera eramatea. Nola izan duzu posible ‘Los Monstruos no existen’ gauzatzea?


Proiektuaren planteamendua hasieratik oso merke izateko prestatu nuen. Lau pertsonez osatutako talde txiki batek bakarrik egiteko. Sorbaldako bi kamera hartuta, “gerrilla” planteamenduarekin, ahalik eta denbora gutxienean grabatu nahi genuen laburmetraia, bertako lokalizazio naturaletan. Bueltan edizioa eta posprodukzioa nik neuk egin nituen etxeko ordenagailuan, teknologia gero eta eskuragarriago dugu eta. Soinua eta musika lagunek egiten dute. Eta denon artean altxatzen dugu proiektua. Gaur egun daukagun egoera ekonomikoarekin produkzio planteanduak aldatu behar dira. Diru gutxi eta irudimen handiarekin egin behar dira gauzak.


Noizko luzemetraiarako saltoa?


Horretan nabil orain. Proiektua badaukat baina diru bila nabil. Esan bezala, dirua lortzea ez da erraza baina lortuko dugu azkenean, modu batez edo bestez. Filmari buruz gutxi esan dezaket;  genero fantastikoa jorratzen duela eta Euskal Herrian grabatzeko asmoa dudala.

 


Trailerra

 

 

 

Egilea: Saioa Fdz. De Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide