Arabatakada, unibertsitate euskaldun eta herritar baten aldeko jaialdia

hirinet 2012ko mai. 4a, 11:28

arabatakadaelkarrizketaBeste urte batez (eta dagoeneko badira bederatzi) Arabatakada ‘motorrak berotzen’ hasi da eta ia-ia prest dago datorren maiatzaren 11an arabar, eta euskaldun gazteak orokorrean, bilduko dituen jaialdia ospatzeko. Kanpuseko ikasleen arteko olinpiadak, herri bazkaria, maketa lehiaketa eta kontzertu eskaintza zabala (EH Sukarra, Gose, Betagarri...) dira unibertsitate euskaldun eta herritar bat eskatzen duen ekimenaren osagaiak. Hau guztiaz mintzatzeko Ane Labaka eta Ioritz Iparragirre Arabatakadako bozeramaileekin egon da Hirinet.


Arabatakada ez da jaialdi hutsa. Zein da egiten duen aldarrikapena?

Arabatakada unibertsitate euskaldun eta herritar baten aldeko jai aldarrikatzailea da. Nahiz eta itxuraz, Euskal Herrian euskal unibertsitateak badaudela ematen duen, errealitatean hori ez da horrela. Gabezia handiak ikusten dizkiogu hezkuntza sistema honi, eta horiek aldatzeko borrokatzea da gure helburu nagusia.


Orain dela bederatzi urte jaio zen. Zein izan da ekimenaren bilakaera? Filosofia bera mantentzen al du?

Beti izan da Kanpuseko ikasle mugimenduaren jaialdia eta beti Unibertsitate euskaldun eta nazionala aldarrikatu du. Hau baita ikasle mugimendua batzen duen aldarrikapena. Jaialdiaren arrakastak berak sortutako tamainak, forma aldetik eraldaketa batera eraman du jaialdia bera. Duela bost urte udalak zein kanpusak baldintza berriak ezarri zituzten jaialdia burutzeko, hala nola kokapena, horrek dakarren guztiarekin.


 

Horrelako jaialdia ospatzea ez da lan makala. Nola antolatzen duzue egin beharreko lana eta nortzuk osatzen duzue lan taldea?

Arabatakadako lan taldea Gasteizko kanpuseko ikasle mugimenduaren adierazpen ezberdinek osatzen dute. Lan talde ezberdinak daude, hala nola, azpiegitura, komunikazioa, bazkaria, olinpiadak, kontzertua, txandak... Guztietan daude ikasleak. Esperientziagatik eta ikasle mugimenduari laguntza emateko, zenbait ikasle ohi ere aritzen da laguntzen. Zenbait profesionalek ere ematen digute laguntza, betebehar tekniko batzuk existitzen direlako; elektrizitatea, kontratu batzuk legalki erredaktatzeko...

 

Gose, EH Sukarra, Betagarri, Kaotiko… Zaila egiten zaizue hain kartel zabala ondo lotzea?

Oso zaila, aurrekontua mugatua baita. Eta ikasleon agenda eta taldeen agenda koadratzea oso zaila da. Gainera, beti musika estilo ezberdinak presente egoten saiatzen gara, eta ez da lan samurra.

 

Finantzazioari dagokionez, nondik lortzen duzue laguntza?

Egun, Arabatakadak, ez dauka inongo diru-laguntzarik, babesa ikasle mugimenduko indarrean topatzen dugu. Boluntarioekin egindako jaialdi autogestionatua da. Ikusten den gainontzeko guztia, dirua kostatzen zaigu, gehiago edo gutxiago hornitzailearen arabera. Udaleko baimena eskuratzeko hainbat betekizun dauzkagu (fidantzak, aseguruak, anbulantzia, larrialdi planak, garbitasuna, komunak, euritik babesteko karpak...), horri diru-laguntza eza gehitzen badiogu, sarrera sinboliko baten beharra daukagu sorturiko gastuei aurre egiteko.

 

Ekintzen artean, talde gazte berriei aukera bat ematen dien Maketa Lehiaketa antolatu ohi duzue eta saria, hain zuzen, Arabatakadan bertan jotzea da… 

Lehengo maketa lehiaketa duela lau urte izan zen. Aurten 20 talde aurkeztu dira. Taldeak nongoak diren ez dugu baloratzen eta ezin dugu nongoak diren baieztatu, beharrezkoa da ordea, taldekide bat Gasteizko kanpuseko ikaslea izatea. Epaimahaia kontzertuetako lan taldea da, talde horrek baloratzen ditu. Talde horrek erabaki behar du taldea gai den kontzertu bat emateko, teknikoki zein beharrezkoa den errepertorioa edukita. Guztiei eskaintzen diegun saria promozioa da, Arabatakadako web-orrian milaka lagun sartzen baitira eta irabazleari jaialdiaren lehenengo kontzertua izatea eskaintzen diogu.katelaweb

 

Egun horretako giroa aparta izango da, ezta?

Aurreko urteetako jaialdietan giro bikaina izan dugu eta aurtengoan ere ziurtatuta dago. Gure aldarriak ahaztu gabe, festa egun bat igarotzea da antolatzaileon asmoa eta horretarako ezinbestekoak dira giro sanoa eta ona.

 

Aurtengo parte-hartzearen aurreikuspenik bai?

Zaila da aurreikuspenez aritzea, baina berez iazko zenbaki berdinak errepikatzera eta hobetzera helduko garela uste dugu. Sarrerak Gasteizen bakarrik saltzea erabaki zen, baina aldi berean Internet bidez ere eskuragai jarri ditugu. Sarrerak erritmo bizian saltzen ari gara momentuz, eta oraindik aste bete baino gehiago falta da.

 


Informazio gehiago: www.arabatakada.org

 

2012/05/04

Saioa Fdz.de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide