Zorionak guri!

hirinet 2012ko api. 25a, 12:28

RUBEN SANCHEZ BAKAIKOAZu, irakurle, ez zaitut konbentzitu behar. Ez dizut euskara Arabako hizkuntza dela frogatu behar. Ez dizut azaldu behar baietz arabar idazle euskaldunak egon direla eta badaudela: Larrazaga, Betolaza, Gamiz, Apraiz, Montoia, Jaio… Ez dizut erakutsi behar Arabako toponimiaren mapa bat. Ez dizut azaldu behar Arabako bertsolari txapelduna Manex Agirre dela eta berriki jokatu den taldekako txapelketan Agurainaldeko taldea izan dela txapelduna eta Aiaraldekoak txapeldunorde. Izan ere, zu euskaraz irakurtzen ari zara.

Testu hau, agian, ezingo zenuen irakurri 1991n. Nik behintzat ezingo nuen euskaraz sortu. Artean 15 urte neuzkan eta ‘A’ ereduko (apaiz)-eskola batean nengoen. Ez nekien euskaraz. Inkestek diotenez Araban %7 ziren orduan euskaldun, gaur egun %15 pasatxo gara euskaldun. Badakit gero %15 guzti horrek ez duela euskaraz egiten. Baina euskara dudarik gabe gero eta gehiago entzuten da Araban. Nik behintzat gogoan daukat kalean baten batek ‘agur’ esan eta nor zen ikusteko buelta erdia ematen genuen sasoia.

Ez da gurea bide erreza izan eta ez du ematen aurrerantzean ere gauzak ikaragarri aldatuko direnik epe laburrean behintzat. Jarraitu beharko dugu poliki-poliki. Arazoa ez da euskara zaila dela, nazka-nazka eginda nago tontakeria horrekin. Baina egia da kostatu zaigula euskara ikastea.zorionak guri taula

Izan ere, euskara ikasi dugu, oso gutxitua geratu zen lurralde batean, bertako erreferentziarik gabe ia-ia. Arabar euskaldun zahar apurrak ezin ziren arabar euskaldun berri eta ikastoletako gazteen eredu. Baina euskara ikasi dugu: euskara irakatsi ez zigun eskolaren kontra, telebista kate gehienen kontra, globalizazioaren kontra. Euskara ikasi dugu gure poltsikotik ordainduta. Euskara ikasi dugu gure denbora luze xamar bat horretara emanda.

Euskara ikasi beharrez, telebistan gehien nahi genuena ikusteari utzi diogu, euskarazko saioa ikusteagatik. Euskara ikasi beharrez, liburu irakurgaitzak irakurri ditugu euskaraz. Euskara ikasi beharrez zenbait euskarazko irratsaio jarri ditugu dialean, batzuetan nazkatu arren.

Zorionez iritsi zen egun zehaztugabe bat, beste edozein bezalakoa itxuraz, -guztiontzat berdin egingo zuen euri zein eguzki-. Baina egun hartan ohetik jaiki eta gure burua ispiluan ikusi genuen, eta egun xelebre hartan, ispilua zeharkatu genuen hartan, euskal mundu miresgarrian topatu genuen gure burua. Hantxe zegoen gure zain, eta lurralde miresgarri hartako pertsonaia gehienei aski ongi ulertzen genien: musikari, kazetari, bertsolari, idazle… batzuk zoragarriak, beste batzuk petardoak… eta haietako batzuk arabarrak, gu bezala.

(Noiz euskaldundu zinen galdetzen didatenean, beti erantzuten dut ‘kalean nire inguruko euskaldunekin euskaraz egiten hasi nintzen egunean’, baina ez dakit zehazki zein egunean izan zen hori… euskararen lurralde miresgarriko misterioetako bat).

Batzuek diote Arabako euskararen gorakadaren gakoa Gasteizen Jaurlaritza eta Euskal Filologia fakultatea jarri izanaren emaitza dela. Baliteke izatea gakoetako bat, ziur aski. Baina Arabako gainontzeko herriak, Gasteiz bera bezain euskaldundu (eta askotan gehiago) daude gaur egun. Eta Gasteizen bertan badira (gainontzeko Euskal Herrian bezala) beste gako asko, nire ustez pisuzkoagoak: euskaltegiak, ikastolak, euskalgintza oro har…

Euskararen aldeko ekimenei, hainbestetan eginaren eginaz, garrantzia kendu ohi diegu, baina nire kasuan behintzat erabateko garrantzia izan zuten: AEK eta Korrika, IKA, Bagare, GEU Gasteiz (zorionak! hirinet.net), euskarazko musika taldeak, giro eta txoko euskaldunak, Araba euskaraz, Zigoitia euskaraz, Euskaraz Añanan mingainean, Zuia Euskaraz… barkatu denak ez aipatzea.

Horrela, lehen ia aldarrikapen hutsa zena, euskara, gozamena da gaur egun (eta aldarrikapena ere tamalez). Termometro bat baino gehiago erabil dezakegu, hartu dezagun bertsolaritza. Orain dela 30 bat urte sortu ziren Gasteizen eta Aiara aldean lehen bertso-eskolak. Arabar bertsolaririk ez zegoen, bertsozaleak ere… oso gutxi. Gaur egun, ordea, arabar eskualde guztietan antolatzen dira bertso-saioak, gehienetan arabar bertsolariekin. Publikoa gozatzera joaten da, ez euskararen aldeko ekimen bat bultzatzera. Bertso eskoletan ehunka gazte dabiltza.

Oraindik gutxiengo batentzat bada ere, euskara utopia ia artifizial bat zena, eguneroko hizkuntza izatea lortu dugu. Eta ni ziur naiz, ispilua zeharkatu eta euskararen lurralde miresgarrian sartu garen gehienok ez gaudela amets hori uzteko prest, areago, gure lagun, seme-alaba, guraso etab. eskutik heldu eta lurralde miresgarrian sartu daitezen ahalegintzen gara eta askotan lortzen dugu. Utopikooi esker ez da galduko euskara.

Jakina, ez naiz inozoa, nik nahiko nuke euskara normalizatua egotea, eta instituzioek eta enpresek euskara zokoratzen jarraitzen duten heinean, hori ez da etorriko. Arabar eta Euskal Herriko biztanle guztiak ezin gara izan ‘euskararen militante’. Herritar gehienek normaltasunez normala dena egingo dute: erdara.

Gure inguruan, badira oraindik ere euskalduntzen ez duten eskolak. Etorkinek eta bertako gazte ez euskaldunduek beren poltsikotik ordaindu behar dute euskara ikastea (Catalunyan ez bezala, esaterako). Telebistan, egunkarietan, irratietan, zineman, aldizkarietan, lanean, negozioetan, kalean… euskara baztertua da.

Araban bagare bai, eta etorriko da eguna euskaraz bizitzea askoz normalizatuago dagoena. Bitartean poliki-poliki jarraituko dugu, dabilen harriari goroldiorik ez, ezina ekinez egina… ikasi eta erabili.

 

 

Egilea: Ruben Sanchez Bakaikoa

2012/04/25

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide