“Historiarekin hitzordua irabazi” lehiaketaren goi-mailako epaimahaia nork osatuko duen jakinarazi da

hirinet 2012ko api. 20a, 12:04

 

unesco etxea2012ko apirilaren 20a, Londres/New York/Bilbo. Erakunde eta gizabanako talde zabal batek indarrak batu ditu “Historiarekin hitzordua irabazi” lehiaketa abiarazteko. Aurtengo ekainean, Brasilen, Rio+20 Lurraren Goi-bileran bilduko diren buruzagi politikoei eta erabakiak hartzen dituztenei zuzendutako diskurtso bat grabatzea da lehiaketaren funtsa. Helburua da munduko gazteak hauspotzea hitza har dezaten eta estatuetako liderrei bidea erakuts diezaieten iraunkortasunaren arloan premiaz jarduteko.

Diskurtso onena aukeratzeko bozketa publikoa izango da eta sarean egingo da. Bozketa horren bidez erabakiko dira eskualde bakoitzeko irabazleak. Ondoren, hogei lagunez osatutako epaimahai eklektiko batek hautatuko du azken irabazlea. Epaimahaiko kide dira mundu mailan eta gazteen artean itzal handia duten dozena bat lider: Frances Beinecke, Baliabide Naturalen Babeserako Kontseiluko lehendakaria; Timothy E. Wirth, Nazio Batuetarako Fundazioaren lehendakaria; Leonardo DiCaprio, aktorea eta ingurumenaren aldeko ekintzailea; Hayden Panettiere, aktorea eta ekintzailea; Marina Silva, Brasilgo ingurumen ministro ohia; Sergio Marone, aktore eta ekintzaile brasildarra. Entzute handiko hainbat pertsona ere badira epaimahai horretan, hala nola Kandeh K. doktorea, Industria Garapenerako Nazio Batuen zuzendari nagusia eta Guztiontzako Energia Iraunkorra goi-mailako taldearen idazkari nagusiaren presidentea, eta Christina Figueres, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Hitzarmen Markoko idazkari exekutiboa. “Historiarekin hitzordua irabazi” lehiaketaren epaimahaian da, halaber, Svern Suzuki, doi-doi 12 urte zituela, 1992ko Lurraren Goi-bileran eman zuen hitzaldi hunkigarriarekin mundua isilarazi zuen neska.

UNESCO Etxea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, lehiaketaren sustatzaileen artean dago nazioarteko beste erakunde batzuekin batera (TckTckTck, Climate Nexus, UN Foundation, Music for Relief, NRDC, Elizen Kanadako Kontseilua eta David Suzuki Fundazioa). Ekimenaren bidez, UNESCO Etxeak espero du gazteen ahotsaren parte-hartzeak lagundu egingo duela Goi-bileran gobernuek ekintza erabakigarriak har ditzaten ziurtatzen.

Epaimahaiko kide da Aitana Uria, UNESCO Etxekoa: “Une batzuetan mezuak zuzena izan behar du, eta bihotzera bideratua, eta mezulariak kontzientziak pizten jakingo duen norbait. Nor hobe gazte bat baino, etorkizuna hazten ikusiko duen norbait, gaur egungo liderrak garapen iraunkorraren aldeko egiazko konpromisoa hartzera bultzatzeko. Bekak aukera ematen du esperientzia paregabe hori bizitzeko, eta itxaropena dugu ekaineko bilkura horretako itxaropen-printzak piztuko dituela, Rio+20 Goi-bilera arrakastatsua izan dadin eta pertsona guztiak harro senti gaitezen”.  

“Historiarekin hitzordua irabazi” lehiaketari buruz 

Klima Aldaketaren Aurkako Ekintzarako Kanpaina Globalak (www.tcktcktck.org ), Climate Nexus Taldeak eta Baliabide Naturalen Babeserako Kontseiluak (NRDC, ingelesez) antolatu dute “Historiarekin hitzordua irabazi” ekimena. (@datewithhistory kategoria erabilita). Bideoek 2 eta 3 minutu arteko iraupena izan behar dute. 2012ko maiatzaren 6an bukatuko da izena emateko epea, eta orduan aukeratuko dira eskualdeko hitzaldi entzutetsuenak, sarean emandako boz kopurua aintzat hartuta. Hautatutako diskurtsoak finalista izango dira. Epaimahaiko kideek, munduko hainbat lekutako itzal handiko pertsonek, finalisten zerrenda berrikusi eta irabazlea hautatuko dute 2012ko maiatzaren 15ean. Irabazleak Rio de Janeirora bidaiatu ahal izango du eta aukera izango du Lurraren Goi-bileran bere ikuspegia zuzenean aurkezteko. Horrez gain, ekitaldietan izateko eta jardueretan parte hartzeko aukera izango du, prozesu ofizialean esku hartzen duten gazteekin batera.

Lehiaketaren arauei buruz informazio gehiago lortzeko, nola parte hartu jakiteko, edota epaimahaiko kideen zerrenda osoa eskuratzeko, hauxe duzu webgunea:  

http://CitaconLaHistoria.com 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide