HIRINET, Gasteiz eraldatuz doalako

hirinet 2012ko api. 18a, 11:12

150gr_2 (2)

2012/04/03

 Josean Bueno Sáez de Albéniz

 

 

Dena beti aldaketan dagoela esaten zuen Heraklitok, eta horregatik inor ezin dela bi aldiz bainatu errekaren ur berberean. Arrazoia izango zuen, seguruenik, behintzat gure hiriari begiratzen badiogu. Heraklitok errekan egiten zuen bezala, Gasteizen egunero murgiltzen gara gu, eta gure hiria atzokoa dela dirudien arren, eraldatzen doakigu etengabe, batzuetan astiro, beste batzuetan mudantza bizi-bizian.

Umetan ezagutu nuen Gasteiz hura gogora ekartzea aski da aldaketen tamaina antzemateko. Gure jolastokia ziren Santa Luziako garitza soro eta errekaren ordez izen bereko auzo bat dago, jada gainera auzo berria ez dena. Harago bai, auzo bai berria zabaltzen da, Salburua. Aerodromoa gogoratzen dut bertan; hegazkinak aireratzean edo lurreratzean barrerak jaitsita errepidea mozten zen eta han zain geratzea egokitzen zitzaigun noizbehinka. Autoak Dato kaletik eta Plaza Berrian barna ibiliz oroitu ditzaket, eta duela ez horrenbeste Antso Jakituna kaletik ere bai, adibide xume batzuk aipatzearren.

Ez da ingurune fisikoa bakarrik antzaldatu dena, jende-paisaian ere sakonak izan dira aldaketak. Garai batean Familias del mundo kartetan bakarrik ikusten genuen hainbat arraza eta kultura. Beranduxeago Londreserako eta Pariserako bidaietan deigarria egiten zitzaigun hango jende aniztasuna. Gaur, aldiz, gure umeentzat egunerokoa da kolore eta era askotako jendea kaletik ikustea. Gure hiria mundu zabaleko jatorri ugariko pertsonen etxea da, eta auzokide guztiok Gasteiz berri hau goaz osatzen, garai batean asmatu ere ezin genezakeen aniztasunean.

Eta euskararekin, zer? Bada, umea nintzenean ez zen erraza euskara entzutea Gasteizko kaleetan. Bazterretako zerbait zen, hainbat leku jakinetako hizkuntza, erdi ezkutukoa. Euskal hizkuntzarekin ia-ia harremanik eduki gabe bizi zitekeen Gasteizen. Beranduxeago, Franco hil ondoren batez ere, paperetan eta karteletan hasi ginen euskara ikusten, gero eta maizago, nahiz eta oraindik ere gutxi entzun kalean. Garai hartan euskaraz egiteak automatikoki konplizitatea eragiten zuen hiztunen artean, oso gutxi baitziren orduko Gasteizen euskaraz aritzen zirenak. Euskarazko liburuak aurkitzeko ere leku jakin batzuetara jo behar genuen; Herrikoia, alde zaharreko zulo miragarri hura datorkit gogora.

Baina gure bidea egin dugu eta denborarekin euskara gero eta normalagoa egin zaigu Gasteizen. Iraganera begiratzeak eginikoaren neurria ematen digu, eta ez da lorpen makala izan. Akatsak akats, jende askok, esparru askotatik, modu askotan, eraman du euskara Gasteizen gaur duen lekura. Eta erdietsikoari nahikoa ez deritzogun arren, euskaldunok gure hirian aurrera jo dugula ez dago dudarik.

Eta orain  Hirinet jaio da, Gasteizko euskaldunon topagune eta informazio-lekua, duela urte batzuk imajinatu ezin genezakeen formatuan, Internet web moduan. Heraklitori arrazoia emanez, gauzak ez dira duela hilabete batzuk bezalakoak Gasteizko euskaldunontzat: gure hiriko kontuez euskaraz informatzeko eta parte hartzeko gune berria zabaldu zaigu. Murgildu gaitezen eta igeri egin dezagun Gasteizko web berrian, Hirinet euskararen uretan aldaketa gehiagoren ataria izan dadin.



ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide