Klima aldaketak mikologian duen eragina aztertuko dute Gaubean

Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 11:28
Flora mikologikoa bilduko dute, larunbatean eta igandean. PHOT.OK

Elkarte mikologikoen lehen topaketa antolatu dute Arabako, Errioxako eta Burgosko zenbait elkartek, urriaren 21etik 23ra, Barrio eta Espejo artean.

Hitzaldiak, flora mikologikoa biltzeko txangoak eta erakusketa mikologikoa izango dira Gaubeako protagonistak urriko hirugarren asteburuan; izan ere, 'Mikologia, aldaketa klimatikoaren aurrean' tituluarekin antolatu dute bertan elkarte mikologikoen lehen topaketa. Zalduondoko Zizegorri elkartea, Artzena mendilerroko talde mikologikoa, Haroko (Errioxa, Espainia) Toloño elkartea eta Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) Centro de Estudios Micologicos izan dira topaketa antolatzen ibili direnak, Espejoko eta Barrioko batzar administratiboen laguntzarekin, eta herriko landaetxeen eta tabernen babesarekin.

Hilaren 21ean, 19:00etan, bilduko dira topaketan parte hartzera animatzen diren elkarte mikologiko guztiak, Espejoko gizarte etxean, eta ordu bete beranduago, 20:00etan, lehen hitzaldia izango da, Eneko Otxoa Larringan Aleovitro enpresa bioteknologikoaren eskutik. Aleovitro punta-puntako enpresa da, eta oso espezializatuta dago in vitro landareen hedapena ikertzen eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak berreskuratzen.

Erakusketa Espejon

Larunbatean, urriaren 22an, goizean, zizak eta onddoak bilduko dituzte gonbidatuek arratsaldetik aurrera zabalduko duten erakusketa osatzeko. Alta, ez da ohiko bilketa izango, Lurgaia natur ondarearen kontserbaziorako eta kudeaketarako fundazioko Jon Hidalgok lagunduko baitie, eta inguruko basoen egoeraren inguruan hitz egingo du. Ondoren, 18:00etan, bildutako aleak sailkatuko dituzte, eta erakusketa zabalduko da, Espejoko gizarte etxean. Gainera, 20:00etan, hitzaldia antolatu dute, Miranda Ebroko Micolosa ikerketa taldeko kide Luis Abadia Diezen eskutik.

Igandean amaituko da Gaubeako topaketa. Goizean, flora mikologikoa biltzeko bigarren txangoa egingo dute, Barrio inguruan, eta arratsaldean, berriz, lehen jardunaldi mikologikoen balorazioa izango da.

Elkarte mikologikoen Gaubeako lehen topaketa honetan izena emateko epea zabalik dute antolatzaileek eta informazioa ere eskuratu daiteke 630 87 35 46 eta 691 54 96 12 whatsapp zenbakietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide