Karkamu: orain artekoa, hankaz gora

Juanma Gallego 2020ko mar. 2a, 06:00
1970ko hamarkadan zaharberritu zuten aurrenekoz Karkamuko San Joan baseliza. / ERDI AROKO ARABA

Karkamuko San Joan baselizan dagoen idazkun bati buruzko interpretazio berria egin dute Isabel Mellen eta Jose Antonio Munita historialariek, orain arte egiten zen irakurketa errotik aldatuz.

1975. urtean aurrenekoz horren berri izan zenetik, AN CEI L CISTER VENIT irakurri izan da Karkamuko San Joan baselizaren barruan aurkitutako harri batean, hau da, "1150. urtean Zisterra etorri zen". Frantzian sortutako ordena bati erreferentzia egiten dio esaldiak. Lehen begirada batean, informazio eskasa ematen du, baina, garai horietako idazkiak hain urriak izanik, esaldi bakar horretan oinarritu dira historialariak orain arte egin dituzten hipotesiak mamitzeko.

45 urte ondoren, baina, idazkun hori bere osotasunean zalantzan jarri dute Isabel Mellen eta Jose Antonio Munita Loinaz historialariek Sancho El Sabio aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean. Harri horretan ANGELICIS REVENT agertzen dela proposatu dute; hau da, aingeruen etorrerari buruzko aipamena litzateke. Idazkun hori XVI. mendekoa dela diote, erabiltzen den hizki motan eta testuinguruan oinarrituta.

"Idazkun honi egiten zaion lehen aipamena Vidal Fernandez de Palomares egilearena da, 1975.ean Angosto aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Berak egin zuen proposamen hori, eta, gaur arte, horrela mantendu da", azaldu du Erdi Aroko Araba Elkarteko historialari Isabel Mellenek. Urte hauetan guztietan, gaiaren harira bi jarrera egon direla azaldu du adituak. "Badira irakurketa hori zalantzan jarri ez dutenak, baina badira ere hori zalantzan jarri bai baina bestelako interpretaziorik proposatu ez dutenak".

Saturnino Ruiz de Loizaga ikertzaileak lehen interpretazio horrekin bat egin izanak lagundu du orain arteko uste hori mantentzen. "Ruiz de Loizagak sinesgarritasuna eman zion, eta ia-ia kondaira bat eratu zuen horren inguruan. Horren arabera, Frantziatik etorritako fraide bat izan zen idazkuna egin zuena, Zister ordenaren monasterio bat lur hauetan sortu nahian", gogoratu du Mellenek.

Gaiaren inguruan erreferentzia garrantzitsua den Euskadiko Erromanikoaren Entziklopedian ere mantentzen da idazkunari buruzko lehen interpretazio hori; are gehiago, istorio hori indartu egiten da.

Bi ordutan

Erdi Aroko Araba elkarteak antolatutako bisitaldi bat prestatzeko garaian abiatu zen interpretazio berria. "Hara egin behar genuen bisitaren bezperan gure kolaboratzailea den Jose Antonio Munitarengana jo nuen, idazkun horri buruzko bere iritzia jasotzeko. Izan ere, bera paleografoa da. Bada, argazkiak bidali eta bi ordutara bidali zidan erantzuna. Bertan, zalantzan jarri zuen orain arte egiten zen irakurketa, eta irakurketa zuzena bidali zidan". Gauzak horrela, hurrengo larunbatean bertan interpretazio berriari buruzko azalpenak eman zituen Karkamuko baselizara egindako bisitan bertan. "Oso polita izan zen, hor bertan, lehen eskutik, interpretazio berria ezagutzea".

Kanpotik ikusita, bederen, zaila dirudi 45 urtez mantendu den zerbait bi ordutan gezurtatzea. Nola da posible? "Askotan Historian eta Artearen Historian gertatzen da hau", erantzun du Mellenek. "Ikertzaile batzuek aurretik beste ikertzaileek idatzitakoa besterik gabe hartu eta sinetsi egiten dute. Baina funtsezkoa da beti beti iturrietara jotzea". Munitaren interpretazio berria berehalakoan jaio arren, Mellenek dio Munitak beste hainbat aditurekin kontrastatu duela hipotesia, eta zientzia argudio sendoekin osatu du, Sancho el Sabio aldizkarian bertan irakur daitekeen moduan.

Dena dela, idazkun bakar batetik baino harago doa kontua. Izan ere, Arabako erromanikoari buruzko datazio guztiak erreferentzia gutxi batzuetan oinarritu dira, eta Karkamuko hau horietako bat zen. "Baina orain badakigu guztiz asmatutakoa den data batean oinarritu dela guztia". Arabako elizak noizkoak diren jakiteko ia dokumentaziorik ez dagoela kontuan izanda, orain berrantolaketa egiteko erronka ez da makala.

Esku artean dituzten datuen arabera, baseliza hori Beltran de Salazar familiari lotuta egon zen, Gaubean garrantzi handia izan zuen familia bati, alegia. "1970ko hamarkadan tenpluaren zaharberritze bat egin zen arte, baseliza etxe bati atxikita egon zen". Horregatik, Mellenek uste du orain baseliza den hori benetan kapera pribatu bat izan zitekeela. Hori, gainera, bat dator irakurketa berrian egin duten interpretazioarekin, esaldiak hileta-izaera duelako, eta harri hori jatorrian hilobi baten barruan egon zitekeelako. Erabilitako hizki mota, gainera, bat dator garaiarekin, Munita irakaslearen arabera: Erdi Arokoak ez baizik hizki humanistak dira, XVI. mendearen bueltan erromatarren hizkiak imitatzeko erabiltzen ziren motakoak, hain justu.

Idazkuna argitzeaz gain, baseliza hori zein santuren izenpean zegoen argitzen saiatu da Mellen. "Hau konplexua da, gerra karlisten garaian artxibo gehienak desagertu zirelako. Baina, jarraipena eginda, badirudi hasiera batean San Torkuatoren deitura zuela, eta, XVII. mendean, San Sebastianena. Orain San Joanen izenpean dago".

Orain arteko datazioak iraulita, etorkizunean gehiago etor daitezke. San Vicentejorenak edo Markizko San Joan baseliza izan daitezke hurrengoak. "Tira, sagaratzearen urtea ezagutzeak ez du esan nahi eraikuntzaren urtea dakigunik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide