Brontze aroko egiturak airean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko eka. 21a, 13:30
Astulezko gazteluaren inguruan indusketa egin du Ondare Babesak. PHOT.OK

Astulez eta Mioma lotzeko bidearen konponketa lanetan aurkitu dituzte Brontze Aroko etxola bat eta labe txiki baten hondarrak Ondare Babesako arkeologoek; zeramika kopuru "izugarria" ere topatu dute.

Duela zortzi urte Paquita Saenz de Urturi arkeologoak egin zituen indusketen emaitzak berretsi dituzte aste honetan bertan Astulezen, Brontze Aroko etxola bat, labe txiki bat eta zeramika zati kopuru "izugarria" aurkitu baitituzte herriko gazteluaren muinoaren beheko aldean. Ondare Babesa enpresako arkeologoak izan dira bertan lanean azken egunetan, eta aurkikuntzaren harira, Javier Ajamilek argitu du ez dela ustekaberik izan: "Astulezko gazteluaren azpian dagoen muino osoa balizko arkeologia zonaldea da, eta katalogatuta dago. Azken Brontze arotik I. Burdin arora muinoaren beheko aldea okupatu zuten, terraza artifizialak egokituz, eta bertan bizitokiak eraiki zituzten".  

Ajamilek azaldu duenez, Astulez eta Mioma artean bide bat egiten ari dira kamioiak, suhiltzaileak, eta bizilagunak pasatzeko. Obrak hasi zirenean ikusi zuten orban ilunak ateratzen zirela lurrean, eta material zeramiko ugari ere agertu zen; hortaz, lanak gelditu zituzten legeak agindu bezala aztarnak induskatu arte.

Etxola, labea eta zeramika

Ondare Babesa enpresari egokitu zaio bertan lan egitea, eta astebete pasatxo eman dute Astulezko gazteluak erdian duen muinoaren beheko aldean indusketa egiten. Kolore gorrixka duten zapaldutako buztinezko plakak aurkitu zituzten lehenik, eta horien gainean orban ilunak sua egiten zuten tokietan. 

Etxola baten hondakinak ere agertu dira –erdiko zulo handi bat zulo txikiz inguratuta–. Ajamilek azaldu duenez, erdiko zulo handian egurrezko enbor bat jartzen zuten etxola biribila eusteko, eta inguruan dauden zulo txikietan etxolaren teilatua finkatzeko zutabeak. Halaber,  beste eraikin batzuen aztarnak agertu dira, tartean labe txiki batenak, eta horretan zeramikazko pieza ugari topatu dituzte. "Agerian da hemen denbora luzez bizi izan zirela, zeramikazko pieza kopuru izugarria aurkitu baitugu", esan du Ajamilek.

Etxolaren aztarnek gizakiaren okupazioaren bi garai desberdin erakusten dutela nabarmendu du arkeologoak; hain zuzen, etxola baten gainean eraiki zuten bigarren bat, eta ondoren lurra bota  eta hirugarrena eraiki zuten. Hortaz, litekeena da inguru osoa induskatzen jarraituz gero, eraikin eta azpiegitura gehiago agertzea, baina une honetan errepidearen  ibilbidean dagoen zonaldea soilik aztertuko dute. "Oso gutxi induskatu da Gaubean, eta asko dago egiteko oraindik. Paquita Saenz de Urturik lan handia egin du hemen, baina gehiago dago oraindik egiteko", nabarmendu du Ajamilek.

Herrixka bat

Astulezko aztarnategia da Gaubeako ezagunetarikoa, kilometro gutxira dagoen Carancako Burdin Aroko herrixka gotortuarekin batera. Astulezko gazteluaren inguruko terrazetan, errekaren parean dagoen muinoan hain zuzen, Brontze arotik I. Burdin Arora herrixka inportante bat izan zen. "Gorabeherak eta aldaketak bizi izan zituen, baina beti mantendu zuten inguru horretan, eta Astulez herriraino zabaldu zen". Ez dituzte gizakien arrastorik aurkitu Astulezen, baina ez da harritzekoa, izan ere Ajamilek azaldu duen bezala, garai haietan erraustu egiten zituzten hildako lagunak.

II. Burdin Aroan eta erromanizazioaren aurreneko aldian okupatuta egon zela egiaztatuko lukeen hondakinik ere ez dute topatu, baina Erdi Aroan okupatu zuten berriz, eta garai horretan eraiki zuten gaztelua, inguruko bideak alderik alde kontrolatzeko. Gesaltza Añanako jauna Hijarko Dukearena izan zen gaztelua, eta Astulez ere Gesaltza Añanara bildu zen 1290. urtean.  Horregatik hain zuzen, muinoaren goiko terrazetan Erdi Aroko zeramika zatiak aurkitu zituzten duela zortzi bat urte. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide