Ibilbide berria egingo dute Gatz Haranaren balio ekologikoak erakusteko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko abe. 27a, 09:00

Gesaltza Añana elurtuta. PHOT.OK

Eusko Jaurlaritzak 450.000 euro inbertituko ditu 2019 urtera arte Gatz Haraneko bide berrian.

Añanako Gatz Haranak ingurumen ibilbide bat izango du 2019tik aurrera. Ibilbide berriarekin nabarmendu nahi dute "antzinatik nola uztartu izan diren gatza ustiatzeko giza jarduera eta inguru naturalarekiko errespetua". Hala, gatzaga osoa bisitatu ahalko da, garai bateko bideak eta pasaguneak berreskuratuko baitira.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak, guztira, 450.000 euroko inbertsioa egingo du ibilbide berria prestatzeko. Hala, 2019ra arte urtean 150.000 euroko diru-laguntza emateko konpromisoa hartu du proiektua gauzatzeko. 

Iñaki Arriola sailburuak azpimarratu duenez, ibilbideari esker gatzaga gune osoa bisitatu ahal izango da, "orain arte inoiz egiterik izan ez den bezala". Gainera, azaldu duenez, ingurumen-irizpideak zorrotz errespetatuz eraikiko dute ibilbidea, eta material ekologikoak bakarrik erabiliko dituzte. 

Egun, Gatz Haranak interpretazio-ibilbidea badu bisitarientzat, batez ere gatzaren ekoizpena, jarduera eta historia erakusteko, eta guneko punturik interesgarrienak barne hartzen ditu. Baina ikusi dute komeni dela beste ibilbide batekin osatzea, eta arreta bereziki gatzagen eta inguruaren ingurumen-balioetan eta dibertsitate ekologikoan eta biologikoan jartzea. 

Hala, Gatz Harana Fundazioaren jarraibideen arabera planteatutako ibilbidearen zatirik handiena Suso ubidearen paraleloan joango da, eta goi-ibarraren inguruan ohiko ibilbidearekin lotuko da. Handik Muera errekaren ibilgura jaitsiko da eta, zeharkatu ondoren, beste ertzetik jarraituko du. Zati batzuetan egurrezko habeez eutsitako lurrunketarako larrainen azpitik pasatuko da.

Jatetxe berria

Beste alde batetik, bisitarien eskaera gastronomikoari aurre egiteko, Gesaltza Añanako Udala obrak egiten ari da jatetxe berri bat eraikitzeko, igerilekuen ondoan.  420.000 euro gastatuko ditu Udalak 120 lagunentzako tokia izango duen taberna eta jatetxea eraikitzeko. 2018ko udarako zabalik izatea nahi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide