Euskararen aurkako erasoei "batasunetik" aurre egiteko deia egin dute Laudion

Erredakzioa 2022ko ots. 5a, 17:10

Ehunka lagun bildu dira Laudioko herriko plazan, Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza eskakizunen inguruko eta Udalaren erabakiaren aurkako epaia salatzeko deitutako elkarretaratzean.

Aste honetan ALEAk argitara atera duenez, Gasteizko epaile batek euskara "zaila" dela argudiatu du hizkuntza eskakizun bat saihesteko. Argudio horren bitartez, eta 45 urte gorako bitarteko funtzionarioei euskara eskatzea "diskriminatzailea" dela esanez, hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen bitarteko funtzionarioari arrazoia eman dio epaileak.

Langileak 1.295 ordu eman zituen euskara ikasten, baina soilik 1. hizkuntz eskakizuna aurkeztu zuen, eta ikasteko "ahalegin horrekiko batere sentsibilitaterik" agertu ez izana leporatu dio epaileak Udalari. Hortaz, langilea berriro lanpostuan hartu eta indemnizazioa ordaintzeko agindu du.

Oihartzun handiko epaiak polemika eta haserrea piztu ditu Euskal Herri osoan, bereziki euskalgintzako eragileen artean. Ander Añibarro alkateak ofizialki iragarri du Laudioko Udalak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela.

Testuinguru horretan, epaiaren aurrean beren desadostasuna agertu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzak, eta ehunka lagun bildu dira bi eragileek deitutako elkarretaratze bateratuan. Larunbat honetan egin dute mobilizazioa, otsailaren 5erako, 12:30ean Laudioko herriko plazan, Euskaraz bizitzearen alde. Eskubide murrizketarik ez! lelopean. Eragile sozial eta politiko guztiei parte hartzera dei egin diete, Laudioko Udalaren erabakiaren kontrako epaia salatzeko.

"Euskal hiztunen eskubideen aurkako botere judizialaren oldarraldiari batasunezko erantzuna" ematera deitu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusik, epaiak "botere judizialak hizkuntza-araudia aldatzeko helburua duen estrategiari" jarraitzen diola salatuz: "Batasuna, batasuna eta batasuna". Gainera, antzeko epai gehiago "berandu baino lehen" etorriko direla aurreikusita, guztien artean "harresi" bat eraikitzeko beharra aldarrikatu du.

BIDEOA: Aiaraldea.eus

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide