Tubacexeko langileen protesta Legebiltzarrean, epaiketetarako hilabete falta denean

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 11:30
Tubacexeko langileen mobilizazioa Parlamentuan. / @Tubace_xen

Greba mugagabearen 105. egunean, protesta Legebiltzarreraino eraman dute berriro Tubacexeko langileek; barruan Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa suspertzeko batzordea izan da. Kaleratzeen epaiketak ekainaren 21ean eta 22an izango dira.  

Tubacexeko langileen protestak ordubetez eten du Gasteizko tranbiaren ibilbidea, azken hilabeteetan Eusko Legebiltzarrera joan diren bakoitzean bezala. Ertzaintzak atzera egitera behartu ditu langileak, eta, azkenean, polizia-kordoi bat jarri du gerturatu ez zitezen. Protesta 10:45ak aldera amaitu da, enpresa batzordearen agerraldiaren ostean.

Gaurko mobilizazioak Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa suspertzeko batzordearekin kointziditu du; izan ere, langileen zein zuzendaritzaren ordezkariek hitza hartu dute batzordean. Horrekin batera, Tubacexeko 300 grebalari inguru 8:00etan abiatu dira Aiaraldetik, eta elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren aurrean.

Epaiketak, ekainean

Bestalde, Tubacexek Aiaraldean dituen bi lantokietan gauzatutako 129 kaleratzeak aztertuko dituzten epaiketen datak aste honetan ezagutu dira: ekainaren 21ean, Laudioko TTI fabrikaren txanda izango da; hurrengo egunean, hilaren 22an, Amurrioko Aceralava lantegiarena. Bi epaiketa izango dira, beraz, EAEko Auzitegi Nagusian.

TTIren prozesua Garbiñe Biurrun buru duen atalean egingo da, eta Aceralavarena Juan Carlos Iturri epailearen aretoan. Sindikatuek horren balorazio positiboa egin dute, orain dela gutxi bi auzitegi horiek hainbat epai ebatzi dituztelako enpresaren aldearen kontra, "Covid-19tik eratorritako arrazoiengatik kaleratzeko debekua" interpretatzean. Izan ere, Espainiako Gobernuak arau hori ezarri zuen, enpresak ABLEEak aplikatzera bultzatzeko, kaleratzeen ordez.

Tubacexen kasuan, epaileek antzeko erabakia hartu eta kaleratzeak pandemiaren ondorioekin lotuta daudela ondorioztatzen badute, kaleratzeak ez lirateke bidegabetzat joko; aitzitik, EEEa baliogabetuta geratuko litzateke, eta langileak berriro onartu beharko lituzke enpresak.

Bai sindikatuek eta baita enpresak ere dagoeneko iragarri dute helegitea jarriko dutela epaia beren interesen kontrakoa baldin bada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide