EDU IBERNIA

"Greba amaituko da kaleratzeak bertan behera uzten direnean"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko api. 30a, 08:00
Edu Ibernia da Tubacexeko enpresa batzordeko lehendakaria. AIARALDEA.EUS

Maiatzaren Lehenaren atarian, Eduardo Ibernia Tubacexeko enpresa batzordeko lehendakariak greba mugagabearen balioa azpimarratu du. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "enpresaren diskurtsoarekin lerrokatu beharrean", lanpostuen defentsaren eta eskualdeko ehun industrialaren alde urratsak egiteko.

Tubacexeko greba mugagabearen 80. egunean enpresako langileen indarra eta batasuna nabarmendu ditu Eduardo Iberniak. Lan gatazkaren irtenbide bakarra kaleratzeak bertan behera uztea dela berretsi du enpresa batzordeko lehendakariak, eta langile guztiak lanera itzuli arte protesta mantenduko dutela azpimarratu du.

80tik gora egun daramatzazue greban; zer balantze egiten duzu?

Plantillaren batasuna azpimarratuko nuke. Eta, batez ere, enpresa batzordearen eta langileen artean egiten ari garen lana. Beti aldarrikatzen ari gara jendea batuta egon behar dela, eta, hain zuzen ere, batasunetik sortu da greba hau.

Zer giro dago egun langileen artean?

80 egunen ondoren, mota guztietako sentimenduak daude, baina gatazka hau guztion batasunetik sortu denez, jendea indartuta ikusten dugu, animotsu, eta hori da gakoa.

Eskualdeko eta kanpoko eragileen partetik elkartasun handia jaso duzue.

Biziki harritu gaitu. Nire ustez, islatuta sentitu dira. Hau gurpil bat dela ikusi dute edonori edozein unetan eragin diezaiokeena. Beraz, espero dut pixka bat apalduta zegoen klase elkartasun hori berreskuratzea; eta geratzeko izan dadila, gero ez dezagun hau guztia ahaztu.

Amaiera-data du greba mugagabeak?

Oraingoz, ez dugu amaiera-datarik ikusten, kaleratzeak amaitzen direnean amaituko da eta guztiok lanera itzultzen garenean. Egunez egun goaz. Gu asteroko mobilizazio-programa bat markatzen ari gara, eta, gainera, gure aldarrikapenetarako ikusgarritasuna irabazten, ahal dugun leku guztietan. Ez dakit deitu ez dugun edo egon ez garen komunikabiderik edo erakunderik dagoen.

"Hau gurpil bat dela ikusi du jendeak, edonori edozein unetan eragin diezaiokeena"

Gaurko egoera aurreikusi zitekeen?

Zurrumurrua hor zegoen iaztik. Negoziazioetan, enpresak lehenik eta behin proposatu zuena soldaten gaia ukitzea da, soldatak murriztea alegia. Baina enpresa batzordeak ez du onartzen, uste genuelako hori ezin zela trukera- ko txanpon gisa erabili Tubacexen etorkizuna bermatzeko. Hurrengo urratsa enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztea izan zen, eta, tira, gure kasuan, ELAk oso argi zuen enplegu-erregulazioko espedientearen abisu hori etortzen bazen erantzuna irmoa izan behar zela. Etorri zen, eta azkenean sindikatu guztiek eta langileek uler tu genuen erantzuna greba mugagabea izan behar zela.

Greba zen aukera bakarra?

Gaur egun, greba mugagabea da presioa egiteko dugun tresna. Gure helburua zero kaleratze egotea da, eta greba mugagabea besterik ez dugu ikusten. Bide juridikoa ere irekita daukagu, noski, baina alde bakoitzak duen jarrera baino, faktore aldagarriagoen mende dago bide juridikoa. Beraz, gure helburua grebarekin jarrai- tzea da kaleratzeak bertan behera uzteko. Langileen ia %90ek babesten dute greba, eta lantegitik ez da hodi bakar bat ere ateratzen ari. Eragin handia izaten ari da.

Enpresaren etorkizuna arriskuan jartzen ari zaretela esan du zuzendaritzak.

Noski, haiek ez zuten erantzun hau kalkulatuko. Horrelako komentarioekin eta adierazpenekin ikusten ari gara grebak gogaitu egin dituela, pultsu bihurtzen ari dela. Baina, logikoa denez, erantzuna greba izan behar da, hori baita langile klaseak duen tresna bakarra.

"Ez dugu ulertzen nola lortuko duten antzeko merkatu-zatia 300 langile gutxiagorekin" 

129 kaleratze daude gaur egun mahai gainean.

Aurretik, 150 aldi baterako langile kaleratu zituzten, ezin ditugu ahaztu. Hori izan zen enpresak eman zuen lehen urratsa. Une honetan,129 kaleratze ditugu, horietatik 12 aurre-erretiroak dira, dauden neurrien artean ez dira hain traumatikoak, baina lanpos- tuak galtzea suposatzen du. Halaber, borondatezko beste 22 baja daude; boluntarioak komatxoen artean, izan ere, langile horiek, modu batera edo bestera, enpresatik kanpo ikusten zuten bere burua, eta, beraz, askok erabaki zuten pizgarri bidezko baja horri heltzea. Eta gainerako laurogeita hamalau kaleratze zuzenak dira.

Lanpostu-galera handia izango litzateke eskualdearentzat.
Min handia egingo du. Gainera, badago beste datu bat oso kezkagarria horren guztiaren atzean: Tubacexeko langileok ez dugu ulertzen nola lortuko duten orain daukagunaren antzeko merkatu-zatia mantentzea hirurehun pertsona gutxiagorekin plantillan. Erabat bideraezina da.

Susmo txarrak dituzue lantegiaren etorkizunaren inguruan?

Enpresak Amurrioko lantegiekin dituen planak oso zalantzazkoak direla susmatzen dugu. Guk beldur handia dugu, eta horregatik hain zuzen ez genuen onartu bere garaian egin zuten soldata-murrizketen planteamendua. Ez dago etorkizunerako bermerik Tubacexen, ez dago enpresaren aldeko apusturik, epe laburraren aldeko kudeaketa egiten ari dira. Gogoratu behar da 2018an, azken hitzarmena sinatu zenean, berme batzuk zeudela, plantilla eta inbertsioak handitzea, eta hori guztia pandemia sortu denean erori da. Harrigarria da.

"Enpresarentzat negoziatzea beraiek proposatutakoa onartzea da; guk uko egin diogu" 

Pandemia erabili dute lanpostuak suntsitzeko?

Zuzendaritza ateratzen denean esanez sektorea gainbeheran dagoela... Informazio hori kanpoan sinesgarria izan daiteke, baina barruan ez. Gogoan dut 2018an baldintzak hobetzen zituen hitzarmena sinatu zenean, zuzendaritzak mezu positibo bat bidali zuela, esanez produktu berrietarako trantsizioa behar bezala egiten ari zela Tubacexen. Eta orain esaten ari dira arazoak urrutitik datozela. Azaldu beharko didate nola ulertu behar den hori.

Nola baloratzen duzu Eusko Jaurlaritzaren papera gatazka honetan?

Eskasa. Oso hitz onak ditu arazoa sortzen denean, gauza asko egiteko jarrera ona agertzen du, baina errealitatean ez du ezer egin. Uste dut Eusko Jaurlaritzari dagokiola gai honetan esku hartzea. Gogoratu behar da Tubacexen laugarren akziodun nagusia dela Jaurlaritza, eta ezin duela beste alde batera begiratu, onartu behar du enplegu galera Euskal Herri osoari eragiten diola. Orain arte izan duen jarrera aldatu beharko du, zuzendaritzaren diskurtsoaren bozeramailea bezala aritu da.

Zure ustetan, zer jarrera izan beharko luke?

Esan dudan bezala, administrazio-kontseiluan boterea eta presentzia izanik, Tubacexen lanpostuak defendatu behar lituzke. Gaurko egoera koiunturala dela ulertu beharko du eta, bere momentuan, aurrerago, egiturazko arazo bat dagoela ikusten bada, hitz egingo dugu. Errazena egin du ordea, inongo justifikaziorik gabe, enpresaren planteamenduarekin bat egitea. Tubacexek laguntza publiko asko jaso dituela ere gogoratu behar da. Hemen, Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizuna, esan dudan bezala, lanpostuak defendatzea da.

Eusko Jaurlaritza txanda-pasa egiten ari dela uste duzu?

Haiekin izan genuen lehen elkarrizketan bitartekaritza eskaini ziguten. Bai, jakina, itxura ona du bitartekaritzak. Gu ez gara horren parte, baina ez diogu ezeri ateak ixten. Azkenean, gaia airean geratu da, inork ez digu azaldu zergatik ez den aurrera-pauso gehiago egon bitartekaritza saiakera horretan. Ziurrenik, enpresari ez zaiolako interesatuko, badakielako gure helburua kaleratzerik ez egotea dela, eta, ziurrenik, enpresaren helburua nahitaezko kaleratzeak mantentzea da. Gurekin elkartzen denean, Eusko Jaurlaritzak baietz esaten du, zero kaleratzeen alde egin behar dela, baina gero errealitatea ez da hori. Izan ere, ez da bide horren alde egiten duen bitartekaritzarik egon.

 

Nolakoa izan da enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan enpresako zuzendaritzak izan duen jarrera?

Hori da da salatu behar den beste zerbait. Enpresak uneoro esan du batzordea dela negoziatzeari uko egin diona. Enpresarentzat negoziatzea beraiek proposatutakoa onartzea bada, logikoa denez, uko egiten diogu. Baina, gezurra da esan dutena, negoziatzera joan gara, eta proposamenak eraman ditugu.

Zer proposamen?

Aldi baterako espediente bat negoziatzea. Badirudi Tubacexeko langileak ez direla krisi hau jasaten ari, baina hirugarren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean gaude, eta prest gaude hirugarren espediente hori negoziatzeko, jakina, baldintza batekin: kaleratzeak bertan behera uztea, eta momentua iristen denean egiturazko arazoei buruz hitz egitea. Halaber, proposamenak egin ditugu pizgarridun bajen aldeko apustua egiteko, eta horri ere uko egin diote, helburua, batez ere, kaleratzeak egitea delako.

Beraz, enpresa batzordeak ez dio negoziatzeari uko egin?

Batzordeak negoziatzeari uko egin diola esatea... Argi eta garbi geratu behar da zuzendaritzak oso datu eskasei heltzen diela kaleratzeak justifikatzeko. Alde batetik esaten digute 2024an Tubacexen zer gertatuko den aurreikusi behar dutela. Beste alde batetik, epe motzeko eskabide-zorroa dute, lau hilabetekoa askoz jota, eta esaten dute enpresa errentagarri egiteko modurik onena dela. Errespetagarria da, baina orduan nola galdetu dezakezu 2024an zer gertatuko den? Gure ustetan, negoziazioan jarrera ona erakutsi ez duena enpresa izan da.

Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizuna lanpostuak defendatzea da.

Ertzaintzak langileekin izan duen jarrera neurrigabea izan dela esan duzue. Zergatik?

Benetako gaizkile gisa tratatu gaituzte. Lantegiko atean, jendea lurrean eserita egoten da, modu baketsuan, eta Ertzaintza iristen denean izaten dira liskarrak. Batzordeko kideak hotel batean negoziatzera gindoazenean ere liskarrak sortu zituzten. Miatu nahi izan gintuzten, barruan generaman guztia erakuts geniezaiela nahi izan zuten.

Eusko Legebiltzarraren aurrean ere istiluak izan ziren aurreko astean.

Eusko Legebiltzarrean gertatu zena lotsagarria izan da, benetan lotsagarria. Bertara gonbidatuta geunden, eta sartzeko trabak jarri zizkiguten, baita sarreran laguntzen ari ziren arduradun politikoei eurei ere. Horrek alferrikako tentsioa sortu zuen. Langileek arau guztiak errespetatu zituzten; egun hartan ez zen ezer gertatuko guri sartzen uzten baldin badigute. Gure jarrera baketsuaren aurrean, haiek erakusten duten erabateko konfrontaziorako jarrera guztiz neurrigabea izaten ari dela uste dut.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide