'Laudioko berbak' liburua sarera eraman dute

Erredakzioa 2021ko api. 1a, 15:13

Paperean eguberrietan atera zuten liburua osatu nahi dute. / LAUDIOKO UDALA

Herrian tradizionalki erabili diren 300 hitz baino gehiago jasotzen dituen liburuaren edizio digitala aurkeztu dute, modu librean kontsultatu edo deskargatzeko modukoa. Herriko ondarea jasoko duen bilduma baten lehen liburua izango da.

Felix Mugurutza ikertzaileak landutako Laudio Berbak/Palabras de Llodio izeneko liburua sarean jarri dute eskuragarri, udalaren webgunean bertan. Liburuak herriko hizkeran ohikoak izan diren 300 hitz baino gehiago jasotzen ditu. 

"Gure udalerriaren eta bertako jendearen kultura-ondare bakan eta besterenezin bihurtu diren hitz guztiak biltzea eta duten balioa aitortzea" izan da lanaren helburua, liburuan bertan egileak jasotzen duenez.

Mugurutzaren esanetan, "adineko jendeak normaltasunez erabiltzen dituen terminoak dira gehienak". Belaunaldi berriek, berriz, ez dituzte horrenbeste erabiltzen, askotan gaztelerazko hitzekin ordezkatu dituztelako. Are gehiago, belaunaldi gazteei horietako hitz batzuk "erabat ezezagunak" zaizkiela dio. 

Euskaratik hartuak ez diren hitzak ere sartu dituzte dokumentuan. Egileak argitu duenez, alor honetan malgutasunez aritu dira, akademiaren kanonen arabera jardutea ez baizik Laudioko herritarrenengandik "ahalik eta hurbilen" egotea izan baitute buruan. Modu berean, iraganean ez ezik, gaur egun erabiltzen diren hitzak jaso dituzte lanean.

Iazko abenduan plazaratu zuten paperezko edizioa, eta herrian erroldatutako biztanleen artean doan banatu zuten. Edizio digitalarekin, ordea, paperean argitaratutako eduki horiek osatu nahi dituzte, herritarren ekarpenak jasota. Udalaren arabera, hau herriko ondarea landuko duen bilduma baten lehen liburua izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago