Laudio Ikastolak Araba Euskaraz 2021 kanpainako kultur programazioa abiatu du. Urtean zehar, hilabetero ahal dela, euskara eta euskal kultura sustatzeko ekimenak antolatuko dituzte, eta lehen ekitaldia otsailaren 28an izango da; hau da, datorren asteko igandean.
Estreinako hitzordu honetan, bertsolaritza, euskal dantzak, balleta eta zuzeneko musika uztartzen dituen Bakardadeak garaitu zituenak ikuskizuna eskainiko dute Laudioko Granja kiroldegian, 12:00etan. Sarrerak Araba Euskaraz online dendan erosi ahalko dira 5 eurotan.
Ikuskizuna Ameriketara artzain bezala lanera joandako Txomin Malaxetxebarria gazte euskaldunaren bizitzan oinarrituta dago. Koldo San Sebastian kazetariaren artikulu batean izan zuen haren berri Jose Antonio Eluk, proiektuaren sortzaileak, eta abesti baterako gaia bihurtu zuen, gerora ikuskizun honetarako bizkarrezur bilakatuz. XIX. mende amaiera eta XX.aren hasierako Euskal Herriko egoerak, maiorazkoa, probrezia zein bestelako askotariko arrazoiak zirela medio, amets amerikarra jorratzera eraman zituen hainbat migratzaile euskaldun.
Horrela abiatu zen Txomin Malaxetxebarria Gizaburuagatik 1912an, 19 urte zituela. Ikuskizunak, berriz, amets huraren bila joan eta hainbatek bizitako bakardade eta etsipena dakar gogora. Izan ere, Nevadako lur sail desertikoetan bizitako egoera latzak burua galtzera eraman zuen protagonista, kaleetan eskean ibili ondoren ospitaleratuta bukatu zuelarik. Bertoko erizain bat eta beste gaixo bat hil zituen eta 1952 urtean heriotza-zigorra jaso zuen gas ganberan.
Bertsolaritza, dantza eta musika
Ikuskizunean bertsolaritza, dantza eta musika uztartzen dira. Ricardo Gonzalez de Durana bertsolariak Txomin Malaxetxebarriaren papera antzezten du eta Felipe Zelaietak narratzailearena. Shuyana Izagak eta Mikel Etxebarriak dantza tartea taularatzen dute kontakizunean eta zuzeneko musika Ardi Ilun Blues Band taldearen esku dago: Alfonso Rojo Gorri, bateria; Alberto de la Casa, baxua; Nando de la Casa, teklatuak; Mikel Lacalle, ahotsa eta gitarra; Felipe Zelaieta, txistua eta gitarra; Jose A. Elu, gitarra.