Azazetako parke eolikoaren bideragarritasuna zalantzan

Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 18:30

Azazetako proiektu eolikoaren eraginpeko eremua (2. alternatiba). / GOOGLE EARTH

EH Bilduk ezagutzera eman duen txosten batek dio Azazetako proiektu eolikoaren ingurumen bideragarritasuna zuzentzeko lanak "gutxiegi" izan direla. Dokumentua orain arte "ezkutatu izana" leporatu diote Aldundiari.

Arabako babestutako eremuetan martxan dauden proiektu eolikoetako bat da Azazetakoa. Oraingoz erakunde nagusien babesa duen arren —ez, ordea, inguruko kontzeju zein herritar askorena—, EH Bilduk argitara atera duen txosten batek proiektuaren ingurumen bideragarritasuna zalantzan jartzen du.

EH Bilduren bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok prentsaurreko batean salatu du Aldundiaren txosten hori 2021eko abendutik existitzen dela, baina batzarkide taldeak aste honetan izan duela horren berri. Azaldu duenez, talde subiranistak irailean eskatu zuen lurraldeko energia berriztagarrien proiektuei buruzko informazio guztia, eta dokumentazioa jasotzean ohartu ziren bere existentziaz.

Hortaz, txostena "ezkutatu izana" leporatu diote Aldundiari. Fernandez de Pinedok "larritzat" jo du gertatutakoa, eta Ramiro Gonzalez diputatu nagusiaren agerraldia eskatu dutela iragarri du, azalpenak eman ditzan.

Azazetako proiektu eolikoa martxan jarri zenetik, hainbat txosten tekniko egin dira, izapide administratiboek eskatzen duten bezala. Zentzu horretan, Aldundiko teknikarien lehen txostenak ohartarazi zuen proiektuak "ondorio negatibo oso nabarmenak" eragingo lituzkeela, eta "eragin larriak eta oso larriak" izango lituzkeela inguruko flora, hegazti eta paisaiengan; Aixeindarrek ingurumen inpaktuaren azterlanean aurreikusitakoa baino askoz handiagoak.

Orain argitara atera den txostena beste txosten hartan aipatzen ziren akatsak edo omisioak zuzendu beharko lituzkeen gehigarriaren balorazioa da. Hala ere, txosten berriak dio proiektuak ez duela eskatutakoa betetzen, alderdi gehienetan "gutxiegitzat" jotzen baitira akats horiek zuzentzeko egindako lanak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide