'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlana aurkeztuko dute Araian

Erredakzioa 2022ko uzt. 12a, 12:00
Antzezlanak Ane Gabarain, Iñigo Aranbarri eta Kepa Errasti aktoreak ditu protagonista. / ALEA

Aurten abuztuaren 12tik 15era ospatuko duten Araiako Umore Antzerki Jaialdian, Xake Produkzioak konpainiak Fadoak entzuten zituen gizona antzeztuko du, Donostia Saria jaso duen antzezlana.

Gero eta gertuago dago Jaraialdia Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren Jaialdiaren 29. edizioa, betiko formatuarekin eta %100eko edukierarekin, agertoki eta besaulki-patio bihurtutako eta 600 eserleku baino gehiago dituen Arrazpi Berri kiroldegian. Abuztuaren 12an, 13an, 14an eta 15ean ospatuko da, hilabete barru, eta antolatzaileak dagoeneko hasiak dira programazioaren inguruko xehetasunak ematen.

Els Joglars konpainiak Que salga Aristófanes lanarekin 60 urteko ibilbidea ospatuko duela aurreratu ostean, astearte honetan iritsi da bigarren iragarpena: udako erreferenteetako bat, Xake Produkzioak konpainia, jaialdian izango da, Fadoak entzuten zituen gizona lana aurkezteko.

Maskulinitateari buruzko komedia beltza honen zuzendaria Getari Etxegarai da, eta, besteak beste, Ane Gabarain, Iñigo Aranbarri eta Kepa Errasti aktoreak ditu protagonista, Allí abajo, Amar es para siempre, Patria edo Goenkale bezalako telesailengatik ezagunak direnak. Euskaraz antzeztuko dute.

Lan honek XXI. Donostia Antzerki Saria irabazi zuen 2020an, helduentzako antzezlan onena izendatuta. "Testuari dagokionez, mamitsua, sakona eta aldi berean umoretsua da. Kontakizuna originaltasun handiz garatzen da eta taula gainean oso emaitza erakargarria eta desberdina lortzen da, kutsu surrealista bat emanaz. Aktoreen lana eta eszenografia ere nabarmentzen dira, agertokia betetzea lortzen baita elementu eta kolore bakarra baino esanguratsua erabiliz", azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek.

Zer da maskulinotasuna?

Antzezlanak hainbat galdera ditu abiapuntu: Zer da maskulinotasuna? Gizonak sentiberak izan daitezke? Zer espero du gizarteak haiengandik? Galdera horiek eta beste batzuek eztabaida piztu eta publikoaren hausnarketa bultzatuko dute, umorearen bidez.

Era berean, bidaia bat da: Mario kamioilaria da eta lan kontuengatik Lisboara bidean doa. Ander Huelvako Ayamonte herrira doa fado-lehiaketa amateur batean parte hartzera, autostop egiten bidaiatzen du, eta Mariok bere kamioian hartuko du. Kasualitateak kasualitate, biek lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Horrela, haurtzarotik lotura emozional txiki batekin elkartuta, egun pare bat iraungo duen bidaiari ekingo diote. Baina Gaztelan elurte handi bat egongo da, errepidean harrapatuta geratuko dira, eta harreman oso berezia sortuko da bi mutilen artean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide