Iritzia

Poliziak ez gaitu zaintzen, gure lagunek bai

Erabiltzailearen aurpegia Otsemeak 2022ko aza. 4a, 18:00
Udaltzainak tik-toker baten bideo matxista zabaldu zuen. / ALEA

"Ez da Amurrioko kasuan bakarrik gertatzen den arazo bat. Indar polizialek daukaten kirats neomatxista izugarria da azkenaldian".

"Gogoratu, neskak: Halloween dator, eta mozorroa beldurra ematean datza, ez zuek enpotratzeko gogoa ematean". Amurrioko udaltzainarena eraso bat da: jarrera eta komentario matxista argia, herrian "autoritate poliziala" den uniformedun pertsona baten partetik. Emakumeak sexualizatzen eta gizonek gu "enpotratu" gaitzaten ardura eta errua emakumeon gain jartzen.

Ez da kasu isolatu bat, Amurrion azken hilabeteetan esango genuke udaltzainen jarrerak jarrera feministak izatetik oso urrun kokatzen direla.

Are gehiago, ez da Amurrioko kasuan bakarrik gertatzen den arazo bat. Indar polizialek daukaten kirats neomatxista izugarria da azkenaldian.

"Sortu ditzagun gure artean aliantza feministak eta antolatu gaitezen"

Bitartean, Amurrioko Udala itsu-mutu-gor. Berdintasun plan eta protokolo instituzionalak berritzearekin ahoa bete, baina, zertarako balio digute halako paperek gero praktikan ez bada inolako neurririk hartzen halako jarrera matxisten aurrean? Zertarako balio dute praktikan jartzen ez badira?

Zelan suposatzen da sentitu behar garela gure kaleetatik horrelako pertsonaiek gure herriko protokoloaren ardura (beste batzuen artean) baldin badaukate?

Neurriak hartzeko eskatu eta exijitu behar diegu instituzioei, haien kabuz egingo ez duten zerbait bada ere.

Ikusten ari garen moduan, poliziak ez gaitu zaintzen. Gure lagunek bai! Sortu ditzagun gure artean aliantza feministak eta antolatu gaitezen, horrelako erasoen aurrean.

Sinatzailea: Otsemeak, Amurrioko neska* gazte feministen taldea.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide