Obsesio txikiak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2017ko urr. 18a, 10:20

Amaya Fernandez Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak Twitterren esan zuen; "Zornotzako Barnetegia bisitatu dugu. Hor euskara inolako zama ideologikarik gabe irakasten da. Horrela bai!"

Euskalgintzaren tradizioaren osagai dira dagoeneko txanponaren bi aldeak: batetik, frankismoan bertan eta frankismoaren ondorengo urte ez hain frankistetan euskararen erabileraren aldeko diskurtsoa abertzaletasunarekin, eta beraz ideologia konkretu batekin, lotzeko hautu garbia, erresistentzia tresna gisara; eta, garai horren ostean, azken hamarkada askoz ere zibilizatuago, bizikidetzarako prestatuago eta toleranteago hauetan, euskararen erabileraren aldeko diskurtsoa edozein ideologia konkreturengandik, bereziki abertzalearengandik, urruntzeko hautu kontzientea. Garai batean,"hau horrela egin behar da, gu horrelakoak garelako" esaten zen, eta azken urte luzeetan gehiago entzun izan da "hau horrela egin behar da, baina kontuz, ez nahastu gauzak", edo antzerako zerbait. Egia esan, eztabaida zaharra da, soluzio gutxi duena, antzutua, eta gaiari buruz, alde batetik eta bestetik, gaur egun iritzi suharrak ematen saiatzen direnak, oro har, adin aurreratuak ematen dien nostalgiatik aritzen dira, gehienbat. Belaunaldi berriei gero eta gutxiago axola zaizkie halakoak. Nahikoa lan dute diskurtso berri sinesgarriagoen bila.

Baina, tira, beti dago norbait ekarpen berri interesgarriak egiteko prest, eta eskerrak. Horren adibide, joan den urriaren 5ean twitterren ikusia: Amaya Fernandez Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak Zornotzako barnetegira bisita egin zuen, eta, sekulako sintesi gaitasuna erakutsita, maisutasunez, honela laburbildu zuen bisita hori: "Zornotzako Barnetegia bisitatu dugu. Hor euskara inolako zama ideologikarik gabe irakasten da. Horrela bai!"

Enfin, hamaika prismatatik aztertu daiteke Amaya Fernandezek esandakoa. Niretzat, inpresio zahar ezagun bat berritzeko bakarrik balio izan du: jende asko samarrentzat, oraindik, alde batetik daudela hizkuntzak, munduaren zati ezinbesteko moduan; eta beste alde batetik daudela obsesio txikiak, gutxi batzuek hizkuntzatzat hartzen dituztenak, eta zaratarik egin gabe desagertuko balira mesede ederra egingo luketenak.

Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide