Ezagutza eta erabilera zer diren badakigu. Hizkuntza bat badakizu, edo ez dakizu. Hizkuntza bat erabiltzen duzu, edo ez duzu erabiltzen. Noski, ez da hain erraza bereizketa, maila bat baino gehiago daude… Baina soziolinguistikan aditua ez denak ere kontzeptuak argi samar ditu. Besterik gertatzen da, agian, motibazioarekin: ideia bera apur bat aldendu egiten da beste bi edukiontzien itxura zehatzetik eta guri ere lauso samar geratzen ez ote zaigun… Baina tira.
Betikoa da: gauza bat dira kontzeptuak, eta beste bat horiek nola erabiltzen ditugun. Ezagutzaren eta erabileraren arteko kontrastearen arabera eraiki dugu azken hamarkadotako euskalgintzaren diskurtso nagusienetako bat. Ezagutza gora doa, erabilera ez hainbeste. "Ia mundu guztiak daki, baina inork ez du erabiltzen"; "Gazteak euskaldun irteten dira eskolatik, baina ez dute hitz egiten"; eta horri guztiari, erantsi agonia-tonua, autoflagelaziorako zaletasun susmagarri samarra, eta apokalipsiaren iragarpenek jendea espabilatzeko balio dutela uste izatea, eta listo, prest zaude lau haizetara zure iritzia zabaltzeko.
Begiradaren planoa urrundu, eta hara: jakitea, eta egitea, izatearen bi aurpegi dira. Ez naiz ezer berririk esaten ari. Baina iruditzen zait errealitatea ulertzeko moduaren arabera diseinatzen dugula diskurtsoa ere. Hori aldatzeko saiakerak ikusi ditut azken urteotan: San Telmo museoan inauguratutako Badu, bada erakusketa (izenak berak adierazten du garbi) edo orain bi urteko Korrikako "egiten duguna gara".
Jendeari erakutsi behar diogu hizkuntza jakiteak eta hizkuntza erabiltzeak bi zenbaki ezberdin ematen dizkigutela, baina ez direla bi balio ezberdin, balio bakarra bi planotan baizik. Batak bestea gabe ez duela zentzurik.
Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua