Ez dago bainarik

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2015ko urt. 23a, 01:00

Manex Agirre

Zer diren bazkalosteak. Euskalgintza bera bezain zaharra den eztabaida bat berritu genuen aurrekoan lagunak eta biok, kafearen soseguan. Ondorio gisa, eta jende gehiagoren iritzia jakiteko irrikan (ez, ez da gure buruaren esposizio-irrikagatik, ez gara horrelakoak), Hirineteko plaza publikora ideia-sorta botatzea pentsatu genuen, biok horretarako aukera dugula aprobetxatuta. Horra nirea, dagokionak erronka onartuko didan ustean.

 

Ez dakit zein haritatik tiraka iritsi ginen. Gogoan dut, behin baino gehiagotan (sare sozialetan, lagunen ahotik…) entzundako esaldi bat gogoratuta egin nuela eztanda: “ados, kutrea izango da, niri ere ez zait gustatzen, baina euskaraz da. Eta ume eta gazteek behintzat ordu batzuk ematen dituzte telebistaren aurrean, euskaraz kontsumitzen”. Ezin dut horrekin, gero eta gehiago sutzen nau.

 

Arrapaladan bota nituen, bata bestearen atzetik, luze mamitutako argudioak. Ezin ditugula irizpide linguistikoak erabiliz telezaborra edo irratia egiteko zenbait estilo zuritu. Audientziak eta hartzaile kopuru masiboek ezin dutela kulturgilearen jarduna, kalitate parametroetan, erlaxatu. Euskarazko prentsa arrosa sortzeak (kalitate oneko prentsa arrosarik, nik behintzat, ez dudalako oraindik ezagutu) ez liekeela euskal hiztunei onik egingo. Pertsonak ere badirela, hiztunak izateaz gain.

 

Erabili nituen erreferentziak ere, zortez, badaude eta. Sarasuak, hizkuntza kontuetan generoaren gaian baino gehiago asmatzen duenak, honakoa dakarrela bere Hiztunpolisean: nahiko agerikoa dela, euskaldun izateko gogoaren erreprodukzioan ez duela masa kulturako produktuak euskarara ekartzeak laguntzen; euskaraz bizitzeko hautuan gehiago laguntzen dutela ezohiko kultur-jardunek. Eztabaida ostean ere, horretan lagundu dit Gorka Bereziartuak 2012an Zuzeun esandako honek ere (espero dut, gaur egun ere, gauza bera pentsatzen jarraitzea, hau da: kontrakulturatik emaitza hobeak aterako genituzkeela).

 

Norbere burua zalantzan jartzea ohitura osasungarria eta beharrezkoa denez, horretan aritu nahiz, nahi gabe ere: era guztietako edukiak behar ditugu, euskaraz direla ahaztuta; konforme. Gure buruari bazterrekoak garela gogorarazten badiogu egunero, ez dugu aurrera egingo, konforme.  Hegemonia, hegemonia eta hegemonia, ados.

 

Baina berriz nator hasierara: kultur-ekitaldi edo hedabideen eskaintza eskas bat, eskasa da, eta hizkuntzak ezin dio horri “baina”rik jarri. Normalak izan nahi badugu, praktikan jarri behar genuke, gutxienez, gure buruari gezurrik ez esateko eskubidea.

 

 

 

Iritzi-artikulu honi lotutako artikulua: 'Baina-patatak', Gaizka Amondarain

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide