Uzbekistan vs. Bart Simpson

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Etxezarreta 2014ko mar. 3a, 09:14

Itziar Etxezarreta

“Estatu Batuarrek gehiago dakite Simpson familia txoroaz geografiaz eta historiaz baino”

 

Antzeko zerbait zioen berri batekin topo egin nuen aurreko batean. Berriak unibertsitate britainiar batean eginiko ikerketa baten emaitzak argitara ematea zuen helburu  eta, bide batez, Estatu Batuarrak ezjakin hutsak direla eta maila kultural eskas baino eskasagoa dutela lau  haizetara zabaltzea. Egia esan, berria ez zitzaidan batere txundigarria iruditu, askotan entzun izan baitugu Estatu Batuar arruntak (hiritar soilak, zu eta ni bezalakoak) tonto hutsak direla, herrialde gehienak munduko bolan kokatzeko gai ez direla, presako janaria baino jaten ez dutela eta burkopean errifle bana gordetzen dutela. Berriak txunditu ez baina galdera bat pentsarazi zidan: hori sinesten duenik ba al da oraindik gure artean?

 

Azken hamarkadan asko handitu da bidaiatzeko aukera eta munduko hamaika txoko ezagutzea eskuragarri bihurtu da jende askorentzat (krisiak eraitsi ez dituen horientzat, noski). Era berean, teknologia berriei esker lurralde urrunetako bitxikeriak ezagutzeko klik bakarra nahikoa dugu. Baina aukera guzti horiek ezjakinagoak egin ote ez gaituzten beldur naiz ni. Lauzpabost egun hiriburu batean igarotzea –edo, okerrago, wikipediako lehen hiru lerroak irakurtzea– nahikoa zaigu bertako jendeaz dena dakigula pentsatzeko. Ondorioz, topiko eta aurreiritzietan oinarritzen dugu gure ezagutza eskasa. Baina, zerk garamatza horrela jokatzera?

 

Gizakiok sailkatzeko behar amaigabea sentitzen dugula azaldu zidan behin filosofiako irakasle batek, hots, ezezaguna zaigun guztia gure ikusmoldearen arabera antolatu eta definitzeko beharra dugula. Ziurrenik, hori dela eta, orokortzera jotzen dugu behin eta berriz gizakiok, gizatalde oso bati gutxi batzuen ezaugarriak emanez. Gauzak horrela, Estatu Batuarren edo beste edozein gizatalderen inguruko topiko guztiak sinesten ditugu eta, okerrago, ideia oker horien arabera epaitzen ditugu inoiz ezagutu ez ditugun pertsonak, egiaren eta arrazoiaren jaun eta jabe izango bagina bezala. Harrigarriena, baina, honako hau da: orokortzen ditugun ezaugarriak beti txarrak izan ohi dira.

 

Jakina denez, auzokoaren etxean erraz topatzen ditugu akatsak eta, ez hori bakarrik, haren akatsek edo gabeziek gu hobe egiten gaituzte, edo hobe sentiarazten gaituzte behintzat. Esaterako, zerbait berezia sentitzen dugu Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa espainiar estatukoarekin alderatzean. Badakigu, ondo jakin ere, gure ekonomia ez dagoela batere santu azken aldi honetan, baina bizilagunena okerrago dagoela pentsatzeak hobeto sentiarazten gaitu, plazer puntu bat ematen digula esatera ere ausartuko nintzateke.

 

Hala ere, horiek guztiak hipotesiak baino ez dira, Simpson familiaz geografiaz baino gehiago dakien norbaiten burutazio hutsak. Eta beraz, nire ezjakintasuna dela eta  ondorio argi batera iristeko gai sentitzen ez naizenez, galdera birekin amaituko dut.

 

Zein da Uzbekistaneko hiriburua? Eta nor da Lisa Simpsonen neba?

 

Norberak atera ditzala atera beharreko kontuak!

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide