Zer gertatu da? Antza, alderdi morearen hautesleek ez zituzten Gasteizko siglak ezagutzen (interes politiko ezaren zantzua), edo, zuzenean, nahiago izan zuten beste norbait babestu. Markaren garrantzia... Maroto efektua: estatu mailan 2011tik hona popularrek botoak irabazi dituzten hiriburu bakarra da Gasteiz. De Andresek baino 5.744 gehiago. Eta, datuak murtxikatu eta gero, harrigarriena: batek baino gehiagok sartu du Podemos gutun-azal laranjan eta PP zurian. Harrapazank! Jose Angel Cuerda berri baten ilusioa dute batzuek, beldurra besteek. Ez ote den sigla eta ideologietatik harago doan luzerako alkatea izango. Bozen biharamunetik neurtuta logikoa da kezka hori. Halere ez da ahaztu behar agintarien bigarren legegintzaldiak gorabeheratsuak izan ohi direla. Gehiegizko konfiantzak itsututa akatsak pilatu daitezke, eta zauriak gaiztotu. 2019an hitz egingo dugu. Pufa.