Azken bolada honetan ez da erronka zaila iritzi zutabe bat idazteko eztabaida-gaia topatzea. Izan ere, haserrealdi galanta sorrarazteko moduko makina bat egoera ditugu parean. Egunkaria ireki, telebista piztu edota kalean barrena ibiltzearekin nahikoa da, odola irakiten jartzen diguten egiak eta gezurrak aurkitzeko. Estatu Batuetako buruak esaten eta egiten dituen astakeriak alde batetik, eta hori guztia gugandik gertu ere gertatzen dela konturatzea, bestetik. Hezkuntzak jasaten dituen inposaketak; normalean, ideia zorririk ez duten politikarien eskutik datozenak. Lanik ez egotea edo egoten denean baldintza duinik gabekoa izatea. Urte berria hasi besterik egin ez den arren, indarkeria matxistak bere lekua galdu ez duela ikustea. Gaur goizean komunikabideetan agertzen den sarraskia, eta bihar ahaztuta egongo dena. Gerratik ihes egin nahian dabiltzanak eta horren aurrean ez ikusiarena egiten jarraitzen dutenak.
Kakaztuta daukagu ingurua. Baina gaur ez diot hari horri helduko. Errealitate gordinetik ihesbidea eskaintzen duenari eskainiko dizkiot hitz hauek. Literaturaz ari naiz, txiki-txikitatik askatasunaren helduleku izan dudan bidelagunari buruz, hain zuzen ere. Zorigaitzetik alde egiteko bidea dela diote pentsalari askok, eta badu horrek egiatik zerbait. Hori horrela, eskerrak eman nahi dizkiot literatura maitatzen irakatsi zidanari. Bera aspaldi joan zen arren, literaturaren aterpean utzi ninduelako, kanpoko miseria eta zoritxar horietatik guztietatik salbu.