Euskal gafapastismoa akatu!

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2013ko ots. 18a, 09:42

Gaizka Amondarain

 

Grazia egin zidan, onartu beharra daukat, irribarrea atera zidan tabernako komunetan halako pegatina bat aurkitzeak. Berdina aitortu nion nire atzetik  sartzekotan zenari ere; hemen bada zutabe bat. Hark tabernak, berez, zutabez betetako espazioak zirela esan nahian bezala begiratu ninduen, inguruko faunari erreparatzea baino ez zegoen, berak arrazoi.

 

Euskal gafapastismoa akatu, euskal tradizioa akatu, bi pegatinak bata bestearen ondoan ikusi eta bikaina iruditu zitzaidan momentuko estanpa. Lasaiago pentsatu nuen gero eta hura egiteko lana hartu zuenaren burmuin gaixoaz gupidatu nintzen une batez, miresten nuen oraindik apur bat haren etorria, hala ere. Zer da ba euskal mundua, gafapastista post-moderno eta tradizionalista sagardozaleen arteko espektro antropologiko hori ez bada? Ghettoan bizitzera kondenatu duten navajoa. Espektakuloa baino lehen, zirkuan, aurkezle lanak egitera ateratzen duten bufoia, Joxe Felipe Auzmendi bat kasurako. Elkarrizketa baten bukaeran hain ondo geratzen diren agur eta eskerrik asko horiek denak eta abarrak nahinon.

euskal-gafapastismoa-akatuBestela daude Julian Jantzi, Klaudio Landa edo Karlos Arguiñano erdaretan. Edo beraien seme-alabei euskararik transmititu ez arren euskaldun eredugarritzat jotzen ditugun Arzak eta Retegi jauna. Edo karga hori gainetik kentzea nahiago izan duten beste hainbeste. Ez txistu, ez danbolin, euscool zaren erabakitzeko beharrik gabe. Soweto? Euskal Herrian baino hobeto hartaz gogoratzen da bat, kaiola barruan egoteak suposatzen dion ezinegona gurpil baten barruan korrika eginez orekatzen duen hamsterraz bestea.

Nola ez genuen ba bukatuko euskaldunok zortzi milakoak igotzen, han hotz gutxiago egiten du bata. Hemen ez diogu pastelari bueltarik eman, postaletan agertzen diren horiek gu garela esaten diguten demokrataz inguratuta bizi gara. Euskook formalak izaten jarraitzen dugu, eta ez dugu inor erakartzen gure formaltasunera. Informalak besteak dira, katxondoak, klaseko “gracioso” izateko jaioak. Baina enkantua galtzen hasitakoak ere bai, aldi berean. Ikusteko dago orain gelako ordezkari izendatu berriak noren alde egiten duen. Guk bitartean, gafapastismoaren edo tradizioaren artean aukeratu beharraren beharrez duda egingo dugu; ghettoa-konbibentzia edo normalizazioa-gatazka bikoteen artean hautatzeko ezgai. Eta ezgai izatea gaur eguneko hezkuntza sistema dekadente honetan, ez dakienarentzat, penkoa da.

Komunak dira filosofia aldaketa handienen isla gurean, parlamentuetan ere gauzarik interesgarrienak bertan gertatzen direla entzuna naiz. Gure buruak formateatu beharra daukagu aprobatzeko, formak galdu, formaz aldatu, forma guztiak geureganatu, irentsarazi diguten guztia botaka egin eta zisternari emateaz gogoratu bukaeran.

Gugan sinistu apur bat gehiago eta ez hainbeste geure buruengan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide