Ezer ez egitearen plazerari buruzko ikastaroren bat baduzuen jakin nahi nuke. Ez dit lehenengoan ondoegi harrapatu. Lan gabe nagoela, aspertzen ikasi nahi dudala eta horretarako ikastaro batean izena eman nahiko nukeela, atrebentzia ez bada. Bi hizkuntzatan azaldu behar izan diot afera. Eskaintzen diren ikastaroen zerrenda iragarkien taulan aurkituko dudala azaldu dit betaurrekodunak lehor, adarra jotzen ibiliko banintz bezala, aspertuta dagoena bera dela agerian utzi nahi duenaren utzikeriaz. Kolore eta adin guztietako pertsonez osaturiko harresi bat zeharkatu behar izan dut iragarkien taulara ailegatzeko, tartean ezagunen bat edo beste, denak urduri xamar, denak aspertuta usteltzearen beldurrez, salbatuko dituen zenbakia noiz ailegatuko zain. Izan ere, horrelakoetan konturatzen da bat zenbaki bat izateak suposatzen duen guztiaz. Ikastaroen zerrenda osoa aztertu dut arretaz, han ere ezer ez.
Askok kontrakoa pentsatu arren, ez baita erraza zerrenda luze batean idatzita dagoen zenbaki bat baino ez zarela konturatzea, ezer egin gabe egotea. Produkzioa existentziaren funtsa dela sinestarazi digun gizarte honetan, aspertzen denak ez dauka bizitzen jarraitzeko arrazoirik. Zer edo zer egin beharra dago beti. Ezer egin gabe egoteak ezinegona sortzen digu, sosegurik eza dakar. Gero eta gehiago dira inguruan ezer egin gabe egoteko zailtasunak dituzten pertsonak, gero eta gehiago zer egin ez dakitenean zerbait erostera irteten direnak, bikotearekin aspertzen hasiaz gero ume bat edukitzea erabakitzen dutenak, erretiroaren esperoan bizitza osoa eman ostean jubilatu eta depresioan erortzen direnak, asteburuetako aisialdia okupatzeko furgoneta bat nahiko luketenak... Gure bizitza antolatzeko beharra sentitzen dugu, okupatuta mantendu behar ditugu geure buruak uneoro.
Ikasturte hasiera honetan, aspertzeko eskubidea aldarrikatzen dut, ezer ez egitearen plazeraz disfrutatzen ikastea falta zaigu.