"Gure erronka nagusia da langileen ongizatearen eta errentagarritasunaren arteko oreka bilatzea"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2022ko abe. 13a, 14:34

'Euskal enpresen estrategia pertsonen ongizatea bermatzeko' solasaldian parte hartu zuen Jone Noltek azaroaren 3ko Enpresarean Azokan. Lan sozietateetan pertsonen ongizatea nola bermatzen duten azalduko digu, besteak beste. Bai Euskarari Ziurtagiria du ASLEk.

ASLE Euskadiko Lan Sozietateen taldea da. Zein dira elkartearen eginbeharrak? 

Lan sozietateen eta enpresa partaidetuen elkartea da ASLE eta EAEn dugu lan-eremua. 650 lan sozietate daude, gutxi gorabehera, eta horietatik 275 daude ASLEra batuta; gehienak, Gipuzkoan. Sektore askotako lan sozietateak ditugu, baina gehienak industrialak dira, % 50 gutxi gorabehera. Azken batean, enpresa guztiek komunean dituzten erronkak izaera juridikoaren eta enpresa kulturaren ingurukoak dira. 

Elkarte bat izanik, gure eginkizun nagusia da lan sozietateak ordezkatzea. Enpresek dituzten beharrak eta nahiak identifikatzen saiatzen gara eta, ondoren, instituzio eta bestelako agenteen aurrean behar eta nahi hauen berri ematen dugu: legedi aldaketak, laguntza programak, etab. Adibidez, COVID19aren krisian oso aktibo ibili gara gure enpresen beharrak identifikatzen eta gobernu ezberdinei horien berri ematen. Horrela, laguntza ezberdinak eta zenbait araudi aldatzea lortu dugu. Lobby lana ere egiten dugu, eta ez da lan erraza. Izan ere, lan sozietateak arautzen dituzten legeak estatu mailakoak dira, fiskalak salbu, eta Madrilen negoziatu behar izaten dira. Uneotan, lan sozietateen estatu mailako Laborparren presidentzia dugu eta, horregatik, garrantzitsua da ordezkaritza hori izatea.

Gure elkartean dauden enpresei laguntza ematen diegu beraien alboan egonda: gobernantzaren inguruan, digitalizazioan… Kontsolidazio zerbitzuak esaten diegu horiei. 

Ekintzailetzan ere laguntzen dugu, sortu behar diren enpresei lan sozietate edo enpresa partekatuen izaeraren inguruko aholkuak ematen. Bestetik, transformazio zerbitzuak ere baditugu, krisian dagoen enpresa bat langileek erosteko aholkularitza emateko, adibidez, edo erretiroa hartu behar duen jabe baten enpresa langileei saltzeko garaian. Aholkularitza teknikoa ematen dugu batetik, eta legeak aldatzen ere saiatzen gara bestetik, prozesu horiek errazagoak izan daitezen.

"Gizartea alda dezakegu gure enpresen bitartez"

Zer da lan sozietate bat? Zer berezitasun ditu gainerako enpresa motekin alderatuta?

Lan sozietate bat enpresa merkantila da, S.A. edo S.L bat moduan, baina partaidetzaren gehiengoa langileen esku dago. Oso desberdina da proiektua ulertzeko modua enpresa konbentzional batekin alderatuta. Gure erronka nagusia da langileen ongizatearen eta errentagarritasunaren arteko oreka bilatzea. Lan egiten duten pertsona guztiek pentsamendu estrategikoa izatea ere garrantzitsua da eta, horretarako, erabakiak ulergarriagoak izan behar dira. 

Kooperatibekin alderatuta, enpresa merkantilak gara. Nahiz eta langile jabeak bi rol izan, gure kasuan garrantzitsuagoa da langilearen rola jabearena baino. Lan-hitzarmen kolektiboak dituzte, Langileen Estatutuaren arabera jokatzen dute, lan kontratuak dituzte eta prestazio guztiak dituzte. Langileek ez dute zertan parte-hartze berdina izan. Gure kasuan, parte-hartze gehienak langileen esku egon behar dira, baina bazkide kapitalistak ere egon daitezke. 

Kooperatibetan ez bezala, gure bazkideek ez dute inoiz erantzukizunik, ez enpresarekiko eta ez hirugarren baten aurrean ere. 

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko zerbitzuetan ari zarete berrikuntzarik handienak egiten azken aldian. Arlo horretan, zein zerbitzu eskaintzen duzue?

Egiten dugun guztia lehiakortasuna bultzatzeko da. Ekintzailetzak, transformazioak eta kontsolidazioak, hiru zerbitzuek dute lehiakortasunean eragina. 

Gure kasuan, lehiakortasuna lortzeko giltza bat da oreka bilatzea ekonomia garapenaren eta alderdi sozialaren artean. Badaude lidergo batzuk alderdi soziala ahaztu egiten dutenak, eta horietan lan ikaragarria egin behar dugu ASLEtik. 

Programa ezberdinak ditugu talentuaren inguruan, enpresetan emakumeen presentzia areagotzeko, Agenda 2030… Ez dugu ekonomia bakarrik lantzen; gizartea alda baitezakegu gure enpresen bitartez. 

Zein da gaur egun EAEko lan sozietateen egoera ekonomikoa? 

Momentu honetan zailtasun ugari daude gure inguruan eta gure enpresak zailtasun hauei aurrea hartzen ari dira. Txikiak izanda, nitxo-enpresak dira gehienak eta eskaintzen dituzten zerbitzuek balio erantsi handia dute. Gure enpresa gehienek lan handia dute, baina errentagarritasun maila asko jaitsi da. Enplegu maila mantentzen ari garela esango nuke. 

Hala ere, badaude arazoak dituztenak ere, energia kostuaren aldetik igoera handiak izan dituzte batzuek eta arriskuan daude. 

Atzeraldi bat etorri arren, baikorra naiz. Atzeraldia egongo da baina ez du zerikusirik izango 2008an izandako krisiarekin; lehen hilabeteak zailak izango dira, baina aurrera aterako gara. 

"Atzeraldi bat etorri arren, baikorra naiz"

Pertsonen ongizatea bermatzeko enpresek dituzten estrategiez jardungo duzu Enpresarean Azokan. Zein dira estrategia horiek? 

Gure kasuan jabeak langileak dira eta enpresaren aldetik hartzen diren erabaki guztiak langileen lanpostuak bermatzera zuzenduta daude. Oreka bat dago errentagarritasunaren eta langileen ongizatearen artean.

Lortu behar dugu enpresa mailan konfiantza-giro bat sortzea. Horretarako nahitaezkoa da komunikazioa egotea eta informazioa partekatzea. Giro horretan bakoitzak badauka bere rola eta badaki zer egin behar duen enpresak aurrera egin dezan. 

Prestakuntza ere oso garrantzitsua da, batez ere zehar lerroak lantzeko: lan sozietateen filosofia, talde-lana, entzute aktiboa, lidergotza… Garrantzitsua da soldaten artean ere oreka bilatzea. 

Ezinegona nabari da alde guztietan. Egoera hauetan, nola zaindu langileak?

Krisiak indartu egiten gaitu; zailtasunak daudenean batu egiten gara horiei aurre egiteko.

Krisi hauetan ikaskuntza asko atera ditugu: langileen osasuna bermatu behar dela, adibidez. Oreka bat egon behar da langileen osasunaren eta aktibitatearen artean. Neurri pila bat hartu dira enpresa aurrera eramateko: ABEEak (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak), ordu poltsak, etab. Orain enpresaren errentagarritasunarekin soldatak igotzea ezinezkoa bada, igoko da posible dena. Horrela sortzen duguna da gure enpresak iragankorrak izatea. 

Testuingua zeharo aldatzen ari da, bai ekonomikoa eta baita lan- eta gizarte-egoera ere. Garrantzitsua da gure enpresek hori buruan izatea, epe luzerako estrategiak ezartzeko, eta egunero adi egotea.

Eraldaketa digitala ere hemen dugu. Nola ari da eragiten lan sozietateetan?

Ez daukagu beste enpresekiko desberdintasunik. Digitalizazioa geratzeko heldu da. Gauza positibo asko dakartza, eta garrantzitsuena da negozioaren eredua egokitu behar dela. Saiatzen ari gara gure enpresek hausnarketa egin dezaten digitalizazioak dakartzan aldaketen aurrean: kontsumo ohiturak, marketina egiteko modu berriak, komunikazio kanalak… Pentsatu behar dugu ea produktuak eta zerbitzuak aldatu behar ditugun, gure marketin estrategiak egokiak diren, inbertsioak egin behar diren, pertsonek beharrezkoak diren konpetentziak dituzten… Hori guztia dakar digitalizazioak. Aldaketa sakon bati buruz ari gara eta saiatzen ari gara gure enpresek hausnarketa egin dezaten lan esparru guztietan.

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide