"Enpresa ardatz hartuta eta pertsonen ongizatea kontuan hartuz, akordioetarako garaia da"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2022ko abe. 12a, 14:08

Jose Miguel Ayerzak Euskal enpresen estrategia pertsonen ongizatea bermatzeko solasaldian parte hartu  zuen 2022ko Enpresarean Azokan. Fabrika, Enpresen Kultura Eraldatzeko Errendimendu Handiko Zentroa, martxan jartzeko lanean ari da Adegi; Gipuzkoan enpresa-kultura berria ezartzea du helburu zentroak. Kultura berri horrek pertsonen ongizatea du erdigunean. 

Berriki eman dituzue Gipuzkoako enpresen inguruko zenbait datu. Nola ikusten duzue enpresen etorkizun hurbila ziurgabetasun egoera honetan?

Orain arte, arazoak arazo, esan genezake enpresak eusten ari direla, baina pixkanaka konfiantza, eskaerak, fakturazioa, enplegua eta abar okertzen hasi dira eta kezka da nagusi.

Zein da Gipuzkoako enpresetan kezkarik handiena une honetan?

Lehenik, lehengaien eta energiaren hornidura prezioak dira kezka nagusienak; bigarrenik, lan kostu eta soldata igoerak; eta horren guztiaren ondorioz, salmenten errentagarritasunak sortzen die kezka.

Sektoreen arabera ezberdin bizi da egoera, ezta? Zein dira sektore kaltetuenak?

Denak dira kaltetuak, baina bereziki Industria aipatu beharko genuke, energia modu intentsiboan erabiltzen dutelako. 

Egoera honetan, nola egin aurrera?

Bada, ez da batere erraza, egoera nahasi honen eragileak kanpo faktoreak direlako eta ez daudelako gure esku. Hala nola, inflazioa, energiaren prezioa, interesen igoerak… horiek denak gerrak eraginda. Hortzak estutu eta gure arteko elkarlana bultzatzeko ordua da orain. Administrazioa, enpresak, langileak eta sindikatuak, bakoitza ahal duen moduan saiatu behar da. Dagoeneko ari dira neurri batzuk hartzen: dirulaguntzak (deflaktazioa), marjinen murrizketa, soldata igoerak eta abar.

Krisi edo zalantza garaietan pertsonen ongizatea bermatzea ez da erraza izango. Nola jokatu behar da egoera hauetan enpresetako pertsona guztien ongizatea bermatzeko?

Halaxe da, bai. Lehen esan dudan moduan, guztioi dagokigu ahaleginak egitea, baina argi dagoena da enpresen bideragarritasuna bermatu ezean, ez dela ez lanposturik, ez aberastasunik, ez politika publikorik bermatuko. Beraz, enpresa ardatz hartuta eta pertsonen ongizatea kontuan hartuz, akordioen garaia da. Era berean, kontuan hartu behar da enpresa guztien egoera ez dela berdina.

Hitz egin dezagun Fabrikaz. Enpresen Kultura Eraldatzeko Errendimendu Handiko Zentroa martxa hartzen doa, ezta? Kontaiguzu zer den Fabrika eta zein helburu dituen.

Fabrika eraikina datorren hilabetean, azaroan, jarriko dugu martxan, nahiz eta azken urte honetan hainbat enpresak programa desberdinak hasi dituzten. Fabrikaren helburua da enpresa eta mota guztietako erakundeen kultura hobetzea, enpresa-kultura berri bat oinarritzat hartuta. Azken finean, enpresa-kultura fabrikatzea, egitea. Edozein erakunde pertsonek osatuta dago, non beraien arteko harremanak garatzen dituzten helburu bat lortzeko. Harreman horiek egunerokoan egiteko modua izango da erakunde horren kultura. Fabrikan kultura hori sortzeko, hobetzeko edo eraldatzeko entrenamendua eskaintzen da, erakunde edo enpresa eraginkorragoak, afektiboagoak eta egoerei moldagarriagoak lortzeko.

Zein dira enpresa kultura berriaren gakoak?

Enpresa-kultura berriak proiektu partekatuak konfiantzan oinarrituak garatzea du helburu eta horretarako, gutxienez, ondoko zortzi printzipio hauek hartu beharko genituzke aintzat: helburu edo xede inspiratzaile bat, konfiantza, balio partekatuak, lidergo eraldatzailea, pertsonen ongizatea, gardentasuna, komunikazio eraginkorra eta kudeaketan parte hartzea.

Enpresetan kultura eraldatzeko lan horretan, pertsonen ongizateak ere garrantzi berezia du. Nola jarri pertsonen ongizatea erakundearen erdigunean?

Enpresa-kultura berriak pertsonak ditu erdigunean. Izan ere, esan dugun bezala, pertsonek eta beraien arteko erlazioek osatzen dute edozein erakunderen kultura. Eta Peter Druckerrek zioen bezala, “kulturak estrategia jaten du gosaritarako”. Beraz, ez badugu kultura egoki bat lantzen, pertsonak erdigunean jarriz, etorkizun beltza izango dugu.

Euskal enpresek eta, bereziki, gipuzkoarrek, aintzat hartzen dituzte enpresa-kultura berri horren printzipioak? 

Gipuzkoa izan da aintzindari. 2014tik aurrera ari gara enpresa-kultura berria sustatzen eta aurrerapausoak ematen ari dira. Fabrika, zentzu horretan, azeleratzaile bat izango da. Baina ez enpresetan bakarrik, administrazioan, hezkuntzan, kirolean eta beste zenbait esparrutan ere eragingo du. Hasiak gara askorekin hitz egiten eta batzuekin dagoeneko lanean. Ez Gipuzkoan bakarrik, baita EAE eta Espainia mailan ere. Nazioartean ez dago horrelakorik. Pausoka joango gara baino oso baikorrak gara; horrelako proiektu baten behar handia dago, datorkigun mundu konplexuari aurre egiteko.

Nola ezarri kultura hori erakundeetan? Nondik has gaitezke?

Lehendabizi aldatu beharraren kontzientzia hartu behar da eta hori, derrigorrez, erakundeetako zuzendaritzaren ardura da. Zuzendaritza ez badago prest, jai daukagu.

 

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide