Lazarraga Sarien zazpigarren edizioak esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzen duten enpresak sarituko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2022ko ira. 22a, 14:18

Bai Euskarari Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak Arabako eta Trebiñuko Konderriko eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko lana saritzea helburu duen Lazarraga Sarien zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur.

Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek balioa eman diote erakunde askok euskara egunerokoan txertatzeko egiten duten lanari, eta, gainera, sail ezberdinen bitartez tresna transbertsal eta sozializatzaile bihurtzeko egiten duten esfortzuari. Ahalegin hori aitortu eta saritzeko, bost sari emango zaizkie Arabako Lurralde Historikoko erakunde edo pertsona fisikoei, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik eta ekimenengatik.

Aintzatespen hauek Lanabes-Araban Euskara Lanean ekimenaren parte dira, Arabako enpresa munduan euskararen erabilera zabaldu nahi duen ekimenarenak, alegia.

“Erakunde gisa, Arabako erakunde eta enpresak sustatu, lagundu, aholkatu eta saritzea bilatzen duten ekimen eta proiektuak bultzatzen eta babesten inplikatuta gaude, gero eta gehiago baitira, negozioak dituzten pertsonei zerbitzu hobeak eskaintzeko euskara egunerokoan sartzea ezinbestekoa ikusten dutenak” adierazi du Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek. Zuzendariak gainera. Arabako Foru Aldundiak euskara sustatzea zeharkako estrategia nagusietako bat izaten jarraituko duela gogorarazi du.

“Foru Aldundiak lan munduan euskara txertatzeko lanean jarraituko du, SEA eta Vital Fundazioaren lankidetzarekin. Bestalde, kirol arloan euskara sustatzeko proiektu txikiak eskaintzen hasi gara. Era berean, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Araban orain arte landu ez diren esparruetan eragitea, hau da, IKTen munduan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, euskara sartzea”, gaineratu du Ugartek.

Rober Gutierrezek azpimarratu duenez, Bai Euskarari Elkarteak, Lazarraga Sariak proiektuarekin, “Arabak gizarte aurreratua, modernoa eta euskaraz bizi eta lan egingo duena izatea” lortu nahi du. "Lanean jarraituko dugu errealitate bat izan dadin", amaitu du.

Sariak azaroaren 24an banatuko dira Gasteizko Artium Museoan, eta mundu sozioekonomikoan egiten den lan hori lehenestea eta, batez ere, aitortzea dute helburu.

Hautagaiak aurkezteko epea zabalik

Azaroaren 24an izango da sari banaketa Gasteizko Artium museoan. Baina aurretik saridunak aukeratu behar ditugu eta zuen laguntza behar dugu horretarako.

Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko lan egin duen enpresa eredugarriren bat ezagutzen duzu?

EGIN ZURE PROPOSAMENA

Urriaren 24ra arte izango duzu horretarako tartea.

Oinarriak eta informazio gehiago hemen: https://baieuskarari.eus/eu/proiektuak/lazarraga-sariak

 

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide