"Gazte askok euskaraz bizi daitekeelako froga positiboa jasotzen dute"

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2022ko uzt. 12a, 10:51

EuskarAbentura uztaila osoan zehar Euskal Herria oinez zeharkatzen duen espedizioa da. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urteko gazte euskaldunek parte hartzen dute bertan eta EuskarAbentura Elkartea da sustatzailea. Bai Euskarari Saria jaso du aurten elkarteak.

Bai Euskarari Saria jasoko duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?

Bai Euskarari Saria jasotzeak sekulako ilusioa egin digu eta oso eskertuta gaude. Errekonozimendu honek guretzako esanahi handia dauka eta harro sentiarazteko arrazoia ere bada. Nazio mailako sari bat jasotzen dugun lehen aldia da eta hizkuntzarekiko ekarpena kontuan hartzen duten sariak hain urriak izanik, egindako lan handiaren ordainsaritzat jaso dugu. Gainera, aurreko edizioetako saridun gehienak gure erreferenteak izan dira, eta ohore handia da EuskarAbentura elkartearen izena erreferente horien ondoan ikustea.

Nola sortu zen EuskarAbentura? Zein helbururekin?

EuskarAbentura elkartearen hasiera 2015ean Boiseko Jaialdian finkatu ohi dugu. Kasualitatez, herrialde desberdinetako gazte batzuk elkartu ginen eta euskararen erabilera eskasarekin kezkatuta, Ruta Quetzal euskalduna sortzea bururatu zitzaigun. Hasieran ideia zoro bat zena, errealitate bihurtu genuen. 

Elkarteak lau helburu nagusi bilatzen ditu: gazteen artean euskararen erabilera sustatzea; gazte euskaldunen sare berri bat sortzea; Euskal Herriko ezagutzan sakontzea (geografikoa, historikoa, kulturala, naturala…); eta balio positiboak transmititzea (parekidetasuna, bizikidetza, bizi-ohitura osasuntsuak, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarria). 

Elkarteko kide gara hasieratik: Beñat Garaio, Iñaki Goikoetxea, Iker Goñi, Irati Labaien, Josu Lopez de Aretxaga, Areta Lorea, Ane Pedruzo eta Imanol Zabaleta. Eta elkartekideez gain, langileak ere baditu EuskarAbenturak: Ane de la Presa (koordinatzailea), Irune de la Maza (koordinatzailea), Igone Mariezkurrena (Komunikazio arduraduna) eta Izaro Arruti (Hizkuntza ikerlaria). Guztiok egindako lanaren fruitua da gaur egungo EuskarAbentura.

Gazte ugarik parte hartu dute egin dituzuen hiru espedizioetan. Zein balorazio egiten duzue orain arteko espedizioen inguruan?

Gure balorazioa oso ona da, hasieran zalantza batzuk izan genituen, ea ErdarAbentura ez ote zen izango, edo gazte kopuru handiegia ez ote genuen eramango… Baina zorionez antolaketa egokiarekin asmatu genuen eta gazteek euskararekiko konpromezua erakutsi zuten.

Dena den, gure ikuspuntutik haratago, gazteei egiten dizkiegun inkestetan emaitza ezin hobeak jaso ohi ditugu eta guraso gehienek ere (150 euroko bermea) elkartean dohaintza uztea erabakitzen dute, konforme geratu direnaren seinale. Eta babesleei dagokienez, proiektua urtero laguntzeko asmoarekin jarraitzeak bide onetik goazela adierazten digu.

Zer ematen die gazteei EuskarAbenturak?

Uztailaren 1ean gurasoek agurtzen duten gaztea eta uztailaren 31n etxera itzultzen dena desberdina dela baieztatu dezakegu. Gehienentzat etxetik kanpo hainbeste denbora egongo den lehen aldia izan ohi delako eta egoera berri hori euskaraz bizi izango duelako. Gure herriaren ezagutzan sakontzeaz gain, bestelako ikasketa batzuk ere jasotzen dituzte eta horietako asko balio positiboekin harremanduak daude. Gazte horiek sare euskaldun batekin itzultzen dira etxera, eta askok euskaraz bizi daitekeelako froga positiboa jasotzen dute.

"Parte-hartzaileak berriro elkartzen direnean gehienek euskaraz egiteko ohitura mantentzen dutela ikustea guretzako sekulako garaipena da"

Euskal Herri osoko gazteak biltzen ditu espedizioak. Behin Euskarabentura bukatuta kontaktua mantentzen dute? Zer-nolako sarea sortzen da gazteen artean?

Espedizioa bukatutakoan, gehienek udako jaiak baliatuta, abuztuan eta irailean zehar elkar ikusten jarraitzen dute. Sare sozialetan ikusten dugunaren arabera, askok oraindik ere harremanetan jarraitzen dute.

Elkarteak ere noizean behin, topaketa ‘ofizialagoak’ antolatu izan ditu, Korrikarekin bat eginez, Euskal Selekzioaren partidetan edo-eta edizio berrien aurkezpen ekitaldietan.

Baina gehien pozten gaituena, berriro elkartzen direnean, gehienek euskaraz egiteko ohitura mantentzen dutela da eta guretzako sekulako garaipena da. 

Euskal Herri osoa zeharkatzen duzue. Zein harrera egiten dizuete joaten zareten lekuetan?

Orokorrean herri gehienetan harrera ezin hobea izaten dugu, jarrera ona eta beso zabalik hartzen gaituzte. Inoiz, herriren batekin salbuespenen bat izan bada ere, ez dugu inongo herririk seinalatuko (Kar-kar). Bide batez, urte hauetan hartu gaituzten herri guztiei, eskainitako prestutasuna eskertzeko aprobetxatu nahi dut.

Euskal Herrian euskaraz bizi daitekeela erakusteko modu bat ere bada?

Bai noski, zalantzarik gabe, lurralde euskaldunetan eta ez hain euskaldunetan euskaraz bizi garela erakusten dugu. Ez gaude ziur, baina seguruenik, hilabeteko iraupenarekin eta hain jendetsua den espedizio euskaldunik ez da aurretik inoiz egon.

2022ko espedizioa antolatzen ari zarete. Zein berezitasun izango du aurtengoak?

Aurtengo edizioak hiru berezitasun ditu. Lehenik, jatorrizko formatua berreskuratuko dugu, izan ere, azken bi urteetan pandemia madarikatuaren ondorioz ezin izan dugu hilabete osoko espedizioa gauzatu. Bigarrenik, inoiz baino gazte gehiagok parte hartuko dute, guztira 128k. Eta, azkenik, ibilbidearen zati bat aldatuko dugu eta uztailaren 19an, gure arbasoek duela 500 urte bezalaxe, Amaiurren lo egingo dugu. Efemeride historiko garrantzitsua iruditzen zaigu eta hura omentzeko asmoa daukagu.

Parte-hartzaileek proiektu bat aurkeztu behar dute izena ematerakoan. Zergatik aukeratu duzue modu hori? 

Parte hartu nahi duten gazteentzat proiektu bat aurkeztea ezinbesteko baldintza da. Irizpide hau Ruta Quetzaletik hartu genuen eta gure kasuan hizkuntza ohituretan eragin ahal izateko banakako izen-ematea estrategikoa egiten zaigu. Urtero hiru gai desberdin finkatzen ditugu eta formatua disziplina hauetakoa izan daiteke: historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa edo-eta sormen digitalekoa. Horrela, gazte bakoitzak daukan gaitasunaren araberako proiektua aurkeztu dezake. Proiektu horiek guztiak ebaluatzeko Eusko Ikaskuntzaren eta PuntuEUS Fundazioaren laguntza izateaz oso eskertuta gaude.

Euskara eskola esparruarekin lotzen dute gazte askok. Euskarak iraungo badu aisialdian ere euskaraz aukerak sortu beharko ditugu. Nola ikusten ditugu gazte euskaldunendako aisialdi aukerak?

Azken aldian, euskalgintzatik eta instituzioetatik euskararen erabilera areagotzeko aisialdian eragitea ezinbestekotzat jotzen hasi dira. Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren azken estrategia kirolari zuzendua dago: futbola, errugbia eta saskibaloia.

EuskarAbentura elkartea ere hausnarketa berdintsuaren ondorioz jaio zen eta duela hilabete batzuk Topagunearen laguntzarekin eta aisialdiko zenbait elkarterekin batera Kukulaisi federazioa sortu genuen. Federazio berri hau, hain zuzen ere, aisialdiko elkarteak antolatuagoak, koordinatuagoak eta indartsuagoak izateko helburuarekin sortu da.

"Azken aldian, euskalgintzatik eta instituzioetatik euskararen erabilera areagotzeko aisialdian eragitea ezinbestekotzat jotzen hasi dira"

Bai Euskarari Ziurtagiria duzue. Zertan laguntzen dizue ziurtagiriak?

Gure jarduera guztia euskaraz gauzatzen badugu ere, zenbait alorretan euskaraz aritu gintezkeela ohartzeko balio izan digu; gure ordenagailuetako softwarean euskarazko bertsioak aukeratzen, adibidez. Ondorioz, ohartu gabe egiten genituen joera batzuk zuzentzeko balio izan digu.

Zein arrazoi emango zenukete Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko?

Ziurtagiria lortzeko lehen urratsa entitatearen hizkuntza ebaluazioa egitea da eta horri esker helburuak eta hobetu beharreko parametroak zehazten dira. Egoera hobetzeko, zer hobetu behar den jakitea ezinbestekoa da eta bide horretan oso lagungarria da.

Horretaz gain, entitateen baitan euskararen erabileran eragiteko oso tresna eraginkorra iruditzen zait, eta bertako langile askok eskertuko dutena. Enpresentzat ere baliagarria dela iruditzen zait. Izan ere, euskara baloratzen duten bezeroek euskararen alde egindako ahalegina oso positiboki baloratuko dutelako eta enpresa horretara itzultzeko aukerak areagotuko dituelako.


#BaiEuskarariSariak2022 ekitaldian egindako elkarrizketa:

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide