Caroline Phillips: "Egiazko plazera da egiten ari garena, eraikitzen ari baikara gure Iparraldea"

Amerikarra da sortzez Caroline Phillips, Kaliforniakoa, baina duela 23 urte iritsi zen Euskal Herrira, eta euskara ikasi zuen segidan. Phillips Internet Consulting enpresaren arduraduna da, informatikan eta komunikazioan aritua. Garapen Kontseiluko lehendakari izendatu zuten otsailaren 23an, erakunde horretako idazkari eta lehendakariorde izan ondotik.

Amerikar bat, Euskal Herrira etorri eta euskara ikastea ez da ohikoa. Nolatan euskara ikasteko gogo hori? Zergatik?

Gogoan dut, nola nengoen afari batean amerikar euskaldun batzuekin eta erran nien beharbada espainiarra ikasiko nuela; bizkarra eman zidaten. Nire senarra ere bertan zen, Michel Ducau, eta galdetu nion zergatik eman zidaten bizkarra. Orduan kontatu zidan Euskal Herriari eta euskarari buruzko guztia. Micheli galdetu nion ea zergatik ez zidan ezer erran... Afari hori izan eta segituan hasi nintzen euskara ikasten Baionako gau eskolan.

Hemen egon arren ez nekien ezer Euskal Herriari eta euskarari buruz, eta hori arazo bat da. Badago jendea hemen bizi dena euskararekin eta euskaldunekin kontakturik izan gabe.

Zer leku du zehazki euskarak zure egunerokoan?

Euskaraz kantatzen dut eta orain ari gara seigarren diskoa prestatzen eta egunero ari naiz euskal hitzak ikasten. Senarrak ere alabarekin euskaraz egiten du beti. Baditut adiskideak eta bezeroak ere euskaldunak direnak, eta hemen Garapen Kontseiluan badugu zerbait egunero euskaraz: hitzarmen bat, bilkura bat… egunero erabiltzen dut euskara.

"Ongi hartu dut izendapena, gainera lehen aldiz emazte bat da lehendakari. Sinbolikoki inportantea da."

Jakin badakigu, komunikazio enpresa baten buru zarela. Nola erabiltzen duzu euskara zure lan esparruan? Zer ikuspegi duzu euskararen erabileraz alor sozio-ekonomikoan?

Zoritxarrez, ez dugu aski erabiltzen lanean. Baditut bezero batzuk euskaldunak eta haiekin euskaraz hitz egiten dut eta hori garrantzitsua da, baina egunero ez hainbeste. Beharbada, laneko nire euskal nortasuna aurkitzera etorri naiz Garapen Kontseilura, nire lanean ez baitut hainbesteko aukerarik.

Hausnarketaren bat egin duzue enpresan euskararen erabilpenaz?

Dagoeneko ari gara berriz webgunea egiten enpresa aurkezteko eta egingo dugu atal bat euskaraz, hori oso argi dut.

Bestalde, artista bezala, Bidaia taldearen webgunea dugu euskaraz, frantsesez, ingelesez eta espainolez. Eta gainera kontzertuak egiten ditugunean beti euskaraz ari gara.

Joan den otsail hondarrean, Garapen Kontseiluko lehendakari berria izendatua izan zinen. Nola bizi izan duzu izendapen hori eta zein erronka dituzu ondoko urteetarako Garapen Kontseiluan?

Ongi hartu dut izendapena, gainera lehen aldiz emazte bat da lehendakari. Sinbolikoki inportantea da. Hilabete batzuk behar nituen ikasteko, baina orain oso interesgarria da lana. Egunero etortzen naiz Garapen Kontseilura eta egiazko plazera da egiten ari garena, eraikitzen ari baikara gure Iparraldea. Denbora gehiago pasatu nahiko nuke, baina badut beste lan bat, artista naiz…

Iparralde mailako Heri Elkargoa bakarraren aldeko sustapen kanpaina martxan jarri dugu. Ondare naturala sustatu nahi dugu, kultura arloa.... Herri Elkargo bakarrarekin edo gabe, gizarte zibila etorkizunari buruzko hausnarketan aktore izan behar du.

"Gaur egun 10 Herri Elkargo ditugu Ipar Euskal Herrian eta bakoitzak bere interesa ikusten du."

Ipar Euskal Herria bidegurutze handi batean da une honetan. Izan ere, ondoko martxoan, hautetsiek Herri Elkargo bakarraren alde edo kontra bozkatu beharko dute. Garapen Kontseiluko lehendakari gisa, zer beharko luke Ipar Euskal Herriak beren hizkuntza politika propioa obratu al izateko?

Herri Elkargorik gabe, beti Departamentuarekin lan egin behar dugu eta zaila da Iparralde mailako kontratuak lortzea. Badugu hemen gauza asko lantzeko, baina ezin ditugu landu, ez baitugu horiek lantzeko eskumenik.

Kulturaren aldetik, adibidez, ez dago musika eskoletan euskal musika emateko modurik. Badaude euskal musika lantzen duten elkarteak, baina ez dute horrenbeste dirurik. Kontserbatorioan ere badute programa bat, baina txikia da. Etorkizunean euskal musika mantendu nahi badugu, behar ditugu produzitu gure musikari txikiak.

Garraioaren inguruan ere ari gara lanean. Izan ere, oso zaila da gaur egungo antolaketarekin jendeak autobusak erabiltzea. Garraioa hobetu beharra dago.

Gaur egun 10 Herri Elkargo ditugu Ipar Euskal Herrian eta bakoitzak bere interesa ikusten du. Herri Elkargoei oso garesti ateratzen zaie, garraioen inguruko lanketa egitea adibidez, eta ondorioz, ez dute egiten.. Garapen Kontseiluan eta Hautetsien Kontseiluan ez dugu egiazko konpetentziarik; ezin ditugu kontratuak egin. Beraz, badugu dena egiteko.

Behin eta berriz galdetu dugu euskara sustengatzeko eta ondorioz, aitzinkontua handitzeko. Estatuak dio, bere aldetik aitzinkontua igoko duela, baina herriek eta hiriek ere, haien aldetik igo behar dutela. Gure hizkuntza sustengatu nahi badugu, guk sustengatu behar dugu.

Mugaz gaindiko proiektuak garatzen ari dira Hegoaldeko eta Iparraldeko elkarte zein enpresak. Ze aukera daude lankidetzarako?

Ideia ona da. Jadanik baditugu Hegoaldean bizi diren eta hemen lan egiten duten langileak, eta hemen bizi eta hegoalderat doazenak egunero. Bada, adibidez, estatu bat Frantzia eta Suitza artean eta horrelako zerbait landu daiteke hemen ere.

Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza komuna euskara izanik, ‘balizko’ garrantzia du euskararen sustapenak enpresa arloko lankidetzarako?

Bai, baina zoritxarrez ikusten dut hemen zer pasatzen den. Esaten dugu “egunon, zer moduz?”, baina gero lanerako erdara dugu. Gure buruetan behar dugu aldaketa, sinistu behar dugu posible dela euskaraz aritzea eta gero horri segitu.

Garapen Kontseiluan, adibidez, badugu itzultzaile bat bilkura guztietan, beraz nahi duenak hitz egin dezake euskaraz.

"Behin eta berriz galdetu dugu euskara sustengatzeko eta ondorioz, aitzinkontua handitzeko."

Enpresarean proiektuak euskaraz lan egin nahi duten enpresen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi ditu. Zein aukera ikusten dituzu horrelako proiektu bat Ipar Euskal Herrian sustatzeko?

Oso ekimen ona da. Oso garrantzitsua da euskara erabiltzea leku publikoetan zein pribatuetan. Behar dugu erabili; ez badugu erabiltzen hilko baita. Hemen badaude enpresak euskaraz lan egiteko gogoz. Baina, adibidez, nire sektorean, zaila da euskara menperatzen duen jendea aurkitzea lanerako.

Hegoaldean badago plan estrategiko bat euskara bultzatzeko, ez dakitenek ikasteko, erabiltzeko… hemen, gure Herri Elkargorik gabe, ez dakit zein izango den euskararen etorkizuna. Jadanik frantsesa hizkuntza gutxitua da mundu mailan; % 0,05 dira frantses-hiztunak munduan. Ingelesak boterea hartu du eta horregatik behar dugu Euskal Herrian zentzu bat aurkitu euskara mantentzeko eta garatzeko. Hizkuntza bat ez bada garatzen, hiltzen da.

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide