Hitzargiak: Europako hizkuntzak biziberritzeko kasu eredugarriak biltzeko proiektua

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta euskararen aldeko eragile garrantzitsuenek bat egin dute, Europako hizkuntzen aldeko sare nagusiekin batera, Hitzargiak proiektu europarrean. Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak martxan jarritako ekimen honek, Europan hizkuntzak biziberritzeko jardunbide egokiak identifikatu eta Europako hizkuntza-komunitateei elkar elikatzeko aukera emango die.

Atzo, asteartea, aurkeztu zen Hitzargiak proiektuaren Batzorde Zientifikoa Donostiako Parke Teknologikoan. Europako hizkuntza gutxituetan adituak diren bederatzi kidek osatzen dute, eta haien funtzioa izango da egitasmoaren ikerketa-unibertsoa zehaztuz, kasuak eredugarritzat jotzeko bete beharko dituzten ezaugarri eta irizpideak definitzea.

Partzuergoa

Azaroaren bukaeran izan zen proiektuari babesa eman eta haren zuzentasuna bermatzen duen Partzuergoaren aurkezpena eta lehenengo lansaioa. Hizkuntza Politikan ardura nagusia duen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Gipuzkoako Foru aldundiak, Donostiako udalak, euskararen eragile garrantzitsuenek, UPV/EHU, MHOK Unesco Katedra, Mondragon Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Topagunea, AEK, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea, Kontseilua, Deustuko Unibertsitatea, Hekimen eta Europako hizkuntzen aldeko sare nagusiek, Mercator eta NPLD, eratzen dute Partzuergoa.

Praktika eraginkorrak jaso eta jakitera eman

Europako ezaugarri azpimarragarrienetako bat hizkuntza-aniztasuna den arren, estatuek, beren egituratze-ibilbidean, aniztasun horren parte diren hainbat hizkuntza ahultzea ekarri duen hizkuntza-politikak jarri dituzte martxan. XX. mendean are indartsuago gertatu dira ahultze eta gutxiespen horiek, industrializazioaren eta urbanizazio azkarraren eraginez, eta, ondoren, globalizazioaren ondorioz.

Ahultze-prozesuekin batera, ordea, Europako hizkuntza-komunitate ugarik beren hizkuntza biziberritzeko prozesu eraginkorrak abian jartzen jakin dute. Prozesu, egitasmo, praktika eraginkor horiek jasotzea, eta gainerako hizkuntzei jakitera ematea da Hitzargiak proiektuaren helburua, horrek izan dezakeen emaitza biderkatzailea bultzatzeko. Esperientziak partekatzea, besteengandik ikastea, elkar elikatzea eta laguntzeak nazioarteko mugimendua sendotu dezake.

Topaketa ekainean

Hizkuntzak eta hizkuntza-komunitateak elkarrekin harremanetan jartzeko helburuarekin lotuta, proiektuaren une garrantzitsuenetako bat izango da ekainean egingo den Topaketa. Proiektuan ehundutako sare osoa Donostian bilduko da, eta, bertan, denen esperientzia erakutsi, entzun, ikasi eta partekatzeko parada izango da.

Hemen duzue Hitzargiak proiektuaren inguruko informazio gehiago.

 

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide