www.kaixomaitia.eus euskara eta harremanek topa egiten dutenean… “Saltsa badago!”

Kaixomaitiak, inoiz baino berrikuntza gehiagorekin, euskaldunon harremanen aro berri bat dastatzera gonbidatzen gaitu

Berritze lan intentsibo baten ondoren, Kaixomaitiak, euskaldunon harremanetarako guneak, aro berri bati emango dio hasiera gaurtik, abenduaren 18tik, hasita, “Saltsa badago!” lelopean. Hiru oinarriek eutsiko dute proiektu berria: Kaixomaitia.eus, harremanetarako webgune eraberritua; Kaixomaitia Ekintzak, pantailaren beste aldean jendea ezagutu eta elkarrekin gozatzeko jardunaldiak; eta Kaixomaitia Blog-a, kolaboratzaile sare batekin harremanei buruzko hausnarketa egin eta iritziak partekatuko dituenak.

Agur maitia .com, kaixomaitia.eus

www.kaixomaitia.eus/

Kaixomaitia.com 2007.urtean jaiotako euskaldunon euskarazko harremanetarako lehen ataria da, Iñigo Arandiak sortua eta, egun, bakarra izaten jarraitzen du. Denboran zehar, akats eta abilezien ondorioz ikasiak, zerbitzuak moldatuz joan dira: 2009.urtean aldaketa nabari bat jasan zuen Kaixomaitia.com-ek eta gaur, inflexio puntua iritsi zaio, euskaldunon harremanetarako gunearen ibilbidea markatuko duena.

Webguneak eta proiektuak, orohar, izaera berdifinitu eta diseinu identifikagarri batekin egingo du aurrera. Bizipoxa, ausardia, aukera, ahalduntzea, aldarrikapena, askatasuna eta gozamenaren alde agertuko da Kaixomaitia gunea eta jarrera horretan oinarriturik eraiki dute online ataria.

Gainera, kalitatea, segurtasuna eta profesionaltasuna bermatuko da, webgunearen eredu / zentzu sutsuari jarraituz: kalitatezko soslaiak osatuko dituzten erabiltzaile aktiboak izango dira protagonistak, kalitatea eta emaitzak jasotzearen truke zerbait ordainduko dutenak, gutxi bada ere.

Azken ideia horri eutsita, harpidetza salneurriak soslaiaren argazkiaren eta iraupenaren arabera ezarriko dira. Horretaz gain, erabiltzaile guztiek lehen hilabetea dohainik probatzeko aukera izango dute hasiera batean (soslaieko argazkia irekia jartzearen baldintzapean) eta epea pasa ondoren, bakoitzak, erabakiko du webgunean harpidetza egiteagatik hautatu edo ez. Honela, kaixomaitia.eus-ek ordaineko harpidetza eskatuko du behin harpidedunak dohainik zerbitzua ongi ezagutu duenean.

Zerbitzu eta funtzionalitate berriei dagokienez, hauek dira azpimagarrienak: bilaketa aurreratuak, bat-bateko mezularitza sistema, ordainketa egiteko baliabide ezberdinak (mikrordainketak eta txartel bidezkoa), soslaiaren pribatutasuna egokitzeko aukera (profilaren ikusgarritasuna, borondatez erakutsi ahal izango den argazki pribatua...) eta Zirri-Mirri (bateragarritasuna bilatzen duen argazki karrusel jolasa).

Pantailaren mugak gaindituz, Kaixomaitia kalera

www.kaixomaitia.eus/eu/ekintzak/

Kaixomaitiak webgunetik eta pantailatik kanpoko zerbitzu berriak martxan jarriko ditu, Kaixomaitia Ekintzak izenpean. Horietan, harremanetarako webgunean harpidetza ez duten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, teknologien lagun ez direnei ere harremanetarako eta ondo pasatzeko aukera zabaltzeko asmoz, guztiok Kaixomaitian gure lekua aurkitu dezagun.

Ideia asko dituzte jada jendea giro paregabean biltzeko eta beste elkarte batzuekin elkarlanak adosten dabiltza zerbitzu berezi eta osoak eskaintzeko. Besteen artean, sukaldaritza ikastaroak, harremanei buruzko hitzaldiak, kirol ekintzak, ibilaldiak, jarduera kulturalak, speed dating-ak... antolatuko dira, urtarriletik aurrera; hitz bitan, agenda alaitzeko plan oso tentagarriak.

Kaixomaitiaren hizki saltsa, blog-a

blog.kaixomaitia.eus/

Euskaldunon harremanetarako gunearen izaera eta hausnarketak partekatzeko asmoz, komunitatea sustatuko duen bloga zabalduko dute. Horretan, astero, kaixomaitiak bere ekarpenak egingo ditu proiektuaren berri emateko eta, horrekin batera, kolaboratzaile eta jarraitzaileek ere euren zeresana izango dute. Kaixomaitiren lagun horiek kazetari, iritzi emaile, itzultzaile, eta generoan espezializatutako profilak izango dituzte eta astero partekatuko dituzte fikziozko istorio, berri, iritzi, erreportai, e.a. “Kaixomaitian Saltsa badago!” baieztapena egiaztatuko da blogean ere, sustatuko diren eduki aktibo, dinamiko eta interaktiboei esker, euskaldun orori gizartearen harremanei buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko gaituenak.

Euskal Herritarren harreman afektibo eta sexualen inkesta anonimoa

Zoriontsuak al gara ditugun harreman sexual / afektiboei dagokienez? Erlazio irekiak izateko desira dugu? Sexualki aktiboak gara? Zenbateraino eta zergatik gara leialak? Eragina al dute genero, adin edota ideologia bezalako aldagaiek harreman zoriontsuak izateko orduan?

Egun, oraindik, tabu eta erronka anitz estaliak daudela sinetsita, euskal herritarren sexu eta harremanei buruz jakin eta argitara eman nahi dute Kaixomaitiatik. Hori dela eta, internet bidezko inkesta anonimo bat zabalduko kaixomaitia.eus-en eta honen sare sozialen bidez. Aztiker Ikergunearen aholkularitzarekin osatu da eta hiru hizkuntzetan (euskara, gaztelera eta frantsesa) egongo da eskuragarri Kaixomaitiaren inkesta hurrengo astetik aurrera otsaila bitarte. Helburua da denbora horretan erantzun kopuru altua izatea (1.500-2.000), balio zientifikoa emango diona eta errealitatearen interpretazio sakon eta zintzoa egiteko aukera emango duena. Azterketaren emaitzak otsaila erdialdera zabalduko dira.

 

Harremanetarako idatzi:

harremana@kaixomaitia.eus helbidera

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide