alea.eus

Gasteizko geografiaren eragina mugikortasunean (III): aparkalekuen eta ibilgailu kopuruen analisia

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2017-04-17 09:00   Ingurumena

 Aparkatzeko toki gutxiagoren premia dago hiriaren erdialdean.

Gasteizko geografiaren eragina mugikortasunean (III): aparkalekuen eta ibilgailu kopuruen analisia
Gasteizek azken urteetan izan duen motorizazio-tasa nola aldatu den erakusten duen grafikoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko kapituluan Gasteizen herritarrak nola mugitzen diren aztertu ondoren, azken honetan mugikortasunari lotutako esparru espezifikoago bat landuko dut: autoentzako aparkalekuena.

Gasteizko motorizazio-tasa jaitsi egin da azken urteetan

Goiko grafikoak erakusten du Gasteizek azken urteetan izan duen motorizazio-tasa nola aldatu den. Motorizazio-tasak adierazten du mila biztanleko zenbat automobil dauden matrikulatuta hirian.

Gasteizko Udalaren webgunetik ateratako datu horietan, ikusten da 2010. urtera arte motorizazio-tasa igo egin zela eta urte horretan ia auto bat zegoela bi biztanleko. Handik aurrera jaisten hasi zen, seguru asko krisi ekonomikoaren eta horrek eragin zuen langabezia handiagoaren eraginez, langabe askok ez baitzuten automobil baten jabe izateko beharrik.

Haatik, horrek ez du esan nahi kopuru absolutuetan automobil gutxiago dagoenik. Populazioa handitu denez, autoak ere guztira gehiago dira. Hala ere, hiriko auzo bakoitzean eboluzioa desberdina izan da, eta eboluzio horretan garrantzi gehien izan duen faktorea ez da izan aberastasunaren banaketa (horrek ere eragina baduen arren), baizik eta auzo bakoitzeko biztanle-piramidea.

Motorizazio-tasan eragin handiagoa du biztanle-piramideak, aberastasunak baino

 

 

 

Goiko mapan ikus daitekeenez, Gasteizko motorizazio-tasarik txikiena Salburua eta Zabalganeko auzo berrietan dago: 250 automobil inguru daude 1.000 biztanleko. Lehenago eraikitako auzoetan, esaterako Ibaiondon edo Lakuan, tasa handiagoa da (350 automobil biztanleko), eta auzo zaharretan 450 baino gehiago izatera iristen da. Datu horiek ikusita, badirudi motorizazio-tasan eragin nabarmenena duen faktorea auzo bakoitzeko biztanleriaren adina dela, hau da, adingabeak eta adinekoak proportzio handiagoan dituzten auzoetan auto gutxiago daudela. Salburuan eta Zabalganan, auzo eraiki berriak izanik, oraindik haur eta gazteen ehunekoa beste toki batzuetan baino handiagoa da; tarteko egoeran dago Ibaiondo eta Lakua ingurua, eta argi ikusten da berrikiago populatu den tokietan (ipar-ekialdean) autoen kopurua txikiagoa dela hegoalderako dauden guneetan baino; eta 20-60 urte arteko populazio gehien duten erdialdeko auzoetan auto kopurua handiagoa da. Bestalde, ezin da ukatu aberastasun-mailak ere nolabaiteko eragina duela, Batan inguruetan eta Armentian -alegia, auzorik aberatsenetan- ikusten baita auto gehiago biztanleko.

Aparkatzeko behar den tokia gero eta txikiagoa da erdialdean

 

 

Aurreko mapan irudikatu da 2013a eta 2016a artean zein aldaketa egon den autoa aparkatzeko eskarian. Erdialdeko auzo guztietan nabarmen ikus daiteke matrikulatutako ibilgailuen kopurua jaisten ari dela, eta joera hori argiagoa da Alde Zaharrean, Pilarren eta Koroatzean. Bestalde, auzo berrietan igotzen ari da eskaria, espero den bezala. Lan honen lehen atalean erakutsi zen biztanle-eboluzioak dirudi aldaketa horien eragile nagusia. Alegia, biztanle kopuru esanguratsua auzo zaharretatik berrietara mugitu dela, eta autoak beren etxe berrietan matrikulatu dituztela.

Ondorio argi bat atera daiteke datuotatik: duela zenbait urte egoiliarrentzako autoen aparkalekuak eraikitzeko erdialdeko zenbait auzotan zegoen presio handia gaur egun arindu egin dela. Esaterako, Zabalgunean autorik gehien 2007an zenbatu ziren -6.276 zeuden-, baina 2015ean 5.590 besterik ez zeuden (% 11 gutxiago).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa